Via Catalanaren ekitaldiak amaitu ondoren, ANC, Omnium Cultural eta AMIko ordezkariekin bildu da Artur Mas Kataluniako presidentea. Bileraren amaieran, hiru mezu igorri ditu. Batetik, V-rako mobilizatu den jende kopurua nabarmendu du, baita haien jarrera ere; "baketsua eta positiboa" izan da, haren arabera. Bestetik, beharrezkotzat jo du batasuna, prozesu subiranistarako. Horren alde ahal duen guztia egiteko konpromisoa hartu du, gainera. Azkenik, antolatzaileak zoriondu ditu, lortutako arrakastagatik.
"Ezin da hitz egin nahi duen herri bat isildu; bozkatu nahi duen herri bati ezin zaio bozkatzea galarazi". Gaineratu duenez, "Garaia da Madrilek mahaian negoziatzea onar dezan".
Pozarren mintzatu da Diada amaitu berritan ANCko presidente Carme Forcadell: "Bartzelonako setioaren 300. urteurrena Kataluniako askatasunaren lehenengoa bihurtu dute herritarrek. Gure esku dago azaroaren 9an bozkatzea". Independentziaren aldeko hautua egitea galdegin du Forcadellek, eta Kataluniako presidente Artur Masi ere eskaera argia egin dio: "Presidente jauna, jar itzazu bozkalekuak. Ez gara honaino iritsi atzera egiteko".
ANCko buruak uste du herritarrek bozkalekuak beteko dituztela azaroaren 9an. "Bozkatzeko V bat osatu dugu gaur. Azaroaren 9an, beste V bat osatuko dugu, garaipenarena, bozkatu eta irabazi egingo dugulako. Ziur nago". Forcadelleren arabera, gainera, "argi geratu da" Kataluniako herritarrak gai direla edozein erronkari aurre egiteko.
Ildo beretik, Oriol Junqueras ERCko presidenteak nabarmendu du Kataluniako herritarrek lau haizetara zabaldu dutela beste behin bozkatzeko "nahia". Espainiako Gobernuaren debekuen gainetik, Bartzelonako Diagonala eta Kale Nagusia batu dituen V erraldoia "gehiengo demokratikoaren" erakusle dela ohartarazi du. "Azaroaren 9an kaleak gaur bezala lepo beteta eta 8.000 bozkaleku irekita badaude, ez dago zalantzarik: bozkatu, eta irabaziko dugu". Kale Nagusiko 38. tartean egon da ERCko burua.
Euskal ordezkarien erreakzioak
Udalbiltzako ordezkariek ere parte hartu dute Diadako V erraldoian. Maite Iturrek Kataluniako gizartea zoriondu du parte hartze zabalagatik, baita arratsaldean izandako giroagatik ere. "Gaur Kataluniak berriz aldarrikatu du adin nagusikoa dela, askatasunez erabakitzeko eskubidea duela. Eta erakutsi du, berriz ere, abian den nazioa dela, hemen bizi diren eta lan egiten duten pertsonek proiektu bat dutela euren etorkizunerako. Eta azaroaren 9an bozkatu egin nahi dutela".
LABeko Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren arabera, kaleak bete dira kataluniarrak konturatu direlako "beraien etorkizunaren jabe egiten ari den herri bat direla". "Estatuak noiz errespetatu eta onartuko du hemen ikusten dena ez dela egun bateko kontua".
ELArentzat "mugarri historiko bat" da gaurko eguna. Sindikatuaren iritziz, herri katalana "gizalegea, ausardia eta anbizio politikoaren erakustaldia" ematen ari da, eta uste du Katalunian dagoeneko "arrakasta lortzeko osagai guztiak" bildu dituztela.
Azaroaren 9ko galdeketarekin, aurrera
Goizeko ekitaldi instituzionalean parte hartu du Artur Mas Kataluniako presidenteak, eta bertan berretsi du azaroaren 9an galdeketa egitearen aldeko jarrera: "Lehentasuna da". Kataluniako Gobernuko presidenteak esan du ez duela buruan beste jokalekurik, galdeketa egiteko "dena prest" daukatela erantsiz: “Ezin dugu zabaldu botoa ematearen helburutik aldenduko garela pentsarazteko mezurik”.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak hauteskundeak aurreratzeari buruz esanikoak errefusatu ditu Masek, eta erabakia "irmoa" dela argi utzi; bai ala bai egingo dutela galdeketa, "iritzi ororen zilegitasuna errespetatuta".
Diadaren aurreko orduetan, halaber, Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa mintzatu da, eta "primerako eguna" opa die Kataluniako herritarrei. Hala ere, bi prozesuen artean aldaraketak egitea baztertu du.