”Azken urteotan hemen hartutako hainbat erabaki bertan behera utzi ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak", gogorarazi du Artus Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak, goizeko saioan. "Katalunian posible litzateke garai hauek hainbeste sufrimendu gabe gainditzea. Geure buruaren jabe bagina, gauzak hobeto leudeke", erantsi du, eta agintaldian hiru helburu nagusi dituela zehaztu: "Ekonomia suspertzea eta lanpostuak sortzea; kohesio soziala eta ongizate estatuari eustea; eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Azken hori hertsiki lotuta doa beste biekin”.
Kataluniako herriaren subiranotasunaren eta erabakitzeko eskubidearen aitorpena izenburua duen agiriak bederatzi printzipioren inguruan kokatzen du Kataluniaren burujabetza eskubidea; CiUk eta ERCk hasieran zehaztutakoa baino bi gehiago. Katalunia "subjektu politiko, juridiko eta soziala" dela dio lehenak, eta, horrenbestez, subiranotasuna dagokiola. Erabakitzeko eskubide hori prozesu "zorrozki demokratiko" baten bidez gauzatuko da, gizartearen nahi eta erabakietan oinarrituta. Prozesu "gardena" izango da, gizarte zibilak eta herritar guztiek "zehatz-mehatz" haren berri izan dezaten eta parte har dezaten. Kataluniako "kohesio soziala" ere jasotzen du.
Kataluniatik kanpoko erakundeekin ere elkarrizketak izango direla esaten du aitorpenak: hain justu, "Espainiako Estatuarekin, Europako instituzioekin eta nazioarteko komunitatearekin" negoziatuko dute, baina erreferentzia nagusi gisa Europa hartuta.
Azken bi puntuak dira ICVk gehitu dizkionak. Batetik, autodeterminazio prozesuaren lidergoa Kataluniako Parlamentuak izan behar duela arautzen du. ICVk ez du nahi erabakimena gobernuaren eta ERCren eskuetan kontzentratzerik. Bestetik, bestelako erakundeen parte hartzeari dagokion atal bat gehitu diote: "Parte hartzaile bihurtu behar dira herrigintza eta ahal beste indar politiko, baita eragile ekonomiko, sozial, kultural eta zibikoak ere".
Testuaren arabera, Kataluniako herritarrek "blokeo egoera" hori gainditzeko nahia adierazi dute, besteak beste, 2010eko uztailaren 10eko eta 2012ko Diadako manifestazio historikoetan. Lehenengoan, Nazio bat gara, erabakia gurea da zen lelo nagusia; bigarrenean, berriz, Katalunia, Europako estatu berria. Azaroaren 25eko hauteskundeetako emaitzek eskari hori "berretsi" baino ez dute egin.
Hain zuzen, CiUk 50 legebiltzarkide lortu zituen, ERCk 21, PSCk 20, PPk 19, ICVk 13, Ciutadansek 9 eta CUPek 3. Autodeterminazioaren aldeko indarrak parlamentuaren %64 dira.
2012ko abenduan CiUk eta ERCk akordioa egin zuten, galdeketa 2014an egiteko, eta Artur Mas hautatu zuen legebiltzarrak berriro Generalitateko presidente.