KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Mas: "Ni naiz iazko prozesu parte hartzailearen arduradun bakarra"

Lluis Companys presidentea fusilatu zuteneko 75. urteurrenean, hari lore eskaintza egin eta auzitegira sartu da Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Iazko azaroaren 9ko prozesu parte hartzailea dela-eta inputatu zuten Kataluniako Gobernuko jarduneko presidentea. Herritar ugarik eta 400 alkatek baino gehiagok elkartasuna adierazi diote. 

Samara Velte (Bartzelona)-Ainhoa Oiartzabal
2015eko urriaren 15a
07:19
Entzun

"Ni naiz iazko prozesu parte hartzailearen arduradun bakarra". Epailearen aurrean esanikoa errepikatu du Generalitateko jarduneko presidenteak behin auzitegia atzean utzita eginiko agerraldi publikoan. Eta zehaztu du zeren arduradun den: "Jendeari eta udalen %90ei aditzearen arduraduna".

Haren esanetan, boluntarioek ahalbidetu zuten A-9a. Generalitateak lagundu egin zuela argitu du, informatu eta materiala prestatu, "baina inoiz ez agindurik eman". Halako ekintza batengatik parlamentu baten aurrean agertu behar luketela esan du, "ez epaitegi batean, are gutxiago zigor auzi batean". Demokrata baten moduan jokatzea delitugile baten moduan jokatzea den edo ez datozen hilotan jakingo dela gaineratu du; "haien esku dago". Eta kereila, A9aren arrakastak Espainiako Estatuko instituzioetan eragindako "amorruak" abiatu zuela gogorarazi du.

Ordubetez baino gehiagoz deklaratzen aritu ostean egin ditu hitz horiek Masek, eta jasotako babes mezu eta adierazpen oro eskertu du: "Oso babestuta sentitu naiz".

Generalitateko presidente zenari lore eskaintza egin ostean izan da deklaratzen egungo jarduneko presidente Artur Mas. Parlamentuko presidente Nuria Gispert eta Bartzelonako alkate Ada Colaurekin batera egin diote gorazarre Lluis Companysi, tropa frankistek fusilatu zuten tokian bertan, Montjuiceko gazteluan.

Presidente ohiaren izen bereko kalean, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian, jendetza batu da Artur Masi babesa adieraztera; Mossoen arabera, 2.500 lagun inguru. Kataluniako prozesu subiranistarekin aurrera jarraitzeko oihuak izan dira nagusi, L'Estaca eta Els Segadors kantekin batera.

Kataluniako Generalitateko kontseilari guztiekin batera, Kataluniako Parlamentuko diputatu ugari eta alderdi independentista nagusien ordezkariak ere bertan izan dira; besteak beste, Raul Romeva (Junts pel Si), Oriol Junqueras (ERC) eta Antonio Baños (CUP). Halaber, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartearen ekimenez, 400 alkate inguruk babestu dute Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea auzitegirako bidean. 

Gaurko deklarazio hartzearen inguruan, Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak Onda Vasca irratian adierazi du ez duela "ez hanka ez bururik" presidente bat auzipetzeak "herriaren ahotsa" entzunteagatik. Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruaren ustez "baldar" jokatu dute Masen kontra. Companysen fusilaketa ere ekarri du gogora, eta ondoko galdera egin: "Ez dira konturatzen atzo Companys zela, gaur Mas eta etorkizunean beste norbaitek ordezkatuko duela kataluniarren sentimendu nazionala?". 

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du Masen kontrako auziak agerian zuten duela Espainiak ez duela herritarren borondate "demokratikoa" errespetatzen. 

CUP, jomuga berria

Miquel Bernard Manos Limpiaseko idazkari nagusiak gaur jakinarazi duenez, zabaldu egingo dute Masen kontra jarrita daukaten kereila; "sedizioa proposatzeagatik", hain zuzen. Haren esanetan, Espainiarekin hausteko gonbita garbia egin du Generalitateak aste honetako deklarazio hartzeen ingurumarian egin diren protestei babesa agertuta.

Halaber, aurreratu du tramiteak hasi dituztela CUP legez kanpo uztea eskatzeko, Bernarden arabera "delituak" egin baititu. Jada egin dute eskaera Espainiako Barne Ministerioan eta epaitegi batean. 

Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak ere CUP hartu du hizpide gaur Financial Timesen foroan. Haren esanetan, Kataluniaren egungo "arriskua" da haren gobernua "Syriza eskuinetara uzten duen alderdi baten esku" egotea. 

"A-9a ezin liteke delitutzat jo"

Auzi bera dela eta, Joana Ortega gobernuko presidenteorde ohia eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria asteartean izan ziren deklaratzen. Rigauk lasai zegoela esan zuen Justizia Jauregitik irtetean, berak parlamentuaren agindua baino ez zuelako bete: "A-9a ezin liteke delitutzat jo". Ortegak, berriz, bere gain hartu zuen galdeketaren antolaketa.

Atzo iluntzean, jendetza elkartu zen herriz herri, azaroaren 9ko galdeketaren harira ordezkari politikoak inputatu izana salatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.