Ikusten duzuen hoditxo hau Comodoro Rivadavian 1907ko abenduaren 13an aurkitu zuten hobikoa da. Argentinako lehen petrolioa da». Cristina Fernandezek hori esan bezain laster aztoratu ziren denak Casa Rosadako auditoriumean. Funtzionarioz, militante peronistaz, enpresariz eta kazetariz inguratuta zegoen Argentinako presidentea, YPFn Repsoleko akzioen %51eko desjabetzea iragarri zuenean. Herritar ia gehienentzat subiranotasuna irabazi du Argentinak, petrolioaren ustiaketa kanpokoen eskuetatik etxekoetara ekarrita; iraultzaren ikur ere izan da hainbat peronistarentzat nazionalizazioa. Herenegun gauean, berriz, mundu batek eskertu zion egindakoa, Buenos Airesko Velez Sarsfield estadioan, populismoaren estilo tradizionalenean —ehun mila lagun bildu ziren antolatzaileen arabera—. Horren beharra bazuen Fernandezek, arnasa pixka bat, azkenaldian gauzak ez zaizkio-eta nahi bezala atera.
Herritarren miresmenak hazita, oholtzaren gainean handi, nazioaren bihotzetara jo zuen zuzen-zuzenean. Nestor Kirchner senarra eta presidente izandakoa gogoratu zuenean lehertu zen estadioa, 2003tik Argentinako egoera «errotik aldatu zuena» aipatzean. Egun sinbolikoan egin zuten ekitaldia, Kirchnerrek hauteskundeak irabazi zituela bederatzi urte bete baitziren herenegun. 2010ean hil zen, baina hark utzitako lorratzaz jarduten da ekitaldi publiko guztietan.
«Cristina maitea, hemen dituzu askatasunerako pibe-ak», kantatu zuten La Camporako gazteek, gobernuan den peronismoaren harrobiak. Izan ere, ekitaldia batez ere gazteek antolatuta eta gazteei bideratuta egon zen. 1970eko hamarkadako doinu iraultzailearen bertsioa abestuz gogoz berotu zen estadioa. Kirchnerren aroan biziberritu zuten abestia, eta La Camporak ekitaldi ofizialei kolorea emateko baliatzen du. Hain zuzen, Kirchnerren eta Fernandezen seme Maximok zuzentzen du taldea. «Hunkituta gaude [IPFren] iragarpenarekin, eta une historiko honetan gure babesa erakusteko beharra sentitu dugu», esan zuen Maximo Kirchner Fernandezek ekitaldiaren atarian.
Ostiralekoa handiena izanda ere, agenda publikoa bete-betea izan du Fernandezek bi asteotan.Inoiz ez ditu hainbeste agerraldi publiko egin horren denbora gutxian. Beti nahiago izan du gutxi baina ikusgarri agertu, Eva Peron Evita-k egin ohi zuen bezala, baina azkenaldian kontra jarri zaizkio gertaerak: Boudou-Ciccone eskandaluak —presidenteordearen afera—, Buenos Airesko tren istripuak —50 hil ziren— eta ekonomiaren datu kezkagarriek ez dute leku onean jarri: inoiz baino babes gutxigo daukala ageri da.
YPFren bandera altxatu duenetik, baina, Fernandez maizago atera da Rosadatik; egunero joan da ekitaldiren batera, eta zuzenean eman dituzte diskurtso guztiak, kate ofizialistetan. Fernandezek berreskuratu nahi du hegemonia politikoa, Once estazioan gertatutakoa, prezioen igoera—matearena ere igo zuten— eta Boudouren kasua benetan gaizki hartu baitzituzten herritarrek. YPFren gaineko erabakiari oposizioak ere ezin izan dio kontra egin. Ezinbestean, denek babesten dute neurria. Ez ordea kritikarik gabe, hainbat senatarik gogoratu baitute Kirchner eta Fernandez pribatizazioaren bultzatzaile sutsuenetakoak izan zirela Carlos Menem presidente zenean.
Kirchnerismoa
Baina urrun geratu dira Menemen garaiak. Orain, kirchnerismoaren unerik indartsuenean—Kirchner hil ondoren are indar handiagoa hartu du— oinarria nazionalista da, inperialismoaren kontrako eta iraultzaren aldeko mezu populistez zipriztindutako nazionalismoa. Erreforma politikoak, sozialak eta ekonomikoak egiterakoan, Juan Domingo Peronek joan den mendean erabilitako estilo karismatikoa gogorarazten du, eta hori dena Estatuaren boterearen aldeko apustua egiten duten Latinoamerikako ezkertiarren sintonian. Kontsumitzaileei zerbitzu publikoetarako, elikagaietarako eta energiarako emandako diru-laguntzei, Futbola denontzat planari, edota oinarrizko hezkuntzako ikasleentzat netbookak emateari esker txiroenak bereganatu ditu, eta erabateko kontrola dauka produkzioaren katean eta baita estatistika ofizialetan ere.
Peronismoaren beste modu bat da mugimendu hori askorentzat, baina beste askorentzat peronismoa bera gainditu du. Cristinismoak, peronismo historikoaren aldean, sindikatuen arlo zabala kontra dauka. Kirchnerrek aukeratu zuen CGTko buruzagi Hugo Moyano, besteak beste, Fernandezen kontra jarri da, eta kirchnerismoaren aurretiko aroko peronistarik ez da ia gobernuan. Nekazarien afera bizi berri du, protesta izugarriak, soja ekoizleei besteko zergak jarri nahi izan baitizkie txikiei eta ertainei.
Kritikak
Kritikak pertsonaia ezagunetatik ere etorri zaizkio. Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak, besteak beste, ez du hitz onik izan presidentearentzat. Herritarren giza eskubideak «zapaltzen» ari da, haren ustez: «Giza eskubideak ez dira diktaduraren biktimei dagozkienak bakarrik. Egunean 23 ume hiltzen dira gosez Argentinan, eta indigenei eta nekazariei lurrak kentzen ari zaizkie, politika neoliberala egiteko. Pobrezia eta bazterketa soziala handituz doa», eta horri erremedioa jartzeko modu bakarra «kolpe mediatikoen bidez» egiten duela uste du, Velez Sarsfielden egindakoa horren adibide.
Perez Esquivelen arabera, kirchnerismoak ez du dena gaizki egin. 2001 eta 2002ko krisiari aurre egiteko neurriak hartu zituen, diktadurako hiltzaileak zigorgabe uzten zituen legeak bertan behera utzi ditu, «baina kritikoak izan behar dugu politika mediatikoekin. Herrialdeak sakoneko aldaketak behar ditu».
Masaren babesa eta erakustaldia
Cristina Fernandez Argentinako presidenteari gauzak okertu zaizkio; horri erremedioa jartzeko, YPFren nazionalizazioa erabili, eta ekitaldi populista batean jendetza izugarria bildu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu