Jordi Fabrega. Sant Pere de Torelloko alkatea

«Masek kasurik egin ezean, olatua erakundeen gainetik pasatuko da»

Jon Fernandez.
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Itxaropentsu dago Jordi Fabrega alkatea (Sant Pere de Torello, Katalunia, 1969). Laugarren agintaldia du Sant Pere de Torelloko Udaleko gidari lanetan, eta uste du bere herriaren erabakiakKataluniako independentzia prozesua bizkortzeko balio dezakeela.

Zergatik erabaki duzue herria «lurralde katalan aske» aldarrikatzea?

Funtsean, keinu bat da. Lehendik ere udaletxean ez daukagu ez Espainiako banderarik ez Espainiako erregearen argazkirik. Gainera, herriak 2009an Kataluniako independentziari buruzko erreferendumean erabakitakoarekin bat dator keinua. Duela hiru urteko galdeketan, 16 urtetik gorako herritarren %56k bozkatu zuten, etorkinak barne, eta independentziaren alde egin zuten %96k.

Zergatik erabaki duzue mozioa orain onartzea?

Kataluniako Generalitateari bi hilabete baino lehen independentzia aldarrikatzeko eskatzeko da mozioa. Kataluniaren independentzia prozesua behartu nahi dugu, larrialdi egoera nazional batean gaudelako. Inoiz ez bezalako krisi ekonomikoa sufritzen ari gara. Eta erruaren zati bat Espainiako estatuarena da: Europako Batasuneko estaturik hondatuena da, langabezia tasa handiena duena... Porrot egin du Espainiako estatuak. Kontzientzia nazionalak ez eze, zentzu komunak ere independentziaren aukerara bultzatzen gaitu.

Erabakiak Artur Masen gobernua mugiaraziko duela uste duzu?

Herri bakar batek ez du horrelakorik lortuko, baina domino efektu baten bidez Kataluniako udalerri gehienek gauza bera egiten badute, bai. Independentismoak inoiz baino babes handiagoa du Katalunian. Masek kasurik egiten ez badio, independentismoaren olatua Kataluniako erakundeen eta alderdien gainetik pasatuko da.

Hasia da domino efektua. Ekinbide indibiduala ala koordinatua izan da hasieratik?

Udalerriko erabaki propio bat izan da; ez dugu beste udalekin ezer koordinatu. Joan den ekainetik geunden oso larrituta dugun egoeragatik: Generalitateak Espainiari 5.000 milioiko erreskatea eskatu beharra hark 10.000 milioi zor digunean... Egoera jasanezina da. Eta jakin dugunean PPren gobernua udalerrien eskumenak gutxitzeko lege bat onartzekotan dela, gainez egin dugu, eta pauso hau ematea erabaki dugu.

Hilaren 11ko manifestazioa eta zerga itunaren negoziazioa mugarri bihur daitezke Kataluniako independentismoarentzat?

Erabakigarriak izango dira. Areago, une historiko hau aprobetxatzen ez badugu, nekez lortuko dugu independentziarako aukera hoberik.

Kataluniaren independentzia lor daitekeela uste duzu?

Espainiarrek nahi ez badute ere, lortuko dugulakoan nago, Kataluniaren independentzia katalanen esku baitago, ez espainiarren esku. Guk aukera hori nahi badugu, ausartak bagara eta horren alde lan egiten badugu, inork ez digu kenduko aukera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.