Katalunia

Masen eta beste hainbat politikariren babesean joan da Homs Auzitegi Gorenera

Bi orduz egon da Francesc Homs Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratzen, 2014ko azaroaren 9ko kontsultaren harira bere kontra irekita dagoen ikerketan. Auzitegira ez da bakarrik joan, Arthur Mas, Neus Munte, David Bonvehi eta beste hainbat politikari katalanek lagundu diote.

Homs, gaur, beste hainbat politikarirekin batera Auzitegian sartzen. EMILIO NARANJO / EFE
2016ko irailaren 19a
08:34
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako egindua ez zuela desobeditu esan dio Homsek Andres Palomo epaileari. Gainera, fiskalaren jarrera kritikatu du epailearen aurrean, salatuz, Kataluniako Auzitegiek auzirik ez zegoela ebatzi arren auziarekin aurrera egitearekin tematu zela. Hain justu, ez die erantzun fiskalaren galderei, eta epailearen eta defentsarenei bakarrik erantzun die.

Madrilera joan aurretik, Arenys de Munten ekitaldia egin zuten atzo, aurreneko galdeketa egin zuten herrian, eta bertan izan zen Artur Mas Generalitateko presidente ohia ere. "Katalan guztien izenean" hitz egingo duela iragarri zuen. "Begietara begira esan ahalko diegu guk balore batzuk ordezkatzen ditugula, determinazio bat, aldatu eta erosi ezin daitekeen borondate bat: hautestontzien bidez gure herriaren askatasuna, estatu independente bat lortzeko".

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak egindako eskaerari segika dator gaurko deklarazioa: Francesc Homs Generalitateko presidentetzako kontseilari ohiaren kontrako auzibidea zabaltzeko eskatu zion auzitegi horretako fiskalak Gorenari, 2014ko azaroaren 9ko kontsultaren harira izan zuen parte hartzea ikertzeko.

Artur Mas Generalitateko presidente ohia, eta Irene Rigau eta Joana Ortega kontseilari ohiak ere inputatuta daude auzi berarengatik Kataluniako auzitegian, baina, Homs foruduna denez, Gorena ez den beste auzitegi batek ezin du epaitu. Gainerako auzipetuen ikerketak, berriz, Kataluniako auzitegian jarraituko du. Desobedientzia, prebarikazioa eta funts publikoak bidegabeki erabiltzea leporatzen diete bai Homsi eta bai Mas, Rigau eta Ortegari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.