Libia

Matxinatuak Beni Waliden noiz sartuko zain daude

Al Jazeerari esan diotenez, Gaddafiren aldekoekin hiria borrokarik gabe hartzeko akordio batera iritsi dira. Gaddafiren aldekoek menperatzen duten azken gotorlekuetako bat da hori, Jufra, Sabha eta Surtekin batera. Gaddafi Libian ezkutaturik dagoela esan du bere bozeramaileak

2011ko irailaren 6a
15:42
Entzun

Muammar Gaddafi koronelaren aurkako errebeldeak prest daude Bani Walid hiria hartzeko. Jufra, Sabha eta Surtekin batera, Gaddafiren aldekoen menpe dagoen bakarrenetako bat da Bani Walid, eta matxinatuek goizean Al Jazeera telebista kateari azaldu diotenez, hiria borrokarik gabe hartzeko akordio batera iritsi dira Gaddafiren aldeko jarraitzaileekin.

Bani Walid orain dela bi astetik dute setiatuta matxinatuek, eta zenbait zurrumurruren arabera Bani Walid hirian daude Gaddafi, bere semea eta gertuko arduradun gehiago. Muammar Gaddafiren bozeramaile Musa Ibrahimek esan duenez, koronela Libian dago, "ezkutatuta", eta bere osasun egoera ona da.

"Matxinatuek ezingo dute harrapatu. Al Rai telebistari egin dizkio adierazpenak bozeramaileak, eta bere arabera, gogotsu dago Gaddafi. Horrez gain, Saif al Islam semeak ere Libian jarraitzen duela gaineratu du, eta "batetik bestera" mugitzen dela.

Tripoli hartu zutenetik errebeldeek behin baino gehiagotan esan dute badakitela non dagoen Gaddafi, eta hori harrapatu eta hiltzea denbora kontua dela diote. Azkenekoz irailaren 1ean mintzatu zen Gaddafi publikoki, Tripoli hiriburua galdu ondoren, eta odola isurtzera deitu zituen bere jarraitzaileak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.