BURUNDI

Matxino hutu ohiak dira bozak irabazteko faboritoak

Giro lasaian egin dituzte Legebiltzarrerako hauteskundeak

AGENTZIAK - BUJUMBURA
2005eko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Istilu nabarmenik gabe igaro ziren atzo Burundiko Legebiltzarrerako 101 hautetsiak aukeratzeko bozak. 12 urtez gerra zibila pairatu dute Burundin, eta hauteskunde hauek erabakigarriak dira datorren agorrilaren 19an herrialdeko presidentea izendatzeko. Joan den ekainaren 3an egin zituzten udal hauteskundeetan, Demokraziaren Defentsarako Kontseilu Nazionala (CFDD) hutu indar matxinatu ohia irten zen garaile botoen %57,3 eskuratu zituen, eta atzoko bozetan ere bera zen faborito.

Hutuak Burundiko 7,1 milioi bizilagunetatik %85 dira, eta tutsiak, %14. Iragan otsailean erreferendumez onartu zuten konstituzioaren arabera, Legebiltzarreko hautetsien %60 hutuak izango dira eta %40 tutsiak. Botere banaketa horrekin bat, litekeena da Legebiltzarrak eta Senatuak CNDDko buruzagi Pierre Nkurunziza izendatzea Burundiko Presidentetzarako. Bozetara 3,2 milioi herritar deituta zeuden eta egunaren erditsuan %40 inguru joanak ziren boza ematera. Hauteskunde hauetara 25 alderdi lehiatu dira, hauen artean hutu etniako gerrilla talde ohien adar politikoak. FNL talde armatuak soilik uko egin dio 2001ean abian jarritakobake prozesuan parte hartzeari. Hain zuzen, FLNko gerrillariei zieten egotzi atzo gertatutako iskanbila bakarren erantzukizuna. Bubanzako probintzian, bozkatzeko materiala ostu zuten eta bozketen abian jartzea atzeratu zuten. Igandean, berriz, Cibitoke probintziako 500 bizilagun inguruk etxetik ihes egin zuten, FNLk botoemaileen aurka egindako mehatxuen beldurrez.

Burundik paraitu duen eta 250.000 lagunen heriotza eragin duen gerra zibila 1993an hasi zen, hauteskundeetan aukeratutako Melchior Ndadaye presidente hutua tutsi soldaduek hilda. Tutsiak nagusi ziren Armadaren kontra borrokatu zen hutu gerrilla talde nagusia FDD zen eta armak utzi zituen 2003an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.