NATOren misioa «laster» amaituko da Libian, Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiaren esanetan. Dena den, ez du data zehatzik eman nahi izan. «Behar gaituzten arte han jarraituko dugu, baina minutu bat gehiago ere ez. Mehatxua amaitu dela ikusten dugunean amaitu egingo dugu misioa». Rasmussenen arabera, Muammar Gaddafi harrapatzea ez da izango misioa amaitzeko giltzarria; aitzitik, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak zibilak babesteko gaitasuna duela bermatzen dutenean joko dute misioa bukatutzat. Hala, behin gatazka amaitzen denean, Libiako agintari berriei babesa emango die NATOk, «beti ere haiek eskatuz gero».
Bien bitartean, Gaddafiren kontrolpean jarraitzen duten hiriak eta inguruak bonbardatzen jarraitu du NATOk; Surt eta Sabha inguruak bonbardatu zituen atzo. Rasmussenen arabera, herrialdearen zatirik handiena erreboltarien esku egon arren, Gaddafiren indarrak «herritarrentzat mehatxua» dira oraindik, eta horregatik jarraitzen dute bonbardaketekin.
Martxoan hasi zen NATOren esku hartzea Libian, NBE Nazio Batuen Erakundeak aginduta. Irailaren 27an amaitzen da izatez misioa, baina ikusteko dago epe hori luzatuko duten ala ez. Martxoaz geroztik, 8.100 erasoaldi baino gehiago egin ditu erakundeak; igandetik astelehenera bitartean, berriz, 52. Misioaren «inoiz ez bezalako zehaztasuna» nabarmendu nahi izan du Rasmussenek, eta harro agertu da «40 urte baino gehiagotan eraikitako gerrarako makina» bost hilabetetan menderatu dutelako.
Negoziazioak Bani Ualiden
NATOk eraso egiten jarraitzen duen bitartean, Trantsiziorako Kontseilu Nazionala Gaddafiren jarraitzaileekin negoziatzen saiatzen ari da, errendi daitezen. Larunbata baino lehen amore eman ezean, hiriak indarrez hartuko dituzte erreboltariek; Bani Ualid, Jafra, Sabha eta Surt dira hiri horietako batzuk. Rasmussenen esanetan, ez da kontraesana erregimenaren jomugei eraso egitea, erreboltariak negoziazioak aurrera eramaten saiatzen ari diren bitartean.
Igandean amaitutzat eman zituzten Bani Ualideko herritarrekin izandako negoziazioak. «Gaddafiren jarraitzaileek armak eraman nahi zituzten elkarrizketetara, baina erreboltariak armarik gabe joatea nahi zuten», azaldu zuen Abdala Kentxil Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko negoziatzaileak. Egoera hori ikusirik, hiriari laster erasoko ziotela adierazi zuten matxino batzuek, baina Mustafa Abdeljalil erreboltarien buruak datorren larunbatera arte itxarongo dutela adierazi zuen atzo. Lekukoen arabera, dena den, tiroketak izan ziren atzo Bani Ualid inguruan.
Erreboltariek adierazi dutenez, erregimenaren aldeko beste talde bat hurbildu egin zaie errenditzearen inguruan negoziatzeko prest. Antza denez, talde horrek ez du zerikusirik asteburuan matxinoekin elkarrizketak izan zituztenekin. Negoziazioek, beraz, aurrera jarraitzen dute Bani Ualiden, baita Surten ere.
Abdeljalilen hitzetan, Gaddafiren bi seme —Saif al Islam eta Mutasim— Bani Ualiden gordeta egon ziren larunbatera arte, eta negoziazioak eteten saiatu ziren. Larunbatean, ordea, hiritik ihes egin zuten erreboltarien buruaren arabera, eta horrek erraztu egingo du orain negoziazioek aurrera egitea. Gaddafi bera ere Bani Ualiden dagoela uste dute matxino askok. Erregimenaren segurtasun brigaden buruak, berriz, Mansur Daok, Nigerrera ihes egin du, hango arduradun batzuen arabera.
Harremana Txinarekin
Txinako hainbat enpresa, bestalde, harremanetan jarri ziren Gaddafiren erregimenarekin uztailean, eta armak eskaini zizkioten, NBEk jarritako zigorrari kasurik egin gabe. Horixe adierazten zuten Tripolin aurkitutako hainbat dokumentuk, eta Pekinek baieztatu egin du. «Gaddafik bere jendea Txinara bidali zuela egiaztatu dugu, hainbat arma enpresarekin harremanetan jartzeko, gobernuari ezer jakinarazi gabe», adierazi du Jiang Yu Pekingo gobernuko bozeramaileak. Atzerri ministroak, berriz, argi utzi du Txinako enpresek ez dutela inolako kontraturik sinatu eta ez dutela Libiara esportazio militarrik egin.
Txinak ez du Trantsiziorako Kontseilu Nazionala ofizialki onartu, eta NATOren esku hartzearen aurka dago. Azken egunetan, ordea, erreboltariengana hurbiltzen saiatu da Pekingo gobernua, Libiarekin dituen petrolioaren inguruko akordioak bertan behera geratuko diren beldur.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Matxinoak «herritarrak babesteko gai» direnean utziko du NATOk Libia
«Laster» iritsiko da egun hori, Rasmussenen arabera; Surt eta Sabha inguruak bonbardatzen jarraitu du erakundeakBani Ualideko herritarrekin negoziatzen ari dira erreboltariak, errendi daitezen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu