Goizean iragarri du Donetskeko matxinoen buru Eduard Basurinek DAN berri agentzian gaur bertan hasiko direla arma astunak kentzen: "Debaltseve, Gorlovka, Donetsk eta Telmanovotik 96 arma urruntzea da asmoa". Fronteko lehen lerrotik 50 kilometrora baino gehiagora urrunduko dituzte, Minskeko akordioetan adostu legez.
Ukraina ekialdeko egoerak nabarmen hobera egin arren, oraindik handiak dira bake itunean hitzemandakoak betetzeko arazo eta atzerapausoak. Ukrainako Gobernuak eta matxinoek asteburuan arma astunak erretiratzea adostu zuten, gune desmilitarizatua sortzen hasteko, Minskeko itunak aurreikusi baino astebete geroago. Bada, are gehiago atzeratuko da artilleriaren erretiratzea: Ukrainako armadak adierazi du ezin dituela armak atzera mugitu, «matxinoek erasoak ez dituztelako eten».
Beranduenez, su-etena indarrean sartu eta 48 ordura, alegia, iragan asteko astelehenean, hasi beharra zuten kanoiak eta misilak jaurtitzeko sistemak borroka eremutik atzera mugitzen, bi astetan segurtasun eremua eratzeko. Asteburuko akordioaren ostean, Kiev gaur zen horretan hastekoa, baina baldintzak betetzen ez direla argudiatuta, atzeratu egin du operazioa. «Bake akordioen lehen fasea da su-etena guztiz errespetatzea. Terroristek [matxinoek] gure posizioei tiro egiteari utzi bezain pronto hasiko gara bigarren puntuarekin», adierazi du Anatoli Stelmaj koronelak.
Armadak salatu duenez, Xirokino herriko posizioei eraso egin diete matxinoek, morteroekin, tankeekin eta artilleriarekin, eta gutxienez bi soldadu hil dituzte. Azov itsasaldeko Mariupol hiri estrategikotik 23 bat kilometrora dago Xirokino, Donetsk eskualdean. Asteburuan ere borrokak izan dira inguru horretan. Donetskeko Herri Errepublikako militarren ordezkari batek azaldu duenez, hiriaren erdia errusiazaleen menpe dago, eta, beste erdia, berriz, Ukrainako Azov batailoiaren esku.
Kievek uste du matxinoak Mariupol hartzeko erasoaldia prestatzen ari direla. Kyiv Post Ukrainako egunkariak kontsultatutako analistek diotenez, hiria setiatzeko posizioak indartzen ari dira matxinoak.
Kostaldeko portu nagusia izateaz gain, hegoalderagoko lurraldeak defendatzeko armadaren azken gotorlekua ere bada Mariupol. Matxinoen eskuetan eroriz gero, eremu horiek aise bereganatuko lituzkete.
Baina matxinoek ere armadari leporatu diote su-etena urratzea, eta Donetsk eta Luhansk hiriburuen aldirietan erasoak egitea. «Indar ukrainarren partetik probokazioak eta erasoak jaso ditugu. Ezin esan daiteke bakea guztiz ezarri dela», adierazi du Denis Puxilin Donetsko Herri Errepublikako Parlamentuko presidenteak.
ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak baieztatu du menia ez dela errespetatzen. Alexander Hug erakundeko behatzailearen hitzetan, «gune estrategikoetan», hala nola, Debaltseven, Mariupol inguruan eta Donetsk hiriburuko aireportuan borrokak izan dira.
Larunbatean sartu ahal izan zuten lehen aldiz Debaltseven, asteetako setioaren ondotik, eta herritarrak «txarto» aurkitu zituzten. Halaber, Hugek aldeei galdegin die arma astunen inguruko informazio gehiago helarazteko. «Jakin beharra dugu non dagoen artilleria, zein bide hartuko duten mugitzeko, eta behin erretiratuta non gordeko duten».
Laukotea, Parisen
Matxinoak gaur dira hastekoak arma astunak erretiratzen, atzo jaieguna baitzuten: Aberriaren Defendatzaileen Eguna —Ukrainan ez dute ospatzen, baina bai Errusian eta beste zenbait sobietar errepublika ohietan—.
Bi herri errepubliketako agintariek dagoeneko sinatua dute artilleria erretiratzeko agindua, nahiz eta, haien arabera, su-etena zorroztasunez errespetatzen den lekuetan jada atzera mugitu duten. Halere, ikusteko dago nola erantzungo dioten Kieven erabakiari.
Hain zuzen ere, Minsken abiatutako bake prozesua azkartu eta egonkortzeko bilduko dira gaur Parisen Frantziako, Alemaniako, Ukrainako eta Errusiako Atzerri ministroak.
Izan ere, Kiev eta haren aliatuak beldur dira gatazka baretu ez eze, errusiar hiztunak nagusi diren beste lurraldeetara hedatuko ote den. Herenegun bonba bat zartarazi zuten Kharkiv hirian, Euromaidango hildako protestariak omentzeko ekitaldi batean, frontetik 200 bat kilometrora. Atzo hil zen erasoan larri zauritutako gaztetxoa, eta, guztira, hiru dira hildakoak.
Hala ere, Kievek beti baztertu du errusiazaleak gehiengo diren lurraldeei kontzesiorik egitea, Ukraina estatu unitarioa dela argudiatuz. Alde horretatik, Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak atzo hitzeman zuen galdutako Krimeako penintsula ere Kieven agindupera itzuliko dela. «Ez da azkar eta erraz gertatuko, baina okupatutako lurraldea berreskuratuko dugu. Ukrainak ez du inolaz ere onartuko baliogabeko akta hori [erreferenduma]».