Errusiako Parlamenturako (Duma) hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten alderdiekin elkartuko da gaur Dimitri Medvedev presidentea. KPRF Alderdi Komunista, Bidezko Errusia sozialdemokrata eta Alderdi Liberal-Demokrata muturreko nazionalista dira indar horiek. Hirurek bat egin zuten iragan larunbatean bozen ustezko iruzurra salatzeko herrialde osoan deitu ziren protestekin. Medvedevek, baina, manifestarien kexa eta eskari guztiak errefusatu zituen biharamunean, salaketak ikertuko direla zin egin arren. Horregatik, parlamentuko nahiz parlamentu kanpoko oposizioko indarrak ez dira biharko bilerak eman dezakeenaren zain geldituko, eta, asteburuko protestek adoretuta, ekimen gehiago prestatzen ari dira.
Ivan Melnikov diputatu komunista eta Dumako presidenteordeak jakinarazi duenez, iruzur salaketez gain, parlamentuaren eraketaz mintzatuko dira gaur alderdiak Medvedevekin. Errusia Batua presidentearen alderdia Dumako hainbat kargu oposizioarekin banatzeko prest agertu da, iraganean egin bezala. Bidezko Errusia alderdiko buru Sergei Mironovek, berriz, jakinarazi du hauteskundeetan gertatutakoa parlamentuak iker dezala eskatuko duela gaurko bileran. Errusiatik kanpo ere, iruzur salaketen inguruko bertze bilera bat agendan izanen du presidenteak. Etzi EB Europako Batasunaren eta Errusiaren arteko goi-bilera eginen da Bruselan. «Espero dugu bi aldeek azken gertakariak eztabaidatzeko orduan, hauteskundeetan gertatutakoari buruz ere mintzatzea», azaldu du EBko Atzerri Gaietarako bozeramaile Maja Kocijancicek.
Errusian bertan oposizioko jarraitzaileek karrikan segitzeko asmoa dute. Larunbateko protestak antolatu zituen batzordea gaur elkartuko da hilaren 24rako bertze ekitaldi jendetsu bat antolatzeko asmoz. KPRF Alderdi Komunistak, berriz, heldu den iganderako protesta ekitaldi handi bat prestatu du Moskuko Lubianka plazan, Hauteskunde Batzorde Zentralaren egoitzatik gertu.
70 lagun oraindik atxikita
Emaitza ofizialen arabera, Errusia Batuak 238 jarleku lortu ditu, gehiengo osoaren langa hamabitan gaindituz. Aitzineko bozetatik 77 diputatu galdu ditu, eta oposizioak salatu du Medvedeven eta Vladimir Putin lehen ministroaren alderdiak iruzurra erabili duela gehiengo osoa mantendu ahal izateko. Abenduaren 4tik izan diren protestetan mila lagun inguru atxilotu ditu Poliziak, eta horietako 70 inguru atxikita ditu oraindik. Errusia Batuaren aldeko jarraitzaileak ere mobilizatu dira egunotan. Elkarretaratze jendetsuena atzo egin zuten Moskun, garaipena «garbia» izan dela aldarrikatzeko. Poliziaren arabera 25.000 lagun elkartu ziren.
Putinek krisia berehala konpondu nahi du, heldu den martxoan egitekoak diren presidentetzarako bozak ez oztopatzeko. Hain zuzen, Mikhail Prokhorov Errusiako hirugarren pertsona aberatsenak jakinarazi du hautagai izateko asmoa duela. Eskuineko alderdi bat sortuko du.
Medvedev oposizioarekin bilduko da, Errusiako bozen iruzur salaketez hitz egiteko
Asteburuko protesta antolatu zuen batzordea gaur bilduko da, hilaren 24rako bertze ekitaldi handi bat prestatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu