Virunga arriskuan da. Mezu argia bezain larria zabaldu berri du WWF Naturarentzako Mundu Funtsak. "Ez gara edozein lekuri buruz ari; Afrikako natur parkerik zaharrena da, eta kontinente osoan bioaniztasunik handiena duena", azaldu du. Urteotan guztietan, Kongoko Errepublika Demokratikoan duten gatazka gordinaren, isilpeko ehizaren, lehengai ugari ustiatzearen eta habitat galeraren gainetik iraun du bizirik Virungako natur parkeak. Baina horiei guztiei mehatxu berri bat gehitu zaie orain, ingurune babestua izan arren, han petrolioa bilatzeko lanetarako baimenak eman baititu Kongoko Gobernuak. Proiektuak Virungari ekarriko lizkiokeen kalteak ikusita, proiektua geldiarazteko kanpaina jarri du martxan erakundeak.
1925. urtean fundatu zuen parkea Alberto I. a Belgikako erregeak, eta Albert Parke Nazionala izena jarri. Herrialdea Belgikatik independente egin ostean hartu zuen Virunga izena. 1979an Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok, eta 1994an arriskuan den Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartu. Egun, 790.000 hektareako lur eremua hartzen du, eta Afrikako beste edozein parkek baino habitat aniztasun zabalagoa du: estepak, sabanak, ordokiak, zingirak, askotariko basoak, sumendiak, mendi garaiak, glaziarrak, lakuak eta ibaiak aurki daitezke bertan. Habitat aniztasun horrek pareko bioaniztasuna dakar, eta askotarikoak dira ere Virungaren babesean bizi diren espezieak. WWFren arabera, 700 hegazti espezie, 109 narrasti klase eta 78 anfibio motaren bizilekua da egun. Horietako asko endemikoak dira —beste inon ez dauden 216 animalia espezie eta 141 landare mota daude bertan— , eta galtzeko arrisku larrian daude hainbat, mendiko gorila, kasu.
Hain zuzen, Virunga du babesleku munduan diren mendiko gorilen laurden batek. 1902an aurkitu zuten Gorilla beringei beringei espeziea, eta ehun urtean etengabeko gainbehera jasan du habitat galeraren, gerraren, isilpeko ehizaren eta abarren ondorioz. Galbidean den espeziea da; NBEk orain hiru urte ohartarazi zuenez, hala jarraituz gero 2020. urterako guztiz gal daiteke. Egun, 800 kide inguru baino ez direla geratzen uste da, eta horietatik 200 inguru bizi dira Virungan. Espeziearen iraupena bermatzeko, beraz, ezinbestekoa da Virunga babestea.
Ez dirudi babes hori ziurtatuta dagoenik. 2007. urtean Kongoko Gobernuak parkearen %85an petrolioa ustiatzeari begira azterketak egiteko baimenak eman zizkien hainbat multinazionali. Horietatik, Soco petrolio konpainia ingelesak bakarrik iragarri du petrolioa bilatzeko asmoekin aurrera egingo duela. Eremu babestuak honda ditzaketen jarduerak debekatzeko legea indarrean da Kongon, baina 2007ko baimenari eusten dio enpresak, inguru horretan "jarduera zientifikoak" egiteko. Lasse Gustavsson WWF-ko zuzendari exekutiboak ohartarazi duenez, "konpainia edozein egunetan has liteke eremua aztertzen, gero petrolioa ateratzeko; hondamendia litzateke".
Baliabideak eskuratzeko gerraren erdian
Ez da kontu berria, ezta munduan kasu bakarra ere. Kongo herrialde aberatsa da oso, baina herritarrik gehienak miserian bizi dira. Kolonizatzaileek lehenik eta boterean izandako tokiko buruzagi askok ez ezik, multinazionalek ere atera diote etekina aberastasun horri guztiari, dela koltana, kobrea, diamantea, urrea, zilarra, zinka, burdina edota uranioa ustiatuz. Baliabideen kontrola eskuratzeko borrokak —bestelako faktoreekin batera— gatazka amaigabea ezarri du herrialdean, eta milaka kongoar izan dira, eta dira, militarren edo talde armatuen biktima. Azken hamabost urteotan gatazkan 5,4 milioi pertsona hil direla uste da. Egoera horretan, ingurumenaren babesa ez da lehentasunen artean sartzen. Eta natur parkeek ere jasaten dituzte ondorioak. Virunga, gainera, toki estrategikoan dago, Kongo ekialdean, Ugandarekin eta Ruandarekin mugan.
Ongi ezagutzen du egoera Ainare Idoiagak. Albaitari bilbotarrak urteak daramatza Afrikako zenbait eskualdetan tximino handien iraupenaren aldeko lanean. Kamerungo Limbe Wildlife zentroa zuzentzen du egun—tximinoak artatu eta berriro aske uztea dute helburu nagusi—, eta Kongon ere hainbat urtetan lan egindakoa da —ez Virungakoan, baina bai inguruko parkeetan—. Bioaniztasunaren aldetik inguru izugarri aberatsa dela dio. Mendiko gorilei dagokienez, Idoiagaren esanetan, duela zenbait urtera arte isilpeko ehiza zen arriskurik handiena, baina, ekoturismo proiektuei esker, ehizaren aurkako neurriak gogortzearekin bat, praktika hori asko murriztea lortu zela dio. Egun, ordea, habitat galera da, haren ustez, arriskurik larriena gorilentzat. Habitat galerak domino efektu moduko bat dakarrela dio. "Espezie hauek oso elikagai jakinak jaten dituzte. Halako petrolio ustiatze bat hasiko balitz, beste norabait lekualdatuko lirateke. Horrek estres handia eragingo lieke, eta estresak, defentsak ahultzea eta gaitzen aurrean babesgabeago izatea. Gainera, babestu gabeko guneetara ere joan litezke, eta orduan, berriro ere ehizaren arazoarekin egingo genuke topo". Eta hori guztia, gatazka eremu batean gertatuko litzatekeela ahaztu gabe.
Petrolioa negozio "zikina" dela uste du Idoiagak, eta ez soilik kutsaduragatik. Halako ustiatzeetarako mendian bideak zabaldu behar direla adierazi du, eta horrek jende armatua edo bestelako interesak dituena sartzea errazten du. "Infernuko atea zabaltzea da". Elefanteen kasua jarri du adibide gisa: "Zurgintza enpresak egurra ateratzera iritsi ziren, baina errepideak, ia autobideak zabaldu zituzten, eta elefantearen amaieraren hasiera izan da. Azken hamarkadan Afrikako elefante populazioaren %60 galdu da". Haren ustez, "mafiak dira, ezin dira kontrolatu, ezta armaturiko basozainekin ere, arma automatikoekin sartzen baitira, eta guztia txikitzen baituta". Virungan soilik, azken hogei urteotan, 150 basozain baino gehiago hil dituzte, azkena joan den abuztuan. "Mutil horiek heroiak dira; natur baliabide eta animalia trafikoaren aurkako gerran ari dira lanean".
Habitat galera Afrika osoan ari dela gertatzen, eta oraintxe arrisku nagusia hori dela dio Idoiagak. "Ondorioak ikusteko daude, baina suntsiketa ziztu bizian ari da gertatzen, 70ko urteetan baino askoz ere azkarrago; azken hamarkadakoa izugarria da". Egurra "tonaka eta tonaka" ateratzeak, adibidez, espezie ugari desagerraraziko dituela dio, "horrek dakarren domino efektuarekin; oso oreka delikatuak dira, eta, maila batera iritsita, ez dago berriro ere hori orekatzerik".
Ustiatze handien ordez, ekonomia iraunkorra
Natur aberastasunak ez dira, ordea, arriskuan dauden bakarrak. Izan ere, hango komunitateentzat ezinbestekoa da parkea edateko ura edo arraina eskuratzeko; egun, parketik ateratzen dute bizibidea 50.000 herritarrek. Horren harira, The Economic Value of Virunga National Park [Virunga natur parkearen balio ekonomikoa] ikerketa plazaratu berri du WWFk, eta, azterketaren arabera, parkeak urtero 37 milioi euro inguruko aberastasuna sortzen du. Baina urtean 830 milioi euroren etekinak ere eman ahalko lituzke, modu iraunkorragoan ustiatuko balitz. Energia hidroelektrikoa, lakuetako arrantza industria eta ekoturismoa osagai izango lituzkeen eredu iraunkor baten bidetik, 45.000 lanpostu iraunkor sor litezkeela dio txostenak.
Idoiagaren ustez ere, bioaniztasun horrek bermatzen du hango komunitate askoren iraupena, ekoturismoa baita askorentzat bizimodua ateratzeko bide bakarra. "Ekoturismoa oso garrantzitsua da bertako populazioentzat, alde guztietara iristen baita, egurraren edo bestelako baliabideen ustiaketaren etekinak ez bezala. Beren lehen iturri ekonomikoa da". Virungara gorilak ikusteko iristen dira turistak, eta haien gastuaren onurak —garraioan, ostatuetan...— komunitateetan geratzen dira. Aldi berean, parkeari eta hango espezieei ere egiten die mesede ekoturismoak, albaitariak dioenez. "Gorila talde batzuk soilik ohitzen dituzte jendea ikustera, eta egia da apur bat gogaitu ahal dituela egunero hamar laguneko talde baten bisita izateak, baina horrek ahalbidetzen du beste gorilen ugalketa. Programa hori da, hain juxtu, espeziearen iraupena bermatzea lortu duena". Eredu iraunkorra da, beraz, bai ingurumenarentzat, bai komunitateentzat. Eta parkea hondatzea, Idoiagaren ustez, "ingurumena txikitzea soilik ez, bertako komunitateak hiltzea" ere bada.
Petrolioa ustiatzeak eragingo lituzkeen kalteak ere aztertu ditu WWFk bere txostenean. Akuiferoen kutsatzea eta habitata hondatzeaz gain, gizarte egonkortasunik eza eta ekoturismoaren galera aipatzen ditu, besteak beste. Eta, petrolioa ustiatzeak, behin azpiegiturak sortuta, ez lukeela lanposturik sortuko dio. Eta noski, petrolioaren irabaziak ez dira multinazionalen poltsikoetatik haratago iritsiko. "Virungan petrolio azterlanak egitea okerra litzateke", dio Gustavssonek. "Garapen ekonomiko iraunkorra da bide zuzena, horrek ekarriko dio onurarik gehien parkeari".
Kongoko gatazka egoeraz ere mintzatu da Idoiaga, beldur baita petrolioa ustiatzearen moduko egitasmoek eskualdean indarkeria areagotuko duten. Sinesgaitza zaio Gobernuak berak babestutako leku batean ustiaketarako baimenak ematea, ez bada "txeketegi kolpeka" jardunda. "Han gertatzen ari dena Hirugarren Mundu Gerra da. Badirudi gatazka etniko bat dela, baina herrialde mordo bat dago hor sartuta, eta interes ekonomiko handiak daude tartean: AEBak daude, Erresuma Batua, Frantzia, Brasil, Txina… Abandonatu handiak izan dira". Gatazkaren konponbidea ez duela gertu ikusten dio, ezkor, "inori ez baitzaio interesatzen konpontzea, ez bederen bertatik koltan guztia atera arte".
Albaitariaren hitzetan, ez zaio behar adina garrantzia ematen ingurumena babesteari, "ez zaio egoerari erreparatzen: horri esker bizi diren komunitateak, oihan tropikalak izateko dugun beharra... Uste dut gaur egun hori babesteko behar dena baino 50 aldiz gehiago inbertitu beharko dugula etorkizunean, jabetzen ez garelako". Egoera konpontze aldera, herritar bakoitzak ere lagun dezakeela dio, kontsumo arduratsuaren bidetik. "Adibidez, sakelako telefonoa bota beharrean birziklatuz. Aldaketa txikiak dira, baina hau guztia eraldatuko luketenak eta geure esku daudenak". Horretarako, baina, jendeak halakoen atzean dagoenaz informazioa behar duela dio. Begi onez ikusten ditu WWFk sustatutakoarenaren moduko kanpainak; haien eragina sumatu ohi baita.
WWFren ustez, premiazkoa da Kongoko Gobernuak eta petrolio konpainiak atzera egitea lortzea. "Hemen jarri dugu marra gorria. Munduko leku aberats eta hauskorrenetariko baten atarian ate -oka ari dira petrolio konpainiak, baina ez dugu etsiko Virunga balizko ingurumen hondamendi horretatik salbu ikusi arte. Elurtutako zelaiak ditu Virungak, baita laba zelaiak ere, baina ez luke petrolio zelairik izan beharko".