Mundua

Melaminaz kutsatutako esnea saltzeaz akusatutako bi lagun hiltzera zigortu ditu Txinak

22 lagun zeuden akusatuta, 300.000 umeren toxikazioagatik. Ume horietatik sei hil dira iaztik.

2009ko urtarrilaren 22a
10:22
Entzun
Melaminaz kutsatutako esnea ekoitzi eta saltzeaz akusatutako bi lagun hiltzera zigortu ditu Txinako Justiziak. 22 lagun zeuden akusatuta, 300.000 umeren toxikazioagatik. Haur horietatik sei hil dira iazko maiatzetik. Txinako berri agentzia ofizialak, Xinhuak, eman du zigorraren berri.

Toxikazioan inplikatutako esne konpainia nagusiko presidente ohia, Tian Wenhuari bizi arteko kartzela zigorra ezarri diote epaileek. Heriotza zigorra jaso duten biak, Zhang Yujun eta Geng Jinping, "proteinadun hauts esnea" ekoizten eta saltzen aritu ziren, epaileek frogatutzat jo dutenez. Esne horren formula faltsua zen, eta melamina zuen, hau da, plastikoak eta porlana ekoizteko erabiltzen den gai kimiko bat. Esne kutsatu hori banatzearen ondorioz gutxienez sei ume txiki hil dira Txinan azkenaldian.

Epaileen hitzetan, Zhangek eta Gengek "segurtasun publikoa arriskuan" jarri zuten. Delitua da hori Txinan eta heriotzarekin zigortu ohi dute. Kasu hauetan Shijiazhuangeko Bitarteko Herri Auzitegiak erabaki du zigor hori ezartzea. Hain zuzen ere, hiri horretan du egoitza Txinako esneki konpainia nagusiak, Sanlu taldeak. Melamina erabili zuten 22 enpresetako inplikatu nagusia da hori.

Akusatuen artean Sanluko lau goi kargudun ohi daude, tartean iaz arteko presidentea, Tian Wenhua. Honi, beste akusatuei ez bezala, ez zaio leporatu "segurtasun publikoa arriskuan jartzea"; aitzitik, produktu faltsuak ekoiztea eta saltzea egotzi diote. Hori dela eta ez dio heriotza zigorrari aurre egin beharko, haren abokatu Liu Xinweik azaldu duenez: "Legearen arabera, ez dago heriotza zigorrik produktu faltsuak edota estandarraren azpikoak ekoitzi eta saltzeagatik".

Melaminak proteina mailak igoarazten ditu esnearen kalitatea neurtzeko kontroletan, baina hura irentsiz gero, umeen giltzurdinetan kalkuluak eta akatsak eragiten ditu. Horien ondorioz hil ziren sei haurrak iragan maiatzetik.

Kutsatu bai, baina hil ez diren umeen (300.000 inguru) gurasoak kalte ordainak jasotzen ari dira inplikatutako esne konpainien aldetik. Trukean ez dute salaketarik jarriko auzitegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.