Espainiako iturri ofizialen arabera, emigratzaileetako bat Espainiaren mendeko lurretan hil da, hesitik (sei metroko altueratik) erori eta gero. Beste bati gauza bera gertatu zaiola agertu dute, eta Melillako erietxera eraman dutela larri zaurituta.
Heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari dira, eta Jose Fernandez Chacon Espainiako Gobernuaren Melillako ordezkariak onartu du emigratzaileek suzko armekin egindako tiroak jaso izana dela hipotesietako bat. Hesia zaintzen duten Guardia Zibilek ez dutela suzko armarik eramaten azpimarratu du. Hain zuzen ere, Guardia Zibileko iturriek agertu dute emigratzaileak beldurtzeko airera tiro egin dutela "baina istiluen kontrako armekin".
Marokoko iturriek baieztatu dutenez, beste emigratzaile bat hil da beren eremuan eta zazpi larri zauritu dira. Beren Armadak emigratzaileen kontra egin duela onartu arren, hesian gora txarrantxarekin egindako zauriengatik hil dela lagun hori eta zauritu direla besteak azaldu du Marokok.
18 hildako Mendebaldeko Saharan
Nolanahi ere, ez dira horiek gaur Europara iristeko saioan zendu diren emigratzialeak. Mendebaldeko Saharako uretan emigratzaileak zeramatzan ontzi bat hondoratu da, eta gutxienez, 18 lagun hil dira. Zazpik bizirik ateratzea lortu dute, eta hamabi galduta daude. Espainiaren mendeko Kanariar Uharteetara iristea zuten helburu.
Mundua
Melillako hesian zendutako emigratzaileak tiroka hil dituzten ikertzen ari dira
Maroko eta Melilla (Espainiaren mendeko kolonia) banatzen duen hesia igarotzeko ahalegina egin dute goizeko lehen orduan Afrikatik Europara sartu nahi duten 50 bat emigratzailek. Haietako bi hil egin dira saioan, eta zortzi bat larri zauritu. Tirorik jaso duten ikertzen ari dira. Mendebaldeko Saharako uretan beste 18 emigratzaile hil dira, itsasoa zeharkatzeko zerabilten ontziarekin hondoratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu