Kubako blokeoaren 50. urteurrena

Mende erdiko hesi ikusezina

Bortz hamarkada igaro dira AEBek Kubaren aurkako blokeoa ezarri zutenetik, gobernu sozialista eraisteko asmoz. Helburua ez dute bete, baina salbuespenezko neurriak eragin nabaria utzi du herritarren bizimoduan.

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Duela bi urte Kubako Santa Clara hiriko talde batek ACM Makina Konputagailuen Elkarteko sari bat jaso zuen, Txinan egindako lehiaketa batean. Sariketa horren babeslea, ordea, IBM informatikako multinazionala zen, eta antolatzaileei jakinarazi zien Las Villasko Marta Abreu Unibertsitate Zentraleko ikasleei ez ziela saririk helaraziko, haien herrialdeari ezarritako bahimenduaren ondorioz. Kuban AEBek ezarritako salbuespenezko neurriak sortutako egoera «ergel bat» da hori, Jose Manzaneda Euskadi-Kuba elkarteko kidearen arabera. Halako anitz gertatu dira bahimenduak bete dituen 50 urte luze hauetan, 1962ko otsailaren 7an John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidenteak 3447 agindu presidentziala sinatu zuenetik, Kuba mundutik bakartuko zuen hesi ikusezina sortzeko asmoz.

Bitxikeriez haratago, bahimenduak eragin nabarmena du kubatarren egunerokotasunean, zenbait produkturen eskasia edo horiek lortzeko baliabide handiegiak xahutu beharra sortzen baitu. Abelardo Moreno Atzerri ministrordeak iazko irailean emandako prentsaurreko batean adierazi zuen Kubaren garapen ekonomikorako «oztopo nagusia» dela. Habanak kalkulatu du 1961etik —bahimendua formalki ezarri aitzinetik— 2010era 104.000 milioi dolarren —79.000 milioi euroren— galerak eragin dizkiola herrialdeari. Dolarrak 1961etik urrearekiko eduki duen balio galera kontuan hartuz —horrek sortutako erosahalmenaren gutxitzearekin—, zifra erreala 975.000 milioi dolarrekoa dela kalkulatu du Kubak, 2011n NBE Nazio Batuen Erakundean bahimenduaren inguruan aurkeztutako agirian dioenez. Dena den, «zifra erreala» kalkulatzea hagitz zaila dela aitortu zuen orduan Moreno Atzerri ministrordeak.

AEBek Kubari ezarritako blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioari bukaera emateko beharra izena zuen iazko urrian Habanak NBEn aurkeztu zuen txostenak. 1992tik urtero aurkeztu du bahimenduaren aurkako ekimen bat NBEren Batzar Nagusian, eta urtetik urtera gero eta sostengu handiagoa jaso du Kubak. 1992an, 59 herrialdek gaitzetsi zuten bahimendua, eta hiruk ontzat jo zuten —71k abstentzioa eman zuten—. Iaz, ordea, 186 herrialdek gaitzetsi zuten, eta soilik AEBek eta Israelek eutsi zioten Kubaren aurkako jarrerari—bortz abstentzio—.

«Lurraldez kanpoko» izaera

Urtetik urtera hazi den nazioarteko sostengu horri entzungor egin dio Washingtonek, baina Habanak bide horretan ez du etsitzeko asmorik. Jose Antonio Fernandez Estevez Kubak Espainian duen enbaxadako Ekonomia kontseilariaren iritziz, NBEn egindako bozketek agerian uzten dute AEBek ez dituztela onartzen nazioarteko arau eta printzipioak. Izan ere, herrialde batek bertzeari ezarritako bahimendu soila izatetik haratago, Washingtonek «lurraldez kanpoko» izaera eman dio, «bertze herrialdeen interes legitimoei kalte eginez». Arrazoi horregatik, bahimenduaren ordez «blokeo» terminoa egokiagoa dela uste du Euskadi-Kubako kide Manzanedak. «Merkataritzarako bahimendu bat dago; hau da, Kubako enpresek ezin dute AEBetan deus erosi salbuespenezko kasu gutxi batzuetan izan ezik, eta AEBetako enpresa eta partikularrek ezin diote deus saldu Kubari. Baina, horrez gain, blokeoa dago, AEBek bertze herrialdeei ezartzen dizkieten presio neurriak. Azken finean, nahi dutena da kapitala Kubatik uxatzea eta nazioarteko kredituaren iturria ixtea». Enpresa edo banakoek AEBetan interesik badute, eta, horrez gain, Kubarekin harremanetan paratzen badira, Washingtonek isunak ezartzen dizkie.

Kubako herritarren bizi-mailan eragin nabarmena izan du blokeoak. Fernandez Estevezen arabera, ez dago «sektore, arlo edo ekintza ekonomikorik» bere jarduerak sortutako kostuen gorakada eta «eraginkortasunaren kaltetzea» nabaritu ez duenik. Aipagarria da, adibidez, osasungintzak pairatzen duen egoera. Kubako medikuntzaren kalitateak mundu osoan sona duen arren, zailtasun handiak dituzte teknologia egoki eta aurreratua eta botikak eskuratzeko. «Guretzat ez da posible giza bizitzari eusteko beharrezkoak diren botikak, makinak eta materiala lortzeaAEBetako enpresek egin badituzte. Kubarentzat ezinezkoa da aspirina bakar bat ere AEBetatik lortzea, ezta bertze herrialde batetik ere AEBetako enpresa baten adar batek egin badu». Kontuan hartuta botiken industrian eta medikuntzako teknologian AEBak munduko ekoizle handienak direla, nabariak dira Kubako osasungintzak aurre egin beharreko mugak. Bereziki, teknologiaren eta berrikuntzaren eragina garrantzitsuagoa den esparruetan: kirurgia kardiobaskularrean, ortopedian, onkologian, giltzurrunen transplantean...

Hala ere, oztopoak oztopo, NBEk 2015erako ezarritako Milurtekoaren Garapenerako Helburuak erruz gainditu ditu Kubak, eta nazioarteko erakundearen agentziek ere onartu dute bizi-baldintzak adierazten dituzten arlo anitzetan Latinoamerikako bertze herrialdeen gainetik dagoela. Adibidez, Kuba da haurren elikadura urritasuna ez duen Latinoamerikako herri bakarra.

Eragin mugatua hasieran

Mundua anitz aldatu da blokeoa ezarri zenetik. Kuba AEBen Atzeko patioan zegoen aroa zen, Gerra Hotz betean. Fidel Castrok zuzendutako Armada Erreboltariak boterea eskuratu zuen 1959an, eta Washingtonek hasieratik mesfidati begiratu zion Floridako kostatik 170 kilometrora gertatzen zenari. 1960an, gobernu iraultzailea AEBen jabetzak nazionalizatzen hasi zenean, Dwight Eisenhower presidente errepublikanoak lehenbiziko zigor neurriak ezarri zizkion Kubari, baina Kennedy demokrata izan zen 1962an blokeoa instituzionalizatu zuena.

Blokeoak AEBen merkatua, naturalena eta hurbilenekoa, itxi zion Kubari, baina lehenbiziko hamarkadan eragin mugatua izan zuen, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren eta bloke sozialistaren babesa baitzuen Habanak. Kubaren nekazaritza baliabide nagusia den azukrearen %85 merkatu horretara bideratzen zen, eta petrolioa salneurri berezietan lor zezakeen haiengandik, krediturako interes tasa baxuekin eta ordaintzeko epe malguekin batera.

1989-1991 bitartean, ordea, bloke sozialista eta SESB bera hondoratu zirenean, egoera erabat aldatu zen. Barne produktu gordina %35 murriztu zela kalkulatzen da. Jose Luis Rodriguez Garcia Ekonomia ministro ohiaren arabera, inportazioak ia erabat gelditu ziren, elikagaien %63, ia erregai dena eta ekoizpen manufakturatuen %80 bloke sozialistatik eskuratzen baitzuen Kubak. Testuinguru horretan, blokeoa gogortzea erabaki zuten AEBek, Europako sistema sozialistak desegin ziren bezala, Kubakoa ere hondoratuko zelakoan. Torricelli Legea (1992) eta Helms-Burton legea (1996) dira horren adibideak. Bertze herrialdeetako enpresei isunak ezartzeko bidea ireki zuen Washingtonek horrela.

Hala ere, AEBek ez zuten helburua lortu, eta krisi garaiari eutsi zion Kubako sistema sozialistak. XXI. mendean sartzerakoan, gainera, bazkide berria agertu zitzaion Latinoamerikan: mugimendu bolivartarra. Gaur egun Venezuela da Kubaren bezero nagusia, baina ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarra osatzen duten herrialdeek sostengu ekonomikoa ez ezik, politikoa ere eman diote Kubari, SESBen desegitearen ondotik pairatutako bakartzea gainditu duelarik. Horren azken adibidea da AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak heldu den apirilean Kolonbian eginen duen bilkura. ALBAko herrialdeek ez joateko mehatxua egin dute Kuba bertara gonbidatuko ez balute. Denak agertuz gero, Rafael Correa Ekuadorko presidenteak erran du «gai nagusietako» bat blokeoaren deuseztatzea izan beharko litzatekeela. Venezuelako presidente Hugo Chavezen ustez, Kuba bilkuran egotea «duintasun kontua» da, «2012an gaudelako, ez 1960an».

Hain zuzen, Gerra Hotzaren testuingurua desagertu da. Teorian sistema komunista duten hainbat herrialderekin, Txinarekin eta Vietnamekin bereziki, AEBak harremanak lantzen ari dira, baina Kubarekin Gerra Hotzeko jarrera itxia dute oraindik. Horren arrazoia Kongresuko lobby kubatarrari leporatzen dio Habanak, hau da, botereari lotutako kubatar jatorriko estatubatuarrei. Horren adibidea atzo bertan ikusi zen Kongresuan. Ileana Ros-Lehtinen, David Rivera eta Mario Diaz Balart errepublikanoek eta Albio Sires demokratak adierazpen bateratu bat egin zuten elkarrekin, blokeoa mantentzearen alde: «Castroren erregimenari presio ekonomikoak ezarri eta AEBetako interesen aurka egiteagatik kontuak eskatzeaz gain, diktaduraren aurkako posizio moral bat da bahimendua». Ros-Lehtinenentzat, gainera, bortz hamarkadatako blokeoa «Kubako herriarenganako elkartasun keinu iraunkorra» izan da.

AEBetan bertan, ordea, bada bertzelako iritzia duenik ere. WOLA Latinoamerikako Gaietarako Washingtongo Bulegoak bahimendua kentzearen alde egin du, «Gerra Hotzeko erlikia» dela uste baitu.

AEBen esku hartze luzea

Bi herrialdeen arteko gatazkaren erroa, ordea, Gerra Hotzaren aitzinetik heldu da, eta horrek azaltzen du hein handi batean Washingtonek blokeoa mantendu izana SESB erori ondotik. Izan ere, iparraldeko erraldoiak XIX. mendetik finkatu ditu bere begiak hegoaldeko uhartean, Espainiaren menpeko kolonia zenetik. 1805ean dagoeneko, AEBek independentzia lortu eta bi hamarkadatara, Thomas Jefferson presidenteak honako hau adierazi zuen: «Ingalaterra eta Espainia gerran hasiz gero, Estatu Batuek Kuba hartuko lukete Florida eta Louisiana defendatzeko posizio estrategikoagatik». Hemezortzi urte geroago, Monroe Doktrinak —«Amerika amerikarrentzat»— erakutsi zuen AEBek Kuban zuten nahia «posizio estrategikoa» baino zerbait gehiago zela. 1848 eta 1861 bitartean, AEBek hainbat eskaintza egin zizkioten Espainiari Kuba erosteko, baina Madrilek ukatu egin zituen. Hegoaldeko estatuek, AEBetako gerra zibilean (1861-1865) Konfederazioa osatu zutenek, interes berezia zuten Kuba hamazazpigarren estatu esklabista bihurtzeko.

Kubako independentzia gerran (1898-1901) gauzatu zituen Washingtonek bere gurari espantsionistak. Espainiako armada birrindu ondotik, independentzia prozesua bete-betean zuzendu nahi izan zuen, eta horren adierazgarri izan zen Kubako Konstituzioan ezarritako Platt Emendakina —Orville H. Platt senatariak proposatutakoa—. Washingtonen neokolonialismoaren lehenbiziko adibide garbitzat hartzen da hori. Bertzeak bertze, orduan ezarri ziren uhartean AEBetako multinazionalak, lur jabe handiak eta base militarrak —Guantanamokoa 1903an—, eta atzerri politikarako ahalmena ere mugatu zitzaion Habanari. Emendakinaren hirugarren artikuluan dago, ordea, funtsa, Washingtonen esku hartze politikoa eta militarra baimentzen baitzuen, Kuban «gobernu egoki bat mantentzeko, bizitzak, nahiz jabetza eta askatasun indibidualak babesteko». Emendakina 1934an utzi zuen bertan beheiti Kubako Gobernuak, zazpigarren artikulua izan ezik, AEBek uhartean zituzten jabetzei zegokiona. 1959ko iraultzak moztu zuen erabat Washingtonetik Habanara luzatzen zen katea. Hiru urte geroago, katearen ordez, hesia paratzea erabaki zuten AEBek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.