Salsal eta Shahmamaren begiek, zetaren bidearen karabana luzeak ikusteaz gain, askotariko pasarteak ikusi zituzten mendeetan zehar; ehun, harribitxi, beira, anbar, koral, marfil eta espezieen koloreak bezain distiratsuak batzuk, ilunagoak beste batzuk, eta dagoeneko hamar urte iraun duen gerra bezain beltzak beste asko, ahanzturan utzi ezin daitezkeenak guztiak. Hindu Kush mendilerroan zizelkatutako bi budak, gizonezkoa bata —55 metroko garaierakoa— eta emakumezkoa bestea —38 metrokoa—, harrizko zentinela isilak izan ziren mendeetan, talaiatik, historiaren lekuko, herrialde anker bezain eder baten bilakaera begiztatu zutela aintzat hartuta. Salsal eta Shahmama zeuden lekuan, baina, bi hutsune baino ez daude orain, talibanek gaurko egunez bonbardatu baitzituzten bi budak duela hamar urte eta segundo bakarrean mendeetako zelatariak mila puskatan txikitu.
VI. mendean egindako buden zuloak metafora bilakatu dira. Ahmed 19 urteko hazara etniako gazteak dioen bezala, buden suntsipena bere herria pairatzen ari zenaren metafora baino ez zen izan. «Munafiqin [heretikoak] gara talibanentzat; xiitak gara gu, eta gure ekialdeko itxura paxtu edo tajikenaren oso bestelakoa da. Makina bat urte eman dugu jazartuta; batez ere, talibanen garaian. Nire amaren lau anaiak hil zituzten; duela gutxi jakin nuen haietako bat harrika hil zutela». Kabulgo Dast-e-Barjin auzo hazaran bizi da gaur egun gaztea, baina jatorria hiriburutik 250 kilometro ipar-mendebaldera dagoen hirian du, Bamijanen.
Hazarajat haranean dute jatorria hazarek, eta buden abaroan bizi izan dira mendeetan. Afganistanen gutxiengo bat dira —populazioaren %15 dira hazara—, baina herrialdearen bihotzean dagoen ibar horretan gehiengo dira. Gengis Khanen ondorengotzat jotzen dituzte, nahiz eta euren jatorria ez dagoen erabat argi; XIII. mendearen hasieran inbaditu zuen eskualdea aristokrata mongoliarrak, tribu nomadak elkartuko zituen inperioa osatzeko konkistan. Hazarek mongoliarren aurpegiera dute; sudur zapala, begi luzaranak eta masail zabalak, eta, herrialdeko beste etniak ez bezala, musulman xiitak dira; arabiarrak eskualdera iritsi baino lehen budistak bizi izan ziren kobazuloetan, eta lasto-buztinezko etxeetan bizi dira egun.
Gerraren paradoxak
Historian behin baino gehiagotan bizi izan dira jazartuta hazarak, baina zapalkuntza gogorrena talibanen garaian ezagutu dute. Hazarajat harana 1997an okupatu zuten aurreneko aldiz talibanek, boterea eskuratu eta hurrengo urtean, eta erresistentzia irmoa aurkitu bazuten ere, herria masakratu zuten. Giza Eskubideen Nazioarteko Erakundeak eta Amnesty Internationalek gerora jakitera eman zutenez, ehunka hazara hil zituzten eta milaka batzuk ihes egitera behartu. Abdul Ali Mazari hazaren buruzagi historikoaren hilketak ezarri zuen hazaren kontrako zapalkuntzaren abiapuntua. Sobietarren inbasioan erresistentzian aritutakoa zen eta ondoren federalismoa aldarrikatu zutenen artean ahots sendoa bilakatu zen; Hezbe Wahdat alderdia sortuta, hazaren arteko batasuna gauzatu asmo zuen, baina haren hilketak sakabanaketa eragin zuen, eta horrek talibanen jazarpena handitzea ekarri zuen.
Bamijango bazarra erre, eskolak itxi eta eskualdea blokeatu zuten talibanek. Musa Shafakek (28) liburuak ezkutatu behar izan zituen: «Aitarekin lanean ari nintzen soroan arreba talibanak bazter guztietan zeudela esatera etorri zenean. Garai ankerra izan zen hura».
Orduz geroztik zapalkuntzak ez zuen etenik izan, baina 2001. urtearen hasieran, negu beltzean, laztura hazi egin zen. Jakaulang barrutian sartu eta ehunka gazte atxilotu zituzten talibanek. Najak barrutian elkartu zituzten guztiak urtarrilaren 8arekin. Kata Khona herrixkako irakasleak ez du inoiz egun hura ahaztuko: «Auzitegira eramango zituztela pentsatu genuen baina goizeko zortzietan hil zituzten denak, gure begien aurrean; ilara batean jarri zituzten eta bata bestearen atzetik fusilatu zituzten». Saied Jauhar Amalek dioenez, edadetuak talibanengana joan zirenean, horiek ere denen begien aurrean hil zituzten.
Bi aste geroago eskualde osora zabaldu zituzten ekintza horiek talibanek. Human Rights Watch erakundearen arabera, lau mila etxe, denda eta eraikin erre zituzten eta mendebaldeko herrixka ugari suntsitu zituzten. Exodoa izan zen. Bamijanen geratu zirenen bizimodua, baina, inoiz baino latzagoa bilakatu zen. Udaberrian eta udan etengabeak izan ziren erasoak, eta udazkenean egoerak okerrera egingo zuela pentsatzen hasiak ziren hazarak. Irailaren 11ko erasoek, baina, historiak beste norabide bat hartzea eragin zuten eta, paradoxikoa bada ere, hazaren mesederako izan zen gerra, okupazioak neurri batean eten bat ezarri baitu euren kontrako jazarpenean. Eta etenak hamar urte iraun du dagoeneko.
Ikonoklastenak
Urteotan asko dira jaioterrira itzuli diren hazarak; mendietan eta erbestean babestu zirenak haranera bueltatu dira, eta pobreziak kobazuloetara eraman ditu—200 familia inguru bizi dira egun haitzuloetan—. Khadim (72) aurrezki guztiak gastatu ditu kobazuloa txukuntzen, paretak zuriz pintatzen eta atea eta leihoak paratzen. «Aitonak esaten zidan iraganean budak apainduta zeudela eta handienaren begietan urdin koloreko harribitxi ederrak zeudela; gauez bailara osoa argiztatzen zutenak».
Xuanzang erromes budistak idatzitako pasarteak ekartzen dituzte gogora gizonaren hitzok; 630. urteko idazkietan loratzen ari zen gune budistatzat jo zuen bailara zetaren bidea egiten ari zen erromes txinatarrak. Hamar monasterio eta mila monje baino gehiago zeudela zioen, eta buden bi estatuak urrearekin eta harri bitxiekin apainduta zeudela. Berriki jakin da, gainera, budak pintatuta egon zirela, eta kobazulotan munduko olio margolan zaharrenak daudela.
Budak txikituta zibilizazio zahar baten arrastoak ezabatu nahi izan zituzten talibanek, islamaren interpretazio hertsia aitzaki hartuta, giza irudiak musulmanen fedearen kontrakoak direla argudiatu baitzuten, ikonoklasten artean ikonoklastenak bezala azalduz. Omar Mohamed imamak buden suntsipenaren helburua «faltsuak ziren idoloak adoratzea saihestea» zela esan zuen. Ekintza horren bidez, baina, bide batez hazaren duintasuna eta oparotasuna saihestu nahi izan zuten talibanek, ezen gero eta jende gehiago erakartzen zuten budek, eta ordura arte ahaztuta bizi izan zen herria leku propio bat eskuratzen ari zen herrialdean—Unescok 2003an izendatu zuen gunea munduko ondare—.
Habiba Sarabi Bamijango gobernadorea da egun —emakumea den bakarra—, eta berak argi dauka erasoa beste urrats bat izan zela garbiketa etnikoaren bidean: «Talibanek ez gaituzte hazarak maite eta gurekin batera gure historia ere suntsitu nahi izan zuten».
Nazioartearen ahaleginak antzuak izan ziren, eta talibanek hainbat egunez bonbardatu zituzten budak misilekin eta obusekin; oinetan ere dinamita leherrarazi zuten, baina hondatzen ez zirela ohartuta beste neurri bat hartu zuten. Sied Mirsa Hussainek eman du horren berri. Urte hartan hartu zuten preso kobazuloan zegoela, eta bere gogoaren kontra aritu behar izan zuen lehergailuak jartzen: «Goizero eramaten gintuzten budak zeuden lekura eta oinetatik zintzilikatuta zuloak egiten genituen haitzetan; zulo horietan lehergailuak jarri behar izan genituen eta ondoren urrutitik zartarazi zituzten». Amorrua oraindik ere barruan duela dio Hussainek: «Afganistan eta Bamijanentzat ez ezik, mundu osoarentzat ziren garrantzitsuak budak».
Bost mila puskatan zatitu ziren ordura arte munduko buda handienak ziren estatuak. Zazpi urte behar izan zituzten ikerlariek harri zatiak jasotzeko, eta 1.400 puska berriz elkartzeko lanean ari dira orain —harearrian zizelatuta zeuden estatuak eta estukoa zuten kanpo aldean—.
Eta harri puskak elkartzen ari diren arreta berarekin ari dira hazara herriaren zauriak osatzen. Iragana ankerra izan bada ere, itxaropenari zirrikituak ireki dizkiote, duela hamar urte pentsaezina zen egoeran bizi baitira egun. Afganistango haran lasaiena izateaz gain, mitxoleta zelaiak ez dituen bakarra da Bamijan. Eskolara ez ezik, unibertsitatera ere joaten dira gazte hazarak, nahiz eta gobernu berriak ez dituen aintzat hartzen eta hiriburuan oraindik ere inork nahi ez dituen lanetan aritu behar izaten duten, han populazioaren %40 badira ere; Kabulgo kale laberintikoetatik gurdiak tiratzen, gari zakuak garraiatzen edo adreiluak jartzen aritzen da Pahlauan (35). Goizaldetik iluntzera arte lanean aritzeko zortea badu bost dolar eskuratuko ditu, baina, hala ere, pozik ari da jaioterriko beste bi lagunak alboan dituela. Hazarajatera itzuli nahi duela dio, garia landatu eta belar ondua jasotzera, baina negua amaitzeko zain dagoela dio, elurra noiz urtuko den zain.
Afganistan
Mendeak segundo bakarrean
Bamijango budak gaurko egun batez txikitu zituzten talibanek, duela hamar urte; han bizi den hazara etniaren kontrako jazarpenetik haratagoko ekintza izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu