Mendebaldeak ere nuklearrei uko egiteko eskatu du Ahmadinejadek

NBEk Irani programa nuklearra bertan behera uzteko emandako epea gaur amaitzen da

Kristina Berasain Tristan.
2007ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
«Erregaia ekoizteko lantegi itzelak zergatik egon daitezke martxan eguneko 24 orduetan, guk berriki sortutako instalazio teknologikoek, berriz, itxita?». Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak egindako galdera da. Beste behin auzi nuklearraz hitz egiteko prest dagoela berretsi du agintariak, baina, hori bai, aurrebaldintzarik gabe. Mendebaldeak ere programa nuklearrak bertan behera uzten dituenean, orduan, berak bereari ere uko egingo dio Ahmadinejadek: «Baldintza justuekin negoziazioak berriz abiatzea onartuko dugu».

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Teherani bere programa nuklearra «berehala» bertan behera uzteko emandako 60 eguneko epea amaitzen da gaur. Iragan abenduaren 23an aho batez hartutako 1737 ebazpenean ezarri zuten epea.IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia gaur da txostena helaraztekoa Segurtasun Kontseiluari. Teheranek epe honetan bere programa nuklearra bertan behera utzi duen edo, kontrara, oraindik indarrean duen jakinarazi beharko du txostenak. Horrela baldin bada, alegia, programa nuklearra martxan dela egiaztatzen bada, ebazpenak jasotako zigorrak ezartzen ahal dizkiote Irani. Programa nuklearrari uko egin badio, berriz, negoziazioak abiatuko dira berriz.

Ahmadinejadek uste du besteek ere berari eskatzen dioten baldintza bera bete behar dutela hitz egiteko: «Gure herriak elkarrizketa nahi du eta ez tentsioa eta konfrontazioa, baina elkarrizketak baldintzatzen dituzte eta baldintza horiek guri baino ez dizkigute eskatzen».

Rasht Iran iparraldeko hirian egin zituen adierazpenok, atzo, milaka herritarren artean, Ahmadinejadek. Energia nuklearra garatzea eskubide bat dela aldarrikatu zuten presidentearen hitzaldian bildutakoek.



ETXE ZURIA ETA IAEA. Mahmud Ahmadinejaden proposamenaerantzuteari uko egin diote AEB Ameriketako Estatu Batuek. Tony Snow Etxe Zuriko eledunaren iritziz proposamena ez da serioa: «Iranek ahalmen nuklear zibila eduki nahi izatea ulertzen dugu eta horrekin ez dugu inongo arazorik. Iranek arma nuklearrak garatzeko ahalmena izatea, berriz, bai da arazoa».

Mohamed el Baradei IAEAko idazkari nagusiak uste du zigorrak eta bahimenduak ez direla auzi nuklearra konpontzeko bide eragingarrienak. Financial Times egunkariari emandako elkarrizketan zigorrek ekar dezaketen ondorioez ohartarazi du: «Iran bakartuta sentitzen den giroa sortzen badugu orduan eskenatoki okerrenak ikus ditzakegu. Gure esperientziak dio zigorrak, bere horretan, inoiz ez direla eragingarriak eta erregimenamuturrera joatea eragin dezaketela kaltetuak izan behar ez duten pertsonak kaltetuz».

Iranek bere programa nuklearraren harira irakaspen tekniko ugari lortu dituela eta, hartara, sei hilabeteko epean uranioa maila industrialean garatzeko ahalmena izango duela uste du El Baradeik. Bost urteko epean, berriz, arma nuklearra eskuratzeko moduan egongo litzateke. Iranek egunen batean bonba atomikoa egiteko adina uranio izango duela ondorioztatu zuen iragan astean, barne txosten batean, Europako Batasunak.

Mohamed el Baradei eta Ali Larijani Irango auzi nuklearraren negoziazio taldeko burua bilera egin zuten atzo Vienan (Austria). Elkarrizketari «konstruktiboa» iritzi zion Larijanik. Bileraren aurretik auzi nuklearraren inguruko elkarrizketak berriz abiatzeko borondatea agertu zuen. NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna sinatu duela eta bere programa nuklearra helburu zibiletarako garatzen ari dela berretsi zuen. El Baradeik gaur egiaztatu edo gezurtatu beharko du hori. Ikuskatzaileek ez dute instalakuntza nuklearretan sartzerik izan.



NBE-REN Segurtasun kontseiluaren 1737 ebazpena

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu zuen 1737 ebazpena iragan abenduaren 23an. Alemania, Erresuma Batua eta Frantziaren ekimenez bozkatu zen ebazpena.



Pausoak

Epea. Programa nuklearra bertan behera uzteko 60 eguneko epea ematen dio ebazpenak Irani.

IAEAren txostena. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak epea amaitutakoan [gaur] txosten bat helaraziko du programa nuklearra bertan behera gelditu den edo ez egiaztatzeko.

Erabakia. Teheranek ebazpenean ezarritako baldintzak betez gero, negoziazioetara itzuliko dira. Ebazpena bete ezean, berriz, zigorrak ezarriko dizkiote Irani.



Baldintzak

Programa nuklearra. Iranek berehala utzi behar du bertan behera bere programa nuklearra eta uranioa aberastera edo gai nuklearrak ugaltzera bideratutako ekintza guztiak.

Ekintza nuklearrak. Programa nuklearrari lotutako hainbat ekintza definitzen ditu ebazpenak, hala nola, uranioa aberastea, uranioa berriz prozesatzea, ur astuneko erreaktoreak erabiltzea eta arma nuklearrak botatzeko bektoreak garatzea



Zigor teknologikoak

Bahimendua. Irani jarduera nuklearrak garatzeko baliagarriak izan dakizkiokeen materialak ematea, saltzea edo zuzenean edo zeharka eskualdatzea debekatzen die munduko estatuei 1737 ebazpenak.

Harremanak. Teherani laguntza edo formazio teknikoa ematea eta baliabideak trukatzea debekatzen du, halaber, dokumentuak.



Zigor ekonomikoak

Bahimendua. Teherani laguntza finantzarioa ematea edo bertan inbertsioak egitea debekatzen du ebazpenak.

Enpresak eta pertsonak. Ebazpenaren amaieran zerrenda bat jasotzen da. Irango programa nuklearrarekin harremana izan dezaketen hamar enpresa eta hamabi pertsonaren izenak jasotzen dira bertan. Horien guztien kontu korronteak itxi eta finantzazio iturriak blokeatzeko aukera jasotzen du ebazpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.