MENDEBALDEKO SAHARA. AGDAIM IZIK. Marokoren aurrean epel erantzun du nazioarteak

Mendebaldeko Saharan gertatutakoa argitzeko tramiteak hasi ditu NBEko Segurtasun Kontseiluak

Erredakzioa
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB) ez du gaitzetsi Mendebaldeko Saharan gertatua. Aaiun hiriburuan borrokak nonahi gertatu direlako, kezka agertu du; baina ez gehiago. Indarkeria inguruetara zabaldu eta eskualdea ezegonkortuko den beldur da Brusela. Dena dela, ez da jarrera hori hartu duen bakarra izan: nazioarteko erakunde eta agintari guztiek erantzun epela eman baitute Marokoren aurrean.

Frantziako Gobernuak, besteak beste, «Marokoko segurtasun indarren eta zibilen arteko aurrez aurrekoak» gaitzetsi ditu. «Irtenbide politiko bat aurkitzeko ahaleginean urratsak egin beharko dituzte», adierazi du Bernard Velero Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak adierazi du, aldiz, orain garrantzitsuena Rabateko gobernuaren eta Fronte Polisarioaren arteko negoziazioei eustea dela. Mendebaldeko Sahararen metropolia izan zelako, konpromiso serioagoa hartzeko eskatu diote Madrilgo gobernuari sahararrek. Zapaterok, baina, uko egin dio gatazkan esku hartzeari, eta Zapaterok bere gobernuaren jarrera defendatu du.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak tramiteak hasi ditu, Aaiunen eta Agdaim Izik kanpalekuan benetan gertatutakoa ikertzeko.



Irudia.

Bilbo

SAHARARREN ALDEKO OIHUAK

Sahararren aldeko erakundeek deituta, ehunka lagunek protestak egin zituzten atzo Euskal Herriko hiriburuetan. Argazkian Bilbon egindako elkarretaratzea ageri da. Han 300 bat lagun bildu ziren, Marokok hiri horretan duen kontsulatuaren aurrean. Ertzaintza manifestariak sakabanatzen hasi zenean, liskarrak sortu ziren: ondorioz, Poliziak bi lagun txilotu zituen. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat eskatu du, eta Nafarroako Parlamentuak gertatua gaitzetsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.