Horregatik, sahararrek gero eta jazarpen gogorragoa jasaten dutelako, Fronte Polisarioko presidenteak, Mohamed Abdelazizek, NBE Nazio Batuen Erakundeari, zehazki, NBEren Idazkari Nagusi Ban Ki-mooni eskatu dio «babes neurriak» jar ditzan Rabatek errepresioa amaitzeko. «2010. urte hasi berrian Marokoko Gobernuak nazioarteko giza zuzenbidea bortxatzen jarraitzen» duela gogorarazi dio eskutitz batean.
Era berean, Haidarren etxe inguruan ez ezik, Aaiungo kaleetan Poliziaren eta armadaren presentzia areagotu dela jakinarazi dute giza eskubideen aldeko hainbat erakundek. Codapsoren arabera, besteak beste, Marokok «giza eskubideak urratzen jarraitzen du». Eskubideen urratze horiek saharar guztiei eragiten dietela adierazi du Codapsok.
Saharak bizi duen salbuespen egoeraren lekuko izan dira hainbat kazetari ere. Izan ere, azken egunetan hainbat ekintzaile sahararri elkarrizketa egiteko asmotan zirenen lana eragotzi du Poliziak. Poliziak Djimi el Ghalia Giza Eskubideen Defentsarako ekintzaile sahararraren etxetik kanporatu ditu kazetariak, ekintzaileei elkarrizketak egiteko baimenik ez zutela argudiatuta.
Nazioarteko kazetariek Aaiundik alde egiten dutenean egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Hain zuzen, Marokoren asmoa auzia ikusezin bilakatzea dela salatu dute.
Negoziazioak
Mendebaldeko Saharako auziari irtenbidea bilatzeko, dozena erdi bat aldiz bildu dira Fronte Polisarioko eta Marokoko ordezkariak. Orain arte, baina, ez dute elkarrizketek balio izan bi aldeen arteko jarrerak hurbiltzeko.
Urteak iraun duen gatazkari irtenbide negoziatua ematearen aldekoa da NBE, dena dela. Hala, Mendebaldeko Sahararako erakunde horrek izendatutako ordezkariak, Christopher Rossek, bilera ez formal baterako prestaketa lanak hasi ditu. Aurki bildu nahi ditu Rossek bi aldeak; horretarako aukerarik baden ziurtatzeko, baina, Fronte Polisarioarekin eta Marokorekin negoziatzen ari da NBEren ordezkari berezia. Martin Nesirsky NBEko bozeramaileak eman du horren berri: «Bilera egitea posible den aztertzen ari da Ross. Aukerarik suertatzen bada, elkarrizketa ez formalen beste erronda bat egingo da; iragan abuztuan Vienan egindakoen gisako zerbait».
Berriro zuzeneko negoziazioei heldu ahal izateko, NBEren bitartekaritzapean bilera egin zuten Fronte Polisarioak eta Marokok abuztuan. Haatik, egoerak okerrera baino ez du egin ordutik Mendebaldeko Saharan. Aminatu Haidarren auziak, etxera itzultzeko baimena eman zionetik, presioa handitzeko aitzakia eman dio, gainera, Marokori.
Mendebaldeko Saharako egoera aztertzeko bilera egingo duen aztertzen ari da, halaber, NBEko Segurtasun Kontseilua ere. Hala jakinarazi du Michel Kafando Segurtasun Kontseiluko txandakako presidente eta Burkina Fasoko enbaxadoreak. Baina bilera eginerabaki aurretik, Marokorekin, Fronte Polisarioarekin eta Rossekin aztertzen ari da gaia.
7
Torturak. Casablancan (Maroko) joan den urrian atxilotutako zazpi ekintzaile sahararrak Sale espetxeko tortura ziegetara eraman eta bakartu dituztela salatu du Fronte Polisarioak. Kezkatuta dago bereziki Dagja Lachgarren osasun egoerarekin, jasan duen presioa dela eta.Saharan hasiko da Maroko autonomia prozesuarekin
Mohamed VI.a Marokoko erregeak berriz ere mahai gainean jarri du Mendebaldeko Sahararentzat autonomia estatutu bat. Marokoko eskualdeetan hasi nahi duen prozesuaren parte izango da, baina «eskumen gehiago» izango dituzte sahararrek. Espainiako Estatuak duen ereduari jarraitu nahi dio Marokok, «kultura aniztasunak nortasun nazional eta batasunezkoan bat egingo duen eredua» izango da, Marokoko buruzagiak esan duenez.Duela bi urte pasatxo aurkeztu zuen Marokok sahararrentzat proiektua, eta hori bera da orain dakarrena ere, baina Fronte Polisarioak erreferendumerako eskubidea aldarrikatu zuen orduan, eta baita orain ere.
«Jasaten ditugun torturen minaren oihuz eskatzen diot Europako Batasunari kargu har diezaion Marokori»
AMINATU HAIDAR
Ekintzailea
Djimi el Ghalia.Giza eskubideen aldeko ekintzailea
Mendebaldeko Sahararen gatazkak munduan daukan oihartzun eskasia salatu, eta erabakitze eskubidea gauzatzeko Marokori presioa egin diezaioten eskatu die munduko herri boteretsuenei El Ghaliak.
«Haidarren etxea zaintzen duten polizien probokazioak eguneroko kontuak dira»
I. Zubiaurre / A. Sokarros.ASVDH Giza Eskubideen Urraketa Larrien Saharako Biktimen Elkarteko erakundeko presidenteordea da Djimi el Ghalia (Agadir, 1961). Borroka bide baketsuen alde dagoen ekintzaile saharar hau desagertuta egon zen 1987 eta 1991 urteen artean; Marokoko kartzela beltzean lau urtez egon zen giltzapetuta. «Begiak tapatuta egon ginen; ez genekien non geunden ezta bizirik iraungo genuen; baina ez ginen beldur, eta orain ere ez gara». Aminatu Haidarren ziega berean egon zen, eta, orduz geroztik, lagun minak dira. Mendebaldeko Sahararen egoeraz BERRIAk egin dizkion galderei erantzun die posta elektronikoz.
Nolako egoeran da gaur egun Aminatu Haidar, etxera itzulita eta hilabete pasa gose greba egin ondoren?
Egoera aski zailean dagoela esan nezake. Izan ere, ez diote uzten bere sustatzaileekin harremanetan jartzen, ezta deitura berekoak ez diren senideekin ere, hala nola amaren aldeko familiako kideekin. Oro har, Haidarren eskubideak zangopilatzen dituzte Marokoko agintariek, eta haren etxea zaintzen duten polizia eta militarren probokazioak eguneroko kontuak dira. Haren auzokideei ere jazartzen ari zaizkie. Haren osasun egoerari dagokionez, poliki-poliki indartzen ari da, baina tentsioa oraindik ere oso baxu dauka.
Informazio batzuen arabera, Haidarrekin harremanetan jartzen saiatu diren batzuk atxilotu dituzte. Zehazki, nolako neurriak hartu ditu Marokok Haidarri elkartasuna agertzeagalaraztearren?
Marokok argi azaldu nahi duen mezua hau da: «Aminatu Haidarri jazartzeko aukerak oro dauzkagu, giza eskubideen aldeko ekintzaile gisa nazioartean aitortza eta babesa izanik ere». Hortaz, egia da, bai, Aminatu Haidarri animoak eta elkartasuna agertu nahi zioten lagun andana mehatxatu dutela, eta batzuei egurra ere eman dietela. Bortizkeria horiek emakumeen kontra bideratu dituzte bereziki, saharar gizartean emakumeari berebiziko lekua ematen zaiola eta begirune handia diogula ondo jakinda, seguru asko.
Zer iruditzen zaizu hilabete pasa iraun duen gose greba baten ondorioz Aminatu Haidarri Mendebaldeko Saharan sartzea baimentzeaz?
Gertatutakoaz atera daitekeen ondorioetako bat da zuzenbideak, giza eskubideen alde lan egiteak eta borroka bide baketsuek dutela garaitzen, ororen buru.
Aminatu Haidarren gose grebak iraun zuen denboran, baita oro har ere, Espainiako agintariek izaniko jarreraz eta jokaeraz zer uste duzu?
Espainiako Gobernuaren jokaeraz iritzi onik ez dut Aminatu Haidarren kanporatzeaz, haren oinarrizko eskubideen urratze larriaz, eta oro har Mendebaldeko Sahararen gatazkari dagokionez 1975etik izan duen jarreraz.
Giza eskubideen defentsarako erakundeek -zu buru zarenak barne-, nabarmendu dute Marokok Saharako herriaren kontrako jazarpena areagotu egin duela, 2009ko udaz geroztik bereziki. Jokabide hori nola azaltzen da Marokok okupatzen dituenlurraldeetan?
Marokoren jazarpena egunerokoa da; ez dauka etenik. Kontua da, tamalez, Marokok informazioa zabaltzeari jarritako oztopoen ondorioz, hemen jasaten dugunak ez duela, sarritan, oihartzun handirik izaten nazioartean. Aminatu Haidarrek gose greba gure herrialdean egin izan balu, inork gutxik izango zuen horren berri. Froga gisa, jakin behar da Aminatu Haidarrek eta beste preso politiko saharar andanak 43 egun iraun zuen gose greba bat egin zutela, 2005ean, Aaiungo espetxean. Albiste hori ez zen batere zabaldu, ordea. Beraz, argi esan beharra dago Marokoren jazarpena betikoa dela, eta harenapaltzerik behintzat ez dela sekula izan.
Christopher Ross Nazio Batuen Erakundeak izendatutako bake bitartekaria ahaleginetan ari da, berriro ere, Fronte Polisarioren eta Rabateko gobernuaren artean hizketaldi prozesua suspertzeko. Zer espero daiteke ekimen horretatik?
Ross jaunak egiten dituen ahaleginak sustatzen ditugu, eta haren ahaleginetatik zerbait lor daitekeela espero dugu beti. Alabaina, munduko potentzia handienen zinezko esku-sartzerik gabe, hots Mendebaldeko Sahararen gatazka konpontzea euren agenda estrategikoan sartuta ez den bitartean, ez da irtenbide zuzenezkorik gertatuko. Alta, aterabidea oso argia da, hau da, Mendebaldeko Saharari hitza ematea, etorkizuna erabaki dezan.
Hain zuzen, erabakitzeko eskubideaz erreferendum bat ez balitz aurki egingo, zein lirateke Mendebaldeko Saharako gatazka konpontzeko ikusten dituzuen beste bideak?
Erreferenduma da bide egokia. Mendebaldeko Saharako herriari hautu bat egiteko zinezko aukerarik emango diona, hots, independentzia aldarrikatzeko edo autonomia eskatzeko. Herriak berak bakarrik du zer edo zer erabakitzeko eskubidea, nehork bide bat inposatu gabe.
Nazioarteak zertan esku sartu beharko luke, zure ustez?
Giza eskubideen aldeko ekintzailea naizenez, nik neuk bide baketsuak bultzatu ditut beti, gatazka honi irtenbide bat ematearren. Haatik, nazioarteak irmo eta argi jokatu beharra du, bi aldeek nazioarte legezkotasuna bete dezaten, herria pairatzen ari den gatazkaren ondorioak geratzeko. Horren harira, nazioarteak esku hartu behar du eskualde honen baketze lanetan eta Magreb Handiaren, herrietako Magreben, garapen bidean.
Zuk ere garesti ordaindu duzu konponbidearen aldeko konpromisoa, kartzela beltzean egon baitzinen.
Gizatasunaren kontrako ekintzarik ankerrena da hori. Irakeko Abu Graibeko espetxearen argazki entzutetsu haien egoera berbera jasaten da Marokoko espetxe ezkutuetan, baina hedabideen oihartzunik gabe. Ehunka familia sahararrek bizi dugu desagertzeen oinazea. Niri dagokidanez, esaterako, amaren aldeko amona desagertuta dago 1984ko apirilaren 4az geroztik. Orain arte haren berririk gabe gaude.