Mendebaldeko Saharan iaztik izandako istilu larrienak piztu dira

Gutxienez zazpi lagun hil dira; horietako bat gazte saharar bat da, Marokoko kolonoek egurtu ondoren ospitalean hilaDakhlan futbol partida baten ondotik izandako liskarrekin hasi dira borrokak

Mendebaldeko Saharako Dakhla hiriko liskarrak, sahararren, kolonoen eta Marokoko estatuko indarren artean, herenegun. SALKA EMBAREK.
mikel rodriguez
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Iazko azarotik Mendebaldeko Saharan izan diren istilurik bortitzenak lehertu ziren iragan igandean, eta soka luzea ekarri dute. Sahararrek salatu dute Marokoko kolonoek Poliziarekin elkarlanean erasoak egin dituztela. Hiru egunetan zazpi lagun hil dira; horietako bat, saharar gazte bat, kolonoek jipoituta hil dutela jakinarazi dute. Istiluen erdigunea hegoaldeko kostaldeko Dakhla hirian dago —Aaiunera ere hedatu dira—. Sahara Thaura erakundeak dioenez, kolonoak eta Polizia sahararrak gehiengoa diren auzuneetan sartzen saiatu dira, baina bertako gazteen «erresistentziari esker», ez dute lortu. Marokoko Barne ministro Taieb Txerkaui Dakhlara joan zen atzo, Poliziaren eta armadaren jarduna bertatik bertara zuzentzera.

Agintarien arabera, bortz zibil eta bi polizia hil dira orain arte. Dakhlako Torturaren Aurkako Batzordeko presidente El Mami Amar Salemek ere hori berretsi du, baina zehaztapenak egin ditu. Adierazi duenez, hildakoak bortz kolono marokoar dira; lau auto istripu batean hil dira, saharar bati ibilgailua ebatsi ondoren, eta bertze bat armadak airera egindako tiro bat jasota. Militar bat ere bere kideek emandako tiro baten ondorioz hil dela erran du Salemek, eta bertze hildakoa jipoia jasotako saharar bat dela.

Egoera, «hagitz larria»

Eskualdeko gobernu zibilak atzo arratsaldean adierazi zuen egoera «kontrolpean» zuela, baina sahararren iturriek zioten estatuko indarrek eta «marokoarrek» erasotzen segitzen dutela. Dakhlako egoera «hagitz larria» dela erran du Sahara Thauarak. «Hiriko gune anitzetan leherketak adidaitezke, eta kea edozein lekutan ikus daiteke». Kolonoak 54, Errehma, Esalam, eta Um Tunsi auzoetara sartzen saiatu zirela jakinarazi du erakunde horrek. «Kolonoak eta Polizia auzo horietara hurbildu dira, baina gibelera egin dute hiriaren alde hori zaintzen duten gazteek harrika egin dietenean».

Emakume saharar talde bat Dakhlako gobernadorearen etxe aitzinera joan zen atzo, kolonoen eta estatuko indarren «indarkeria eta errepresioa» eten dezaten eskatzeko, eta hildako saharar gaztearentzat «justizia» aldarrikatzeko, Sahara Thauraren arabera. Arrazoi beragatik ere jendea karrikara atera zen Aaiun hiriburuan, eta istiluak izan ziren Marokoko Poliziarekin. Gutxienez gazte bat atxilotu zuten han.

Mitxan Med Lamin Brahim Txaiaa 28 urteko gaztea da hildakoa. Dakhlako Torturaren Aurkako Batzordeko presidente Salemek azaldu duenez, Txaiaa herenegun goizean bertze bi lagunekin batera autoan zihoala kolono talde batek ibilgailua geldiarazi, eta jipoitu egin zituzten. Txaiaa ospitalean hil zen.

Istiluetan zauritutako sahararren zerrendak ere argitaratu dituzte ekintzaileek. Gutxienez horietako biri labanaz eraso dietekolonoek. Horretaz gain, hainbat etxe «arpilatu» egin dituztela salatu dute, eta su emandako edo hondatutako ibilgailuak «zenbatezinak» direla. Kolonoek erasoak egiteko armadaren eta Poliziaren sostengua izan dutela salatu dute ekintzaileek.

Borrokak iragan igande arratsaldean hasi ziren Dakhlan. Futbol partida baten ondotik, gazte sahararrak eta kolonoak elkarri harrika ibili ziren. Istiluak, baina, futbol zelaiaren ingurutik hiriko bertze guneetara hedatu ziren. Mamai Hanun giza eskubideen ekintzaileak salatu duenez, militarrak eta poliziak sahararreioldartu zitzaizkien, eta kolonoak, berriz, sahararren auzuneetara bideratu ziren bertako herritarrei eraso egitera. Ordutik, militarren presentzia anitz handitu da Dakhlan. Metrailetekin hornitutako ibilgailuak daude karriketan, eta helikopteroek etengabe zaintzen dute airetik.

Marokoko Gobernuak, berriz, protestak sortu zituen zergatia gutxietsi du, bi futbol talderen jarraitzaileen arteko liskar soila izan zela erranez. Hala ere, Jaled Naciri Komunikazio ministroak adierazi du «hainbat eragilek bertze helburu batzuk lortzeko» erabili egin zituztela borroka horiek, haren arabera hasiera batean ez zelako «ez aldarrikapen politikorik, ez sozialik» egin. Nacirik esku hartze militarra justifikatu du, Dakhlan «egonkortasuna bermatzeko betebeharra» dutela erranez, baina soldaduen presentzia handia den arren larrialdi edo salbuespen egoera ezarri dutela ukatu du. Komunikazio ministroak erran du aldarrikapen politikoak azkenaldian «hagitz baretuta» zeudela.

Etenik gabeko errepresioa

Iazko azarotik, Marokoko militarrek Agdaim Izikeko kanpalekua desegin zutenetik, Mendebaldeko Saharan izandako istilurik larrienak dira egun hauetakoak. Hala ere, bi gertakari horien artean liskar bat baino gehiago izan da. Iragan abenduaren 22an, adibidez, Said Dambar gaztea hil zuen Poliziak Aaiunen, buruan tiro bat emanda. Sendiak eta ekintzaileek salatu dutenez, gorpua oraindik ere agintarien esku dago, eta tiroa eman zion poliziaren aurka ez dute inolako neurririk hartu. Hil honetan bertan hainbat manifestazio izan dira eskubide politiko eta sozialak aldarrikatzeko. Horietako batean, Aaiunen, manifestari batek salatu zuen Poliziak karrikan bertan eta furgoneta barrenean torturatu zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.