Ez dira garai onenak Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarentzat, Berlingo estatuko hauteskundeen emaitzek erakutsi dutenez. CDU alderdiari emaitza kaskarrak iragartzen zizkioten arren, botoen %23,4 eskuratu ditu, 2006an baino bi puntu gehiago, baina liberalen beherakadarengatik etorri zaizkio oraingoan buruhausteak, botoen %1,8 soilik eskuratu ditu eta, hala, ordezkaritzarik gabe geratu legebiltzarrean. Oposizioak salatu du emaitzok gobernu zentralean gobernatzeko zilegitasuna zalantzan jarri dutela, eta koalizioa hausteko eskatu dio Merkeli. Gobernuburuak, ordea, legealdia amaitu arte koalizioan jarraituko dutela ziurtatu du. Alemaniako bozetan zazpigarrenak eta azkenak izan dira, eta koalizioaren gainbehera nabarmena izan da.
Sozialdemokraten SPD izan da garaile, botoen %28,5ekin, eta Klaus Wowereit izango da bigarren aldiz hiriburuko alkate eta estatuko gobernadore. Berdeek bost puntu egin dute gora (17,6), Die Linke ezkerreko alderdiak baino emaitza hobeak lortuta. Ezkerrak aurrekoetan baino bi puntu gutxiago lortu ditu (%11,7).
Bozetako ezustekoa Piraten Alderdiak eman du, botoen %8,9 eskuratuta ordezkaritza lortu baitu lehen aldiz.2006. urtean sortu zen alderdia, eta Interneteko jarduera pribatua aldezten du.
Merkelen gobernu koalizioak legealdiari eutsiko dio Alemanian
Kantzilerraren kide liberalek ordezkaritza galdu dute Berlinen, eta sozialdemokratek garaipena berretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu