Merkelen koalizioak arerio sendoa du SPDn

Sozialdemokraten eta berdeen koalizioa CDU eta CSUren aurretik da inkestetan, Steinbrueck presidentegai denetik

Erredakzioa
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Alemaniako SPD Alderdi Sozialdemokratak hiru puntu egin du gora inkestetan, 2013ko hauteskundeetarako presidentegai gisa Peer Steinbrueck aurkeztu duenetik. Hala diote Alemaniako Forsa estatistika institutuak astero argitaratzen dituen inkestaren emaitzek. Igaro den astean, presidentegaiaren berri eman aurretik, botoen %26 iragartzen zizkieten sozialdemokratei; orain, hautagaia aurkeztuta, botoen %29 jasoko dituzte, Forsaren inkestaren arabera. Ondorioz, Alderdi Sozialdemokratari itxaropena piztu zaio, Angela Merkel buru duen CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Sozial Kristauak osatzen duten koalizioa gainditzeko.

Izan ere, Steinbruecken alderdiak gora egin duen bezala, egun agintean dagoen koalizioak hiru puntu galdu ditu astebetean: botoen %38 zituen eta %35 ditu orain. Bitartean, beste alderdien datuek ez dute gorabeherarik izan. Hau da, Berdeek botoen %12ri eusten diete, PDS alderdi ezkertiarrak %8ri eta Alderdi Piratak %7ri. FDPko liberalei, berriz, botoen %4 iragartzen diete azken inkestetan, parlamentuan ordezkaritza osatzeko beharrezkoa den baino puntu bat gutxiago.

Datuak horrela, sozialdemokraten eta berdeen arteko balizko koalizio bat —%41—, CDU, CSU eta liberalen arteko koalizioaren —%39— aurretik legoke momentu honetan. Kontuan hartu behar da, gainera, liberalek ez luketela ordezkaritzarik izango botoen %4 soilik lortuta.

2005 eta 2009 artean SPDk eta CDUk osatutako gobernuan Finantza ministro izan zen Steinbrueck. SPDk, hura hautagai izendatuta, sozialdemokrata tradizionalenen eta erdiko klasearen botoa erakartzea espero du, horien babesa ezinbestekoa baita bozak irabazteko. Arriskurik ere badu, ordea, Steinbruecken hautagaitzak. Sektore ezkertiarrek kontserbadorea izatea eta enpresen eta finantzen menpe egotea leporatzen diote, eta horrek Berdeen eta SPDren arteko balizko koalizioa ahuldu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.