Felipe Calderonek 2006ko abenduan eskuratu zuen boterea, eta orduan jakinarazi zuen indarra erabiliko zuela droga kartelak desagerrarazteko. Poliziaz gain armada ere bidali zuen kartelen aurka borroka egitera-40.000 guztira-, baina oraingoz galdutako gerra da abiatutakoa. Hildakoen kopuruak erakusten baitu gerra hitza erabiltzea ez dela gehiegizkoa. Horren inguruan, giza eskubideen aldeko hainbat erakundek jakinarazi dute hildakoetatik 5.000 adingabeak zirela, eta 500 baino gehiago preso politikoak. Hildakoei 121.000 atxilotu gehitu behar zaizkie. Mexikoko Epailetza Federaleko Kontseiluak onartu du atxilotutako lagunetatik 735 bakarrik jo ahal izan dituztela erruduntzat.
Indarkeriari indarrez erantzun ahal izateko, Mexikok AEBenlaguntza izan du. Merida Plana 2007an jarri zuten martxan; kartelen aurka batera borroka egitekobi herrialdeen artean abian jarritako egitasmoa. Washingtonek 1.100 milioi euro inguru emango zituela adostu zuten. Ez zuten datarik zehaztu, baina hurrengo urtean bertan, AEBetako Kongresuak planarentzako 1.025 milioi euroko aurrekontuaonartu zuen. Diru hori bideratu dute mugan segurtasunari eusteaz arduratzen diren erakundeak hobetzera eta poliziak eta soldaduak droga kartelen aurka borroka egiteko trebatzera. Mexikok hainbat ibilgailu ere jaso ditu borroka horretan bitarteko gehiago izatearren, horien artean bost helikoptero. Aurki hegazkin bat eta hiru Blackhawk helikoptero emango dizkiotela iragarri dute.
Borroka horrek, hala ere, eman ditu honezkero emaitza batzuk; plana abiatu zutenetik, zortzi karteletako buruzagi atxilotu eta talde horietako 107 kide estraditatu dituzte AEBetara. Sergio Enrique Villareal izan da azkena. Edgar Valdez Villareal, berriz, abuztuaren amaieran atxilotu zuten; biak herrialdeko droga trafikatzailerik bilatuenetakoak ziren. AEBetan, berriz, 1.186 kide atxilotu dituzte.
Kartelei droga, armak eta dirua konfiskatu diete ere. Lau urtean, guztira, honako hauek konfiskatu dituzte: 92 tona kokaina, 6.500 tona marihuana, 949 kilo heroina, 30.752 arma txiki, kalibre handiko 38.926 arma, 4.971 granada eta 315 milioi euro inguru.
Mexikoko eta AEBetako gobernuak behin eta berriz saiatzen dira arrakastaren emaitza horiek erakusten, baina, hala ere, elkarlanerako deia egin die herritarrei Calderonek. Droga kartelen aurkako gerrak agintariena bakarrik izateari uztea nahi duela jakinarazi du presidenteak, eta horretarako guztien lana beharrezkoa dela, indarkeria herritarren kezka nagusia dela gogoraraziz.
Urtero hildakoen kopuruak gora egin du etengabe. Iaz bakarrik, 9.635 lagun hil ziren, eta, aurtengo abuztura arte, 8.000 lagun inguru hil dira. Berriki izandako hilketa, gainera, herritar guztien memorian iltzatuta gelditu da. Ameriketako Estatu Batuetara joan nahi zuten 72 etorkinen gorpuak agertu ziren hilik abuztuan. Tamaulipas estatuko hilketa horrek hautsak harrotu zituen mugen barruan, baita kanpoan ere. Calderonek adierazi zuen basakeria bat izan zela, indarkeria areagotzen ari den erakusle, eta ohartu da prezioa handiegia dela.
Bere estrategiak horretan guztian eragina izan duela ere onartu du presidenteak. Haren hitzetan, militarrak borrokara bidaltzeak eta hainbat lider atxilotu edo hiltzeak kartelen barruan etsipena eta egonkortasun eza eragin du. Eta ondorioz lurraldeak, merkatuak eta bideak eskuratzeko droga trafikatzaileen arteko borrokak areagotu egin dira. Bahiketek, estortsioek eta lapurretek ere gora egin dute.
Kritikak eta proposamenak
Merida Planak eta Calderonen estrategiak kritika ugari jaso dituzte. Mexikoko Diputatuen Ganberako Kanpo Harremanen Presidente Porfirio Muñoz Ledok salatu du bi herrialdeak elkarlanean hasi zirenetik 15.000 lagun baino gehiago hil direla Mexikon;AEBetan, berriz, bakar bat ere ez. Droga kartelen aurkako gerraren inguruan, berriz, herritarren %78k adierazi du aurka dagoela. Segurtasun eza sortzeaz gain, estrategia horrek barne produktu gordinaren %1,2ko gastua dakar.
Vicente Fox presidente ohiak ere ez du plana atsegin, eta arazoa amaitzeko hainbat proposamen egin ditu. Militarrak erabili ordez, bereziki trebatutako poliziak eratu beharko liratekeela adierazi du. Haren iritziz, armada ez dago kriminalen aurka borroka egiteko prestatua.
Polizia buruak herritarrek aukeratu beharko lituzketela ere gehitu du Foxek. Haren hitzetan, horrek ustelkeria kasuak saihesten lagunduko luke. Ustelkeria ohiko arazoa baita Mexikon. Polizia Federalak jakinarazi berri du 3.200 agente kanporatu dituztela eta 1.020ri diziplina espedientea zabaldu dietela «konfiantza kontrolerako probak» ez gainditzeagatik.
Foxek kartelen boterea murrizteko drogen ekoizpena eta salmenta legeztatzea ere proposatu du. Kartelen jarduera ekonomiko nagusia desegingo litzatekeela deritzo. Haren iritziz, droga kontsumoa norberaren ardura da. Baina Mexiko eta AEBak horren aurka daude, horrek kontsumoa areagotuko lukeela argudiatuta.
Elkarlanerako deia egin die herritarrei Felipe Calderonek
Felipe Calderon presidenteak droga kartelak herrialdeko arazo nagusia direla onartu du, eta horiei aurre egin ahal izateko elkarlanerako deia luzatu die herritarrei. Agintariaren hitzetan, «historiak erakutsi du batuta bakarrik egiten dela aurrera»; Gobernuak bakarrik ezin duela droga trafikoa desagerrarazi esan du.Azken hilabeteetan karteletako hainbat buruzagi atxilotu dituzte, eta horrek indarkeriak gora egitea eragin duela ohartarazi du presidenteak. Boterea eskuratzearren eta herrialdeko hainbat eremu kontrolpean izatearren, kartelen arteko borrokak areagotu dira. Talde hauen indarkeriaz gain, lapurretek, bahiketek eta estortsioek ere gora egin dutela ohartarazi du presidenteak.Alberto Giordano.Narconews webgunearen sortzailea
«Merida Plana garaipen aukerarik gabeko gerra gisa dago diseinatuta»
Igor Olaeta. Mexiko HiriaAlberto Giordanok (New York, 1959) droga trafikoari buruzko zenbait erreportaje idatzi zituen Mexikoko Chiapas estatuan lanean ari zela. Horietan gobernua, armada eta Polizia droga trafikoan nahasiak daudela salatu zuen. Inork ez zituenez argitaratu nahi izan, Internet baliatzea erabaki zuen. Narconews izeneko webgunea sortu, eta ordutik bertan argitaratzen ditu albisteak.
Mexikoko droga kartelen aurretik, Kolonbiakoek kontrolatzen zuten negozioa. Nola gertatu da aldaketa?
Lehenengo eta behin, gauza bat utzi behar da argi: Gai honen guztiaren jatorria AEBek drogen inguruan daukaten debeku politikan dagoela. Politika hori indarrean egongo ez balitz, akabo arazoa. Horregatik sortu zen Medellingo Erakundea. Gero, trafikatzaileen kontrako neurri gogorrak etorri ziren, eta Gustavo de Greifek, Kolonbiako Fiskal nagusiak, Pablo Escobar harrapatu zuen. Handik gutxira, 1994an, AEBetara gonbidatu zuten hitzaldi bat ematera. Han esan zuen drogak legeztatzea zela bide bakarra droga trafikoa atzean uzteko. Hori entzutean, Bill Clintonen gobernuak bisa kendu, eta herrialdera sartzeko debekua ezarri zion. Horrela indartu zen Kolonbian Cali Erakundea.
Eta Cali erori ostean, AEBek Kolonbia Plana hasi zuten...
Hori da. Herrialdean militarki esku hartzeko plana, dirutza izugarriarekin. Israelen eta Egiptoren ostean, Washingtonengandik dirurik gehien jasotzen duen herrialdea da Kolonbia geroztik. Plan horregatik hasi ziren talde kriminalak Mexikon, behin Cali erorita, negozioaren kontrola eskuratzeko. Mexikok ez du koka hostoa ekoizten, klima ez delako horretarako egokia, baina Kolonbiako koka hostoaren eta gringoen sudurren artean dagoen tutua da. Herrialdea dagoen tokian dagoelako eta bere erakundeen ahulezia dela eta, droga trafikoaren Meka bihurtu da.
Eta orain Merida Plana ere ezarri dute Mexikon, droga trafikoaren arazoari aurre egiteko.
Washingtonen beste plan bat, armak eta dirua Mexikoko armadaren esku jartzeko. Ekimen horrek ere, erakunde batzuk ahuldu eta beste batzuk indartzen ditu.Ezin da erakunde kriminal baten kontra jo konpetentzia indartu gabe. Eta askotan hori da ezkutuko asmoa, indartuta atera den erakundeari diruak zuritzen laguntzea, alegia. Merida Plana garaipen aukerarik gabeko gerra da. Horrela dago diseinatuta, ez irabazteko, legez kanpoko merkatutik irabazi handiak ateratzeko baino. Gainera, Washingtonek Latinoamerikako herrialdeei xantaia egiteko erabiltzen du drogen aurkako gerra. Gobernuak eta bere bazkide diren enpresa pribatuek etekina ateratzen dute.Pobreek, ingurumenak eta giza eskubideek, berriz, galdu egiten dute.
Kokaina ekoizten duten herrialdeek droga trafikoaren arazoan erantzukizunak partekatu egin behar direla argudiatzen dute. Ados al zaude?
Tontakeria galanta da niretzat.Denek ulertzen dute arazoa debekua dela, faxistenek izan ezik. Botere zentroak aldatu egin dira, eta AEBen drogaren aurkako politikaren aldera makurtu diren herrialdeek galdu dute gehien, Mexikok eta Kolonbiak.
Elias Kuri Terrazas.Iluminemos Mexico erakundeko presidentea
«Merida Planeko dirua ez lukete borrokarako bakarrik erabili behar»
U. Arteaga.Elias Kuri Terrazasek (Mexiko Hiria, 1956) bi urte daramatza borrokan droga trafikoaren eta horrek eragiten duen indarkeriaren aurka. 16 urteko gazte baten bahiketaren eta hilketaren ondoren, manifestazio bat antolatu zuen delitu hori arbuiatzeko 2008ko abuztuaren 1ean Iluminemos Mexico izenarekin. Ondoren, erakunde bat sortu zuen izen berarekin.
Uste al duzu AEBek eta Mexikok bete dituztela Merida Planarekin zituzten helburuak?
Batzuk bai, baina beste asko ez.AEBek ez dute laguntza behar bezain azkar eman, eta, horren ondorioz, ezin izan dituzte ekintza guztiak egin. Egia da hainbat helikoptero eta beste ibilgailu batzuk bidali dituztela Mexikora, beste hainbat gauzaren artean. Baina, nire ustez, dirua ez dute egoki erabili. Merida Planeko dirua ez lukete borrokarako bakarrik erabili behar; gizartea drogaren kalteez kontzientzia hartzeko ekimenak eta drogen mendeko herritarrak gizarteratzeko planak ere sortu beharko lituzkete.
Esan dute Merida Plana AEBak beren lurraldetik kanpo egiten ari diren drogen aurkako gerra dela. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Horrekin esan nahi dute Mexikoren eta AEBen elkarlanean Mexikok hildakoak jartzen dituela eta AEBek, berriz, borroka egiteko dirua. Gainera, ezin da ahaztu AEBek Mexikoko droga kartelek saltzen duten droga ere erosten dutela. Baina hildakoez hitz egitean, bereizi egin behar dira Merida Plana eta Felipe Calderon presidentearen droga kartelen aurkako gerra. Planaren dirua borrokarako erabili delako egon dira hildakoak, ez planagatik beragatik. Borrokak ez du droga trafikoa bukatuko, AEBetan droga eskaera dagoen bitartean Mexikon eskaintza egongo delako.
Zein iritzi duzu drogak legeztatzearen inguruan? Zer iruditzen zaizu AEBen eta Calderonen jarrera?
Gu drogak legeztatzearen alde gaude. Debekuak ez du jendeak drogak hartzea saihesten. Gainera,gure ondoko herrialdean drogak legeztatzea erabakitzen badute, zentzuduna da hemen gauza bera egitea. Horregatik, AEBen aldetik kontraesana ikusten dut. Alde batetik, Mexikon drogak legeztatzearen aurka daude, baina, beste alde batetik, Kalifornian eta beste hainbat estatutan marihuana legeztatzea pentsatzen ari dira. Calderon, berriz, erabaki hori hartzearen aurka dago, haren ustez kontsumoa handitu egingo litzatekeelako. Baina jakinarazi duprest dagoela drogak legeztatzeaz hitz egiteko. AEBek presioa sartzen badute ere,espero dut negoziatzeko prest egoten jarraitzea, eta gehiengoaren desira errespetatzea.
Drogak legeztatuta, kartelen indarkeria amaituko litzateke?
Gaur egun, Mexikon, AEBetan Lege Lehorraren garaian bezala gaude, eta drogak legeztatzeak egoera hobetuko luke. Baina gauza gehiago ere egin behar dira. Gobernuak estatu guztien kontrola lortu behar du. Bestela, horietan kartelek beste edozein legez kanpoko jarduera hasiko lukete.
Militarrek droga trafikoaren aurka borroka egiteari utzi beharko lioketela uste al duzu?
Guk ere militarrek lan hori egiteari uztea nahi genuke. Baina badaude hainbat toki, non armada beharrezkoa den. Ciudad Juarezen, adibidez. Kartelak kontrola ditzakeen Polizia bat izatean itzuli ahal izango da armada bere ohiko betebeharretara.