Mexikoko ikasleek kalera ateratzea erabaki dute. Haserre daude.Herenegun milaka lagun elkartu ziren ustelkeriaren ikurtzat jotzen duten Argi Lorratzaren monumetuan. Twitter eta Facebook bidez egin zuten deialdia, eta horrela hasi zuten unibertsitate publiko zein pribatuetako ehunka ikaslek. Nor bere kartelarekin. Handiegia da gazteok barruan duten samina geldirik egoteko. Ustekabeko mugimendua hasi duten horiek mugitzen hasi, eta iluntzerako Televisa telebista katearen egoitzan ziren, uztaileko hauteskundeetan ez dutela inposiziorik onartuko oihukatuz.
Iberon hasi zen 132 eta + edo Udaberri Mexikarra deritzon suminduen mugimendua. Maiatzaren 11n Peña Nieto PRI alderdiaren presidentegaiak hitzaldia eman zuen jesuiten Unibertsitate Iberoamerikarrean. Agerraldia baketsua izan zen. Arazoak galdera txandarekin batera hasi ziren, dozenaka ikaslek agerian utzi zutenean hautagaiaren iragana. 2006. urtean Atenco herrian izandako sarraskiaren erantzule egin zuten, eta Peña Nietok aintzat hartu zuen salaketa. «Estatua arriskuan zen, eta ordena ezartzeko indarra erabiltzeko agindua neronek eman nuen. Ez naiz damu», esan zien Peña Nietok ikasleei.
Protestaldia bere horretan amaituko zen, biharamunean PRIko zenbait goi karguk ahoa ireki eta barrua hustu izan ez balute. Televisa eta Teleazteca kate pribatuen laguntza paregabea izan zuten PRIko kideek: haien arabera, ez ziren unibertsitarioak protestan aritu zirenak; ezkerreko hautagaiaren zerbitzura jardundako probokatzaile profesionalak ei ziren.
Horrek eta protestan aritutakoen kontra hasitako jazarpenak piztu zuen sua. Gazteek kontraerasoa Youtuben ezarritako bideo bidez egin zuten: aurpegia emanez eta ikasle txartela erakutsiz, 132 ikaslek gogor egin zuten Peña Nietoren eta haren mesedetan omen dabiltzan hedabideen kontra. 132 izan ziren ikasleak, eta 132 eta gehiago dira orain protestan ari direnak.
Bitxia da mugimendua, ez baitira protestan maiz aritzen direnak. Televisako egoitzan elkartu zirenen arteko asko klase ertainekoak dira. Etxe onekoak dira neska-mutilak, unibertsitate publikoetako langileen seme-alabekin bat egin dutenak. Eta guztiak elkarrekin bete-betean sartu dira presidentea aukeratzeko uztailaren hasieran izango diren hauteskundeen kanpainan, baina ez hautagai bat edo besteren alde egiteko.
Presidentetza oztopatzen
Asteon Felipe Calderon presidente mexikarrak agerian utzi duen bezala, «hau da munduan, tokiko presidentearen kontra antolatzen ez den lehen ikasleen matxinada». Hala da. 73 urtez herrialdean botere osoa izan zuen PRI alderdiari Los Pinos jauregirako bidea ixteko saioan dira ikasleak. Horretan, eta hedabide nagusien kontrako borrokan, Peña Nietoren aldeko «apustu lotsagarria» egin dutelako.
Internet baliatu dute Iberon hasitakoa UNAM, IPN, UAM, Uia, Tec, Anahuac, Claustro de Sor Juana eta beste hamaika unibertsitatetara zabaltzeko. Ez bakarrik hiriburuan. Joan den astean Iberotik abiatu eta Televisaren egoitzaraino manifestazioa egin zuten, izandako manipulazioa salatzeko, eta protesta larunbatean biderkatu egin zen, Mexikoko hiri nagusietan izandako manifestazioekin.
Egundoko mobilizazioa izan zen; milaka lagunek hartu zituzten kaleak. Eta horietako batzuek, ez guztiek, elkarretaratzea egin zuten igandean Zocalo plaza nagusian, eta berriro Tlatelolco plazan, biharamunean, 1968an ikasleen kontra sarraskia izan zen tokian, ezkerreko hautagai Lopez Obradorren aldeko agerraldian.
Ordura arte protesta telebista kateen kontra bideratu bazuten ere, astelehenean Milenio egunkariaren kontra zabaldu zuten, igandeko alean PAN eskuineko alderdiarekin lotu baitzituen kazeta horrek bezperako protestak. Hedabideek egunotan izan duten jarrera aldaketa nabarmena izan da. Televisarentzat, esaterako, hasieran lau katu besterik ez zirenak, albiste izateko gutxi, mugimendu jendetsua bilakatu zen hurrengo astean, eta jazotakoaren irudiak zazpi egun beranduago eman dituzte.
Gazteen protestaldiak agerian utzi du herritar asko gogaituta dagoela ohiko politikariekin eta alderdiekin. Ez da mugimendu antolatua. Oraingoz ez, behintzat. Hauteskunde kanpaina bitartean kalean izango direla iragarri dute, eta Internet bidez lehenago besterik antolatzen ez badute, ekainaren 1ean dute elkartzeko hurrengo eguna. Argi dago 132 ikaslek hasi dutela udaberria, nola amaituko den, baina, ez daki inork.
Mexiko ere hasi da sumintzen
Unibertsitate guztietako ikasleak kalera atera dira, haserre daudela esatera eta politikarien eta komunikabideen manipulazioa salatzera; uztaileko bozetan PRI alderdiak boterea hartzea galarazi nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu