PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiak Mexikoko presidentetzarako hauteskundeak berriz egiteko eskatuz jarri zuen helegitea ez du onartu Federazioko Botere Judizialeko Hauteskunde Auzitegiak. PRD ezkerreko alderdiak bozetako «irregulartasunak»aztertzeko prozesu bat irekitzeko eskatu zion epaitegiari. Ezkerreko alderdiak uste du PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak bost milioi boto erosi egin zituela. Auzitegiak atzera bota du eskaera: «Ez dugu eskumenik hauteskundeak baliogabetzeko prozesu bat irekitzeko».
Hauteskunde Auzitegiko Pedro Esteban Penagos epaileak azaldu duenez, PRDk lehenengo helegitea Mexikoko Hauteskunde Institutu Federalean jarri behar du. Eta han erantzuna jaso ondoren jo dezake auzitegira, erabakiarekin ados ez badago: «Institutu Federala ezin dugu behartu modu batera jokatzera».
Bestalde, epaitegiak adierazi du «hirugarren interesdun» gisa hauteskundeetako emaitzen aurka PRDk aurkeztu dituen herritarrek ez dutela «legezko interesik» auzian. Ezta hainbat elkarte eta komunikabidek aurkeztutako helegiteek ere.
Hala, hauteskundeak baliogabetzeko ezkerreko alderdiaren eta hainbat herritarren eskaerak ez dituzte onartu. Hala ere, Hauteskunde Auzitegiak oraindik ez du eman hauteskunde prozesuaren legezkotasunaren inguruko azken ebazpena. Irailaren 6 arteko epea izango du horretarako. Orduan esango du azken hitza.
Kanpainan, irregulartasunak
Emaitza ofizialen arabera, uztailaren bateko hauteskundeak Enrique Peña Nieto PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagaiak irabazi zituen, botoen%38,2 lortuta. PRDko Andres Manuel Lopez Obrador, berriz,bigarren gelditu zen, botoen %31,8 eskuratuta.
Ezkerreko hautagaiaren ustez, ordea, PRIk «irregulartasunak» egin zituen kanpainan. Araututa dagoen baino diru gehiago erabiltzea leporatu dio, eta dirua legez kanpo eskuratzea ere bai. Lopez Obradorrek uste du PRIk bost milioi boto inguru erosi zituela iruzurraren bidez, eta azken emaitza guztiz baldintzatu zuela. PRDren arabera, 282 milioi euro gastatu zituen kanpainan, legeak gehienez 20 milioi euro erabiltzea arautzen duenean. Lopez Obradorrek salatu du iruzurra eremu pobreenetan egin dutela.
Duela sei urteko bozetan ere, PRDko hautagaia haserre agertu zen emaitzekin, eta ezkertiarrek protestak egin zituzten. Orduan, %0,56rengatik galdu zituen hauteskundeak Lopez Obradorrek.
Mexikoko Hauteskunde Auzitegiak ez du onartu PRDk jarritako helegitea
Ezkerreko alderdiak bozak baliogabetzeko eskatu zuen PRIk iruzurra egin zuela argudiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu