Mexikoko kostaldean arrisku maila altuena hartu du 'Jimena' urakanak

Bizitasuna zertxobait galduta, baina indartsu, bart zen iristekoa Kalifornia Behereko hegoaldera

2009ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Jimena urakana arriskutsu bihurtu da Mexikora hurbildu ahala. Atzo Saffir-Simpson eskalan arrisku maila altuena zuen, nahiz eta lehorrera iritsita indarra galduko zuela iragarri Mexikoko Zerbitzu Meteorologiko Nazionalak: batetik bosterako eskalan, atzo bost gradu zituen, eta San Lucas lurmuturrera ailegatzearekin bat laugarren mailara jaitsiko zela zioten adituek. Bart edo gaur goizean espero zuten Jimena Kalifornia Beherean. Lerro hauek idazteko unean, handik 200 bat kilometrora zegoen urakana, oraindik Ozeano Barean.

Urakanak iparraldera indarra galduta egingo badu ere, Mexikoko agintariek badaezpada neurriak jarri dituzte martxan: herenegundik alerta laranja jarria dute herrialdeko mendebaldean. Haize bolada indartsuak eta euri jasa handiak espero dituzte han; hortaz, baita uholdeak ere datozen egunetan.

Urakanaren indarra nabaritzen lehenengoak Kaliforniako erdialdetik hegoaldera bizi diren herritarrak izango dira. Halaber, turista askok eremu hartatik irtetea erabaki dute. Penintsulako hegoaldean gune turistiko mordoa daude; horregatik, urakana dela eta, zenbait hotelek hiru laurdeneko hustualdia izan dute.

Urakanen garaia hasi da

«Ohiz kanpoko gertaera bat da. Inoiz bizi beharrik izan ez dugun egoera baten aurrean egoteak kezkatzen gaitu», adierazi du Jose Gajonek, Mexikoko Babes Zibileko zuzendariak. Jimena-k 250 kilometro orduko haizea eta 305ko haize boladak sortu dituela ikusita, alerta laranja martxan jartzea erabaki zuten atzo.

Alerta egoera ezarrita, arrisku guneetan bizi diren herritarrei handik ateratzeko gomendioa egin diete. Hala ere, urakanak inor hilko duen beldur dira Mexikoko agintariak. Dagoeneko 30.000 lagun inguru ebakuatu dituzte, gehienak Los Cobos eta Comondu herrietako bizilagunak. «Los Cobosen, baita San Jose del Cabon eta San Lucas lurmuturrean ere, familia asko hartu ditugu behin-behineko aterpeetan», azaldu du Luis Armando Diazek, Mexikoko Gobernuko idazkariak.

Diazek MVS irrati kateari jakinarazi dionez, kalte handienak Los Cobos herri turistikoan izango direla uste dute, eta, horregatik, badaezpadako neurri gogorrenak ere hantxe hartu dituzte. «Kalifornia Behereko hegoaldeko historian lehen aldiz, Saffir-Simpson eskalan laugarren kategoriako urakan bat iritsiko da gure lurretara. Halako fenomeno bati aurre egiteko prest egon behar dugu»,adierazi du Luis Armando Diazek.

Jimena-rekin gogor hasi da Mexikon urakanen garaia. Uda partean sortzen dira halakoak; Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean sortu ohi diren urakanek kalte handiak eragiten dituzte; nagusiki, Erdialdeko Amerikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.