Mexikoko mugan harresi birtuala eraikitzeko lanak bertan behera utzi dituzte AEBek. Muga zeharkatu nahi zuten paperik gabeko etorkinak eta droga trafikatzaileak atzemateko helburuarekin hasi ziren harresi hori egiten 2007an. Baina, bideo kamerez, radarrez eta sensorez osatutako horma ez da espero zutena bezain eraginkorra gertatu. Janet Napolitano AEBetako Nazio Segurtasunerako idazkariaren arabera, «ez zituen betetzen bidegarritasunari eta aurrekontuen eraginkortasunari dagozkion estandarrak». Lanak geldiarazteko erabaki hartu dutenerako, ordea, 750 milioi euro —1.000 milioi dolar— inguru gastatu dituzte AEBek harresi horretan.
Mexikotik AEBetara, Arizonako estatutik sartzen dira paperik gabeko gehienak. Eta ez sarbiderik erosoena delako, Sonorako desertua gurutzatu behar izaten baitute horretarako. Azken urteetan, baina, Tijuana eta San Diego artean eta El Paso eta Juarez artean harresi fisikoa altxatu dute AEBek. Beraz, biderik arriskutsuenak besterik ez zaizkie geratzen baimenik gabe sartu nahi zutenei. Hain zuzen, Arizonan eraiki zuten harresi birtualaren lehen zatia ere, proba pilotu gisa.Berez, 2007an martxan jartzekoak ziren, baina Boeing aeronautikako enpresak diseinatutako sistemak hasiera-hasieratik sortu zizkien arazoak.
Urtebeteko atzerapenarekin, 2008an abiatu zuten sistema, eta bi urteotan erakutsi du garestia bai baina ez dela espero bezain eraginkorra. 85 kilometro luze teknologiaz hornitzen 750 milioi euro gastatu ditu Barack Obamak gidatzen duen administrazioak. AEBen eta Mexikoren arteko mugak, berriz, 3.100 kilometro luze ditu. Sistemaren ebaluazioa egiteko orduan, AEBetako Nazio Segurtasunerako Depatamenduak adierazi du, merkatuan badaudela mugako segurtasuna bermatzeko Boeingek proposatutako SBInet sistema baino eraginkorragoak. Boeingek ez du gaizki hartu kritika. Pozik agertu da dagoeneko eraiki dituzten zaintza dorreak erabiltzen jarraituko dutelako, eta aurrerantzean ere administrazioa laguntzeko prest izango dela esan du.
Birtualaz gain, fisikoa
Baina harresi birtuala eraikitzeko lanak alde batera utzi izanak ez du esan nahi mugako zaintza arinduko dutenik. Kontrakoa. Sistema merkeago eta eranginkorrago batekin ordezkatuko dute lehengoa. Napolitanoren esanetan, sistema berriarekin, 500 kilometro teknologiaz hornitzeko 750 milioi beharko dituzte. «Mugako eskualde bakoitzera egokitzeko gai da estrategia berria; teknologia bizkorrago ezartzeko modua ematen du; estaldura hobea, eta, gainera, gastu eta gaitasunetan askoz eraginkorragoa da».
Alabaina, hesi tradizionalak ere zutik jarraitzen du oraindik, bere oker, zulo eta irregulartasun guztiekin. Hesi horrek itxura diferente ugari hartzen ditu mugako 3.200 kilometroetan. Zati batzuetan, altuera handiko metalezko plantxa batzuek egiten dute hormarena; beste batzuetan, ostera, jauzi batekin igaro daitekeen txarrantxak. Oztopoak oztopo, urtero paperik gabeko 500.000 lagunek gurutzatzen dute muga, erdiek Arizonatik.
Hala ere, saiatzen direnak askoz ere gehiago dira. AEBetara ailegatzen ez direnetako batzuk, poliziaren eskuetan erortzen dira; egunero paperik gabeko 200 bat lagun kanporatzen dituzte AEBek. Beste askok ez dute basamortua zeharkatzerik lortzen. Azken hamar urteetan 2.000 lagun hil dira ahalegin horretan.
Presioa Obamari
Mexikoko mugan segurtasun handiagoa ezartzeko presio gogorrak jasan ditu Obamaren administrazioak, horrek paperik gabekoen etorria eta armen eta drogen trafikoa geldituko dituelakoan. Hala, iaz, 448 milioi euroko aurrekontua sinatu zuen mugan beste 1.500 polizia eta ikuskatzaile jartzeko eta tripulatu gabeko beste bi hegazkin erosteko. Horrez gain, Guardia Nazionaleko 1.200 tropa bidali zituen hego mendebaldeko mugara, hango segurtasuna indartze aldera. 2004an, 10.000 polizia aritzen ziren muga zaintzen; iaz, berriz, 20.500etik gora.
Mexikoko mugan harresi birtuala egiteari utzi egingo diote AEBek
Bushen gobernuak abiatutako proiektua ez da izan espero zutena bezain eraginkorra; gainera, garestiegia dela uste du NapolitanokLanak gelditzea erabaki dutenerako, 750 milioi euro gastatu dituzte harresi horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu