Azken orduko aldaketarik ezean, Michael D. Higgins alderdi laboristako hautagaiak lortuko du garaipena, eta Irlandako Errepublikako bederatzigarren presidentea izango da. Hala, Sean Gallagher enpresari independentearen aurretik gailendu da 70 urteko hautagaia; izan ere, azken astera arte eginiko inkesten arabera, enpresaria zen bozak irabazteko faboritoa. Irlandarrek hura jotzen zuten herrialdearen gidaritzarako pertsonarik egokientzat, baina atzean utzi dute azken astean azalera atera diren eskandalu ekonomikoek. Sinn Fein alderdi errepublikanoko hautagai Martin McGuinness, berriz, hirugarren geratu da; Irlandako historian lehen aldiz aurkeztu du Sinn Feinek presidentetzarako hautagaia.
Irlandak gogor aurre egin behar izan die krisi ekonomikoaren ondorioei. Egoera larria ikusirik, Europak haren erreskatea onartu zuen iragan abenduan, eta Brian Cowen lehen ministroak hauteskundeak aurreratu behar izan zituen 2011ko otsailera. Hala, Fine Gael zentro-eskuineko alderdiak lortu zuen garaipena, eta alderdi kontserbadorea boteretik kendu zuen.
Osteguneko hauteskundeetan presidente berria hautatu du Irlandak, eta 1997tik buru izan denFianna Fail alderdiko Mary McAlees ordezkatuko du datorren agintaldian. Hiru milioitik gora irlandar zeuden deituak boza ematera, baina parte hartzea baxua izan dela azpimarratu dute iturri ofizialek —%70 baino gutxiagokoa—. Izan ere, egoera ekonomikoarekiko haserrea eta krisiari buelta emateko nahia erakutsi duten arren, irlandar gehienek uste dute Errepublikako presidente karguak ez duela aldaketa hori aurrera eramateko adinako indarrik.
Lehen postutik behera
Ekonomiak hauteskunde hauetan izan duen garrantzia azpimarragarria izan da. Zazpi presidentegaien artean hiru faborito argi nabarmendu ziren hasieratik, eta azken txanpan ere bozen gehiengoa lortu duten hiru hautagaiek jaso dute hedabideetan oihartzunik handiena. Gallagherren kasuan, baina, komunikabideetako zabalkundeak ez dio mesederik egin, iruzur ekonomikoekin lotu dutelako, eta Higgins horretaz baliatu da herritarren botoa eskuratzeko.
Hautagai laboristaren garaipena ziurtzat eman bezain pronto, hainbat alderditako kideek Higgins zoriondu dute. Gallaherrek porrota onartu du, eta presidente berriari erabateko babesa emateko prest azaldu da. Alderdi Laboristako buru Tanaiste Eamon Gilmore ere pozik azaldu da: «Alderdiko hautagairik egokiena zelako izendatu genuen; badirudi herritarrek ere hala uste dutela. Oso presidente ona izango da».
Michael Higgins hautagai laborista jo dute garailetzat Irlandan
Inkestek Gallagher jotzen zuten faborito, baina bigarren geratu da, eta McGuinness, hirugarren postuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu