irlanda

Michael Higgins laboristak irabazi ditu Irlandako Presidentzia hauteskundeak

Sean Gallagher enpresaburu independentea geratu da bigarren. Martin McGuinness Sinn Feineko hautagaia hirugarren, %13rekin.

2011ko urriaren 29a
18:57
Entzun

Michael D. Higgins 70 urteko politikari laborista izango da Irlandako bederatzigarren presidentea, botoen %39 lortu dituelako, 1.007.104 boz —arratsaldean amaitu dute zenbaketa—. Mary McAleese-ren (Fianna Fail) lekukoa hartuko du karguan.

Haren aurkari nagusi Sean Gallagher enpresaburu independenteak goizean aitortu du Higgins izan dela bozetako garailea. Gallagher bigarren geratu da, %28ekin, 628.114 bozekin. Hirugarren, Sinn Fein alderdi independentistako hautagaia: Martin McGuinness, %13rekin, 265.196 bozekin —Sinn Feinek lehen aldiz aurkeztu du presidentegaia Irlandan—. Fine Gaelekom hautagai Gay Mitchell laugarren, %6rekin, 136.309 bozekin.

Ostegunean izan ziren Presidentziarako hauteskundeak. Zazpi hautagai zeuden, eta Higgins bera da denetan zaharrena. %50 ingurukoa izan da parte hartzea. Hiru milioi pasatxo lagunek zuten botoa emateko aukera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.