Ekonomia, gizarte eta politikan "aldaketa globala" eman behar dela aldarrikatuz munduko ehunka tokitan protestak egiten ari dira gaur, eta beste ehunka lekutan ere izango dira datozen orduetan. Baionan goizean elkarretaratzea egin dute eta arratsaldean Bilbon (18:30, Jesusen Bihotza), Gasteizen (19:00, Prado parkea), Donostian (18:00, Bulebarra) eta Iruñean (20:00, Gaztelu Plaza) manifestazioak egin dituzte.
Alemanian hamar mila lagun inguru elkartu dira manifestazioetan, Frankfurten, Berlinen edo Munichen. Bruselan pare bat mila lagun batu dira, eta Europako Kontseilua, Batzordea eta Parlamentua dauden gunera joan dira. Erromako martxaren antolatzaileek esan dute berrehun mila pertsonek hartu dutela parte —istilu batzuk gertatu dira—, Australian eta Zeelanda Berrian ehunka lagunek egin dute protesta, Genevan hirurehun pertsona Nazio Batuen Erakundearen egoitzaren aurrean izan dira...
Protesta deialdiak 80 herrialde baino gehiagotan egin dituzte.