"Azkeneko aukerako ostirala" lelopean, azkeneko hilabeteotako manifestaldirik jendetsuena egiten ari dira Egiptoko Tahrir plazan. Herritarrek Junta Militarraren dimisioa eskatzen dute eta boterea agintari zibilen eskuetan jartzea, Legebiltzarrerako hauteskundeak ospatu bitartean. Hauteskundeetarako lehenengo fasea hiru egunetan da astekoa. Hosni Mubarak-ek otsailaren 11n boterea utzi zuenetik, armada da Egiptoko organu gorena.
Mohamed Husein Tantaui Junta Militarreko presidenteak gaur jakinarazi du Kamal Ganzuri Mubaraken erregimeneko lehen ministroari eskatu diola gobernu berria osatzeko. Atzo bi agintariek bilera bat egin zutela iragarri zuten zenbait hedabidek. Protestagileek Ganzuriren izendapena arbuiatu dute hasieratik. Herritarrek Mubaraken erregimenak "itzaletik gidatzen" jarraitzen duela salatu dute eta ez dagoela botoa emateko "konfidantzazko alderdirik". Bestalde, Tantauik dekretu bat onartu du gaur hauteskunde egutegia zabaltzeko, hala, boza emateko egun gehiago izango dituzte herritarrek. Lehenengo fasearen hasierako eguna mantendu egiten da, datorren astelehena.
Tantaui Egipto trantsizioan gidatzen duen Armadako Kontseilu Goreneko buruzagiak ez du bete ehunka mila pertsonak Kairoko eta beste hainbat hiritako zentroetan egindako eskaera bat bera ere; ondorioz, giroa bero-bero dago, urtarrileko bizipenen antzera, egoera errepikatzen ari baita.
Tahrirko borroka
Joan den ostiraleko manifestazio jendetsuaren ondoren, non dozenaka milaka lagunek Egipton botere aldaketa eta konstituzioaren gainetik dauden printzipioak kentzeko data bat eskatzen zuten, talde txiki batek han geratzea erabaki zuen, eskaerak bete bitartean. Mugimendua haziz joan zen larunbatean zehar eta igandean aurkitu zuen protesta jendetsua bilakatzeko arrazoi nagusia, armada sartu zenean. Arratsaldeko bostak aldera, hainbat soldadu poliziak lagunduta tiroka sartu ziren Tahrir plazan zentroan jarri zituzten kanpaleku urriak erretzeko eta han zeudenak uxatzeko asmoz. Atxilotuen kontrako polizien basakeria erakusten zuten irudiak eman zituzten Al Jazeeran, eta horrek ordura arte plazara joateko erabakia hartu ez zutenak haserretu zituen. Larunbatetik hasita, 38 lagun hil dira protestetan.
Aipatzekoa da armadaren igandeko esku hartzeak ez duela aurrekaririk. Urtarrileko iraultzak iraun bitartean, armadak parte hartzeari uko egin zion, eta manifestariak babestu zituen, baina oraingoan AM Amn el Markazi segurtasun indar zentralen deiari erantzun zion armadak.
Igandeko esku hartzeagatik barkamena eskatu du armadak, eta iradoki du bere egitekoak «manifestariak babestea izaten jarraitzen» duela. Asteartean zabaldu zenez, Junta Militarrak, alderdiekin akordioa lortu ostean, "salbamendu nazionalerako gobernua" eratuko du eta armadak boterea utziko du ekainaren 30erako.