Irailak 11 gaur, Kataluniaren eguna, Diada, eta milaka lagun bildu dira ekitaldietan. Hogei mila lagun pasa elkartu dira, esaterako, Generalitatek antolatutako ekitaldi instituzionalean Bartzelonan, Ciudadella parkean.
Jose Montillak (PSC) lehen Diada izan du Kataluniako presidente bezala. Ondoan izan ditu aurreko biak: Jordi Pujol (CiU) eta Pasqual Maragall (PSC). Baita Kataluniako ordezkari politiko nagusiak ere: Artur Mas (CiU), Josep Lluis Carod Rovira (ERC), Joan Saura (ICV), Daniel Sirera (PPC), Ernest Benach Kataluniako Legebiltzarreko presidentea... Ciutadans plataformak bere ekitaldia egin du, eta esan du abertzaleek Kataluniaren historiari buruz "faltsukeria" darabiltela; jarraitzaile independentista zenbaitek protesta egin dute haien ekitaldian.
Bartzelonan bertan hainbat lagunek omenaldia egin diote Lluis Maria Xirinacs zenari, Born pasealekuan. Senatari ohi, apez eta militante independentista abuztuaren 11n hil zen.
Mas CiUko buruak "kataluniarren frontea" eskatu du, "lidergorik eza" dagoela-eta. Alderdi politikoei ez ezik, gizarteari egin dio dei Masek, "hau ondo ez doan irudipena duelako kataluniar jendeak". Montillak baztertu egin du proposamena, "katalanak pluralak direlako, zorionez".
Carod Rovirak, berriz, "katalanismoaren subiranotasun progresiboa" behar dela adierazi du, "azkenean alderdi politikoek Kataluniaren independentziaren defentsan inplikatzen buka dezaten". Masen eskaintzak "hautes kutsua" duela iruditzen zaio.
Argazkian, Jose Montilla Generalitateko presidentea eta Ernest Benach Kataluniako Legebiltzarreko presidentea gaur, Bartzelonan, Diadako instituzionalean.
Katalunia
Milaka lagun Diadaren ekitaldietan
Gaur Kataluniaren eguna dela-eta Generalitatek antolatutako ekitaldi instituzionalean hogei mila lagun pasa elkartu dira. Hainbat lagunek Lluis Maria Xirinacs zenari omenaldia egin diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu