Carles Puigdemont Kataluniako gobernuburuak independentziari buruzko erreferendumaren data eta galdera ezagutarazi eta bi egunera, mobilizazio jendetsua egin dute Bartzelonan erreferenduma egitearen alde.
ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak, Omnium Culturalek, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak eta Sumatek antolatuta, 30.000 bat pertsona irten dira kalera, erreferenduma defendatzeko ekitaldira.
Pep Guardiola Manchester City futbol taldeko entrenatzaileak irakurri du ekitaldiko adierazpena. Erantzun posible bakarra: bozkatzea izenburuko agirian, Guardiolak azpimarratu du erreferendumean bozkatuko dutela "Espainiako Estatuak hala nahi ez badu ere". Katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez irakurri du dokumentua, eta, bertan, Espainiako Gobernuak erreferenduma negoziatzeari emandako ezezkoak ekarri ditu gogora.
"Eskandalu politiko honi soilik demokrazia gehiagorekin erantzuten zaio. Horregatik eskatzen diogu laguntza nazioarteko komunitateari", esan du, eta gaineratu "inoiz baino gehiago" joango direla bozkatzera: "Gure indar guztiekin defendatuko ditugu demokrazia eta gure ordezkariak".
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Puigdemont bera, Carme Forcadell Kataluniako Legebiltzarreko presidentea, Artur Mas gobernuburu ohia eta alderdi politiko ugaritako ordezkariak; tartean, Joan Giner Podemeko ordezkaria.