Mundua

Milaka lagun elkartu dira Edinburgon Eskoziaren independentzia aldarrikatzeko

2014an independentziari buruzko erreferenduma egiteko asmoari begira, ekitaldi handi bat egiten ari dira gaur Edinburgon.

mikel rodriguez
2012ko irailaren 22a
17:34
Entzun

Gaur, 11:00etan, milaka lagun elkartu dira Eskoziako hiriburuko The Meadows parkean, erdiguneko Princess Street-eko lorategietaraino martxa bat egiteko. Alex Salmond lehen ministroak adierazi du dagoeneko 100.000 sinadura bildu dituztela independentziaren alde. Gaurko protesta ez dute egin Yes Scotland kanpainaren barruan, baina kanpainaren alde agertu diren alderdien atxikimendua jaso du martxak.

SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta harekin elkarlanean ari diren erakunde txikiago batzuek antolatu dute gaurko martxa. Eskoziako bandera ugari erakutsi dituzte manifestariek. Salmond lehen ministroaz gain, hogei hizlari izanen dira Princess Street-en. Ekitaldi politikoa 16:00etan da bukatzekoa —17:00 Euskal Herrian—. The Scotsman egunkariak jakinarazi duenez, hiru lagunek, martxaren erdian, Erresuma Batuko bandera atera dute. Jendetza oihuka hasi zaie, eta Poliziak eraman egin ditu. Eskuin muturrueko taldeekin lotu ditu The Scotsman-ek. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.