Anna Hazare ustelkeriaren aurkako ekintzaileak kartzelan jarraitzen duen bitartean, Indiako kaleak jendez bete dira. Hazareri sostengua emateko irten dira, eta bide batez, hark bultzatu zituen ustelkeriaren aurkako protestekin jarraitzen dute. Espetxea uzteko baimena lortu du Hazarek; hala ere, ziega barruan jarraitzea erabaki du. Baraualdi mugagabea hasi nahi duNew Delhiko Jai Prakash Narayan parkean; Poliziak, ordea, ez dio horretarako baimenik ematen. Bien bitartean, ehunka lagun Hazareren zain daude Tiharko espetxearen kanpoaldean. Gazteak dira gehienak, baina badira nagusiak ere. Langileak nahiz langabeak bildu dira, baita Indiako hainbat herritako lagunak ere.
Hilabeteak dira ustelkeria kasuek India kolpatu dutenetik, eta gizartearen zati bat horri aurre egiteko altxatzen hasi da. Hazarek mezu bat helarazi die haren jarraitzaileei, eta protestak erakunde nahiz pertsona jakin bati ez bideratzeko eskatu die. Hala ere, gehienek Gobernuari egozten diote herrialdeak bizi duen ustelkeria egoera.
Protestak herrialde osoan
«Ustelkeria arazo oso handia da eta politikariak dira horren erantzule. Prozesu luzea izango da, baina kaleko jendeak borrokatzen ez badu, nork egingo du?», dio Shiv Mishra ikasleak, espetxearen kanpoan. Ghandiren borrokaz geroztik Hazarerena handiena dela dio; Gandhik predikatzen zuen indarkeria ezaren doktrinaren jarraitzaile sutsua da Hazare.
Pasa den asteartean atxilotu zuen Poliziak Hazare, Narayan parkean egin nahi zituzten protesten eta baraualdiaren gaineko debekua onartu ez zuelako. «Askatasuna lortzeko nazioaren bigarren borroka» bezala definitu du bere mugimendua. Manish Sisodiak haren laguntzaileak hasitako bidetik jarraitzeko deia egin du: «Parkean egin nahi genuena hemen egingo dugu; Tihar espetxeko atea gure mugimenduaren erdigunea izango da. Tihar kanpoaldean baraualdia egingo dugu».
Tiharren ez ezik, Indiako hiri nagusietan ere protesta ugari izaten ari dira, Bombayn eta Bangaloren adibidez. Poliziak milaka lagun atxilotu ditu dagoeneko. Asteartean, esaterako, 2.600 lagun inguru atxilotu zituzten New Delhin.Hala ere, Manmohan SinghIndiako lehen ministroak azaldu duenez, atxilotutako guztiak aske daude dagoeneko. Gobernuak manifestazio baketsuak egitea onartzen duela dio, baina protestek baimenduta eta hainbat baldintzaren menpe egon behar dutela.
Bestetik, Polizia Shehla Masood ekintzailearen hilketa ikertzen ari da. Ustelkeriaren aurkako protesta batera zihoanBhopal hirira —India iparraldera—, eta bere etxe aurrean zegoen autoan aurkitu dute bala tiroz hilda. Informazio eskubidearen defendatzailea zen Masood, eta iaz bere bizia arriskuan ikusten zuela azaldu zion Poliziari. Informazio eskubidea defendatzen duten ekintzaile ugari hil dituzte Indian 2008tik, eta beste hainbatek erasoak jasan dituzte.
Milaka lagunek bat egin dute Indian ustelkeriaren aurka hasitako protestekin
Anna Hazare ekintzaileak kartzelan geratzea erabaki du, espetxetik irteteko baimena badu ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu