Hamabost bat mila lagunek Palestina Nazio Batuen Erakundeko (NBE) 194. estatua izateko eskatu dute gaur Ramalan (Palestina), manifestazio batean. "Duintasuna eta gure lurra izateko eskubidea dugu", aldarrikatu dute. Jasser Arafat zenaren eta Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko lehendakariaren irudiak daude Ramala osoan.
Abbasek estatu izateko eskaera horixe egingo dio etzi New Yorken NBEri, honen batzarrean. 1967. urtean zeuden mugak kontuan hartu behar dira, Abbasen arabera.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak urtebeteko epean Palestinak eta Israelek "behin betiko akordioa" lortzeko egutegia aurkeztu du NBEren batzarrean.
Barack Obama AEBetako presidenteak Palestinari ohartarazi dio estatua ez duela erdietsiko "bidezidorrak" erabilita, eta ezin dela ezer inposatu.