Ehunka mila pertsona bildu ziren atzo Beiruten Siriaren kontrako diputatuaren Gibran Tueniren hiletan. Siriaren aurkako oihuak entzun ziren manifestazioan. Horretaz gain, eskola eta lantegi asko itxi egin zituzten atentatuan hildako kazetariaren omenez. «Ez du axola gutako zenbat hiltzen dituzten, beti egongo da norbait haiek egiten dutena salatuko duena», adierazi zuen Hiam Daiekh 23 urteko ikasleak. Manifestariek Libanoko presidente Emile Lahuden dimisioa eskatu zuten eta Siriaren menpe aritzea leporatu zioten.
Tueni joan zen astelehenean hil zuten Beiruten. Erasoan haren bi bizkartzain hil eta beste 30 pertsona inguru zauritu ziren. Hasieran, talde ezezagun batek hartu zuen bere gain atentatua. Baina Tueniren lankideek Siriari leporatu zioten.
Haririren hilketa
Siriari elkarlanean ez aritzea leporatzeko «goizegi da oraindik» Libanoko lehen ministro ohiaren hilketa ikertzen duen Nazio Batuen Erakundeko kide Detlev Mehlisen arabera. «Siriak 1636 ebazpena urratu duela esateko goizegi da guretzat. Elkarlanean hasiko den itxura du». Ebazpen horren bidez, NBEren ikerketarekin elkarlanean aritzeko eskatu zioten Damaskori, eta hori egin ezean neurriak hartuko zituela iragarri zuen NBEko Segurtasun Kontseiluak.
Errusiako Atzerri ministro Serguei Lavroven esanetan, berriz, Haririren hilketaren erantzukizuna inori egotzi aurretik frogak aurkeztu behar dira. «Inoren kontrako aztarnak aurkituz gero, epaitu egin behar da, haren kargua edozein dela ere».
LIBANO
Milaka pertsona bildu dira atentatuan hildako diputatuaren hiletan
Siriari elkarlanik eza leporatzeko «goizegi» dela ohartarazi du NBEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu