Milaka pertsona elkartu dira Espainiaren batasunaren alde

Denok gara Katalunia lelopean, Espainiako banderaz bete dituzte hiriburuko kaleak. PP, PSC, PSOE eta Ciudadanoseko ordezkariak joan dira lehen lerroan. 

Milaka lagun bildu dira Bartzelonan, Societat Civil Catalanak deitutako protestan. TONI ALBIR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2017ko urriaren 29a
12:54
Entzun

Duela lau aste moduan, oraingoan ere Espainiaren batasuna "defendatzea" izan du helburu Societat Civil Catalana plataformak deitutako manifestazioak.

Eguerdiko hamabietarako zuten deitua, baina minutu batzuk geroago hasi da martxa. Lehen lerroan, Espainiako alderdietako ordezkaritza zabala ikus zitekeen, besteak beste, Dolors Montserrat Osasun ministroa, Jorge Ferandez Diaz Barne ministro ohia eta Albert Rivera Ciudadanoseko burua. 

Generalitateko funtzionarioei oharra bidaltzeko baliatu du Montserratek manifestazioa: "Espero dut guztiak legearen aldean egongo direla. Guk esan genuen ez genituela katalanak bakarrik utziko, eta hitza bete dugu". 

Societat Civil Catalana plataformako buru Alex Ramosek, berriz, prozesu independentista "gainditua" dagoela adierazi du, eta orain bozei begira jartzeko unea dela nabarmendu: "Katalanek aukeratuko dute nor nahi duten presidente". 

Hauteskundeak izan ditu hizpide Xavier Albiol Kataluniako PPko buruak ere, eta eskatu die herritarrei balia ditzatela abenduko bozak "independentismoa etxera" bidaltzeko. "Lehen aldiz, aukera dugu gizartearen benetako arazoez kezkatzen den gobernu bat izateko".

Antolatzaileen arabera, "milioitik gora" izan dira parte hartzaileak. Ordea, Udaltzaingoak 300.000 lagun zenbatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.