Militar ohia, boterera bidean

Guatemalan presidente berria hautatuko dute gaur, eta Otto Perez Molina jeneral ohia da faborito nagusia

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Azken 26 urtean ikusi ez duten irudia ikus dezakete guatemalarrek bihartik aurrera. 1985ean diktadura militarren aroa bukatu zenetik, ez da militarrik izan estatuaren buruan; gaur, aldiz, presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia bozkatuko dute zazpi milioitik gora guatemalarrek, eta, inkesta guztien arabera, 60 urteko Otto Perez Molina jeneral erretiratua aterako da garaile.

Herrialdean segurtasuna eta justizia bermatzeko «irmotasunez» jokatuko duela agindu du Perez Molina PP Alderdi Abertzaleko hautagaiak. Botoen %44,8 jasoko lukeela iragarri dute Vox Latina konpainiak egindako inkestan. Alabaina, botoen %50 gainditu beharra du lehen itzulian presidente izateko. Marka hori lortzen ez badu, boto gehien duten bi hautagaien artean egingo dute bigarren itzulia, datorren azaroaren 6an.

Presidentetzarako hautagaiak hamar badira ere, hiru dira bigarren itzulira pasatzeko aukera erreala dutenak. Jeneral ohia dago lehen postuan, eta, haren atzetik, Manuel Baldizon LIDER Askatasun Demokratiko Berritzailea alderdiko hautagaia eta Eduardo Suger CREO Konpromisoa, Eraberritzea eta Ordena alderdiko hautagaia. Inkesten arabera, herritarren %22,5en babesa jasoko luke Baldizon populistak, eta %18,4aren babesa Suger liberalak. Eskuina ordezkatzen dute hirurek.

Irmotasunaren indarra

Baldizon populistak heriotza zigorra ezartzea, ikasleei bekak ematea eta Guatemalako futbol selekzioa Munduko Kopara eramatea hitz eman die hautesleei, besteak beste. Promesa horiek lehiako bigarren postura igo dute, baina Perez Molinaren karrera militarrak eta irmotasuna ezartzea agindu izanak liluratu egin ditu pobreziak eta segurtasunik ezak jotako herritarrak. Egunean hamasei lagun hiltzen dituzte Guatemalan batez beste, eta hilketen %60 antolatutako krimenak, narkotrafikoak eta gazte taldeek eragindakoak dira. Hori horrela, herrialdea itotzen ari den indarkeria baretzeko hautagai egokiena dela uste du guatemalarren zati handi batek.

Hamasei urterekin sartu zen armadan Perez Molina. 1960 eta 1996 bitartean Ixil eskualdean jardun zuen. Urte horietan, armadak ehunka zibil hil zituen han, baina «eskuak garbi» dituela dio jeneral ohiak. Hainbat salaketa jarri zizkioten giza eskubideen urraketak leporatuz, baina akusazio bakar bat ere ez zen baieztatu.

Tito komandantea ezizena jarri zioten gerra garaian, eta 1974an Kaibiles gerrillen kontrako indar armatuko instruktore izan zen; Amerikako indar militar «hiltzaileena» gisa da ezaguna Kaibiles. Gainera, Ramiro de Leon Carpioren gobernuan (1993-1996) Inteligentzia Militarreko eta Presidentetzako Estatu Nagusiko buru izan zen; giza eskubideen ehunka urraketa egozten dizkiete bi unitate horiei.

2003an armada utzi eta PP Alderdi Abertzalea sortu zuen, batez ere militar ohiek eta Guatemalako eskuin muturreko pertsonek osatutako alderdia. PPren sorrerarekin, hautestontzien bitartez boterera iristea zuen helburu Tito komandanteak, eta horretarako bidean da.

Emakumeen pisua

Presidentegaien arteko lehiaz gain, beste bi faktorek markatu dituzte Guatemalako gaurko hauteskundeak: boto emaileen artean lehenengo aldiz emakumeek osatzen duten gehiengoak, eta inoizko hauteskunde kanpaina garestiena ordaintzeko erabili diren diru iturri susmagarriak.

Hautesleen %51 emakumeak izango dira gaur, lehenago inoiz gertatu ez den bezala. Alvaro Colom jarduneko presidenteak pobreziaren kontra egin dituen programen ondorioa dela diote adituek; izan ere, programei esker erroldan izena eman gabe zeuden emakume askok eman dute orain izena, eta bozkatzeko eskubidea izango dute horrela. Alabaina, beste behin, emakumeen pisua oso txikia izango da politikarien artean; gaurko 31.795 hautagaien % 14,5 baino ez dira andrazkoak.

Alderdien kanpainen gehiegizko gastuak arduratuta dauzka AEE Amerikako Estatuen Erakundeko begiraleak. Joan den abuztuaren 15erako alderdi politikoek 18 milioi euro gastatu zituzten. «Kezkagarriena da ez dela argitu diru hori nondik atera duten», ohartarazi du Jose Octavio Ordoñez AEEko begiraleak. Gainera, hiru alderdik —PPk, LIDERek eta lehiatik at geratu den Sandra Torresen alderdiak— legeak ezarritako gastu muga gainditu dute. Hala ere, legerik ez dutela beteko esan dute harrokeriaz, eta, bakoitzak 90 euroko isuna ordaindu ostean, itxitzat eman dute eztabaida.

Gaurkoan, dena den, Alvaro Colomen ondorengoa aukeratzea baino gehiago dago jokoan Guatemalan. Presidenteordea, Kongresuko 158 diputatuak, 333 udalbatza eta Ertamerikako Parlamentuan herrialdeari dagozkion 20 diputatuak ere aukeratuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.