Osteguneko greba nazionalaren ostean, protestak zabaldu egin dira Kolonbian, eta ostiralean segurtasun indarrek negar gasa jaurti zieten hiriburuan bildutako manifestariei. Milaka izan ziren oposizioaren deiari erantzunez Bogotako Bolivar plazan bildutakoak.
Manifestariek neurri sozialak eskatzen dituzte; besteak beste, gutxieneko soldatak eta pentsioak igotzea. Horrez gain, Ivan Duqueren gobernuak hartutako beste hainbat neurrik ere kritika ugari jaso dituzte: esaterako, zerga erreformak edo hainbat zerbitzu pribatizatu izanak.
Bogotako alkateak etxeratze agindua ezarri du hiriburuan, "istiluak" saiheste aldera, baina horrek ez ditu herritarrak geldiarazi, eta ugari izan dira aginduari muzin egin eta kalera irten direnak. Hori ikusita, eta Boliviako eta Txileko gertakariak saiheste aldera, "elkarrizketa nazionalak" iragarri ditu Duque presidenteak datorren asterako. "Egungo agenda sozialean sakonduko dugu, eta epe motz eta luzerako neurriez eztabaidatuko dugu; hala, gizartean dauden hutsuneak beteko ditugu".
Adiskidetzeko deiarekin batera, ordea, militarrak ere bidali ditu Duquek "leku gatazkatsuenetara". 1977az geroztik ez ziren ikusten soldaduak Kolonbiako hiri nagusietako kaleak zaintzen. Horrez gain, ibilgailuen erabilera ere mugatu egin dute hiriburuan, eta alkohola saltzea debekatu.
Ez da lehen aldia Duquek lasaitasunerako deia egiten duena. Orain artekoek, baina, ez diote askorako balio izan; azken hilabeteetan indartu egin da Latinoamerikan eskuineko gobernuen aurkako mugimendua, eta badirudi Kolonbiara ere heldu dela olatua.
Hiru lagun hilik
Bestalde, Cauca hego-mendebaldean, Santander de Quilichao herrian, hiru polizia hil zituzten ostegunean atentatu batean. Carlos Holmes Trujillo Defentsa ministroak iragarri du ikerketa bati ekin diotela gertatutakoa ikertzeko.
Hain zuzen ere, azaroaren 24an beteko dira hiru urte Juan Manuel Santos buru zuen Gobernuak eta FARCek bake akordioa hitzartu zutela. Hura betetzen dela ziurtatzeaz arduratzen den Kroc Institutuaren arabera, akordioaren zati handi bat —%23 inguru— bete dute bi aldeek; besteak beste, gatazka amaitzearekin eta amaiera hori egiaztatzearekin lotutako puntuak.
Aldiz, bete ez direnen artean daude nekazaritza erreformari eta droga trafikoari lotutakoak. Hori da manifestariek Duqueri egozten dioten beste hutsetako bat: ez betetzea gizarte neurriekin lotutako akordioko puntuak. Santosek berak egotzi izan dio egungo estatuburuari akordioa horiek moldatu nahi izatea, "epe motzeko helburu politikoak" lortu ahal izateko.