Mundua

Miliziaburu bat atxilotu dute, Indiako 'ukiezinen' komunitateko 91 lagun hiltzeaz akusatuta

Ranvir Sena legez kanpoko miliziako buru Suhil Pandeyri 1997an eta 2000an komunitate baztertuko kideak sarraskitu izana leporatzen dio Poliziak.

2009ko urtarrilaren 31
17:56
Entzun
Miliziaburu bat atxilotu du bart Indiako Poliziak ukiezinen komunitate baztertuko 91 lagun hiltzeaz akusatuta. 1997an eta 2000an bi sarraski egin izana eta gizarteko jende multzo baztertu horretako kideak hil izana leporatzen dio Poliziak Ranvir Sena legez kanpoko miliziako buru Suhil Pandeyri.

Sushil Pandey Aurangabad barrutiko herri batean atxilotu dute, Bihar estatuan (Indiako iparraldea), IANS berri agentziaren arabera. 1997an Lakshmanpur Bathe herrian 58 ukiezin eta 2000an Mianpur herrian beste 33 hil izana egozten dio Poliziak miliziaburuari.

Ranvir Sena milizia pribatua da, Bihar estatuko goi kastetako lurjabeentzat ekintzak egiten dituena. Brahmeshwar Singh du miliziak buruzagi nagusi; 2002an atxilotu zutenetik kartzelan dago. Taldea 1994ean sortu zuten, eta harrezkeroztik 300 ukiezin hil izana leporatzen diote Singhi.

Ukiezinak Indiako populazioaren %16 dira, eta hinduen artean indarrean dagoen (nahiz eta legez kanpokoa izan) kasta sistematik kanpo daude. Hainbat komunitate eta jatorritako herritarrak dituzte hala baztertuta, mendeetan. Dalit deitzen diete Indian.

Nekazari eskualdeetan dalit-ak oraindik ere zokoetan bizi dira, beste herritarrek ura hartzeko erabiltzen dituzten putzuak ezin dituzte erabili, tenpluetara sartzea debekatuta dute, eta haien itzalak ezin dituzte beste komunitateetako kideak ukitu, ezta haien eskuek besteen jakiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.