Milizien abusuak salatu ditu AIk, Libiako matxinadaren urteurrenean

Gaddafiren aldekoak atxilotu eta torturatu egiten dituztela dio; NTCk ospakizunak prestatu ditu

Erredakzioa
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Duela urte betehasi zuten Libian Muammar Gaddafi koronelaren aurkako matxinada. Urriaren 20an Sirte hirian Gaddafi atxiki eta hil ondoren gerra amaitutzat eman zuen NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, baina AI Amnesty Internationalek salatu duenez, oraindik kaosa nagusi da herrialdean. Armatutako miliziek gehiegikeriak egiten dituztela kritikatu du, eta giza eskubideak urratzen dituztela. Agintariei berriz, abusuen aurrean ikerketarik ez abiaraztea eta arduradunei erantzukizunik ez eskatzea egotzi die erakundeak.

Matxinadaren urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu, bestalde, NTCk. Besteak beste, bihar jai eguna izango da herrialdean, Ministroen Kontseiluak hala erabakita. Baina, AIko Donatella Roverak esan duenez giroa ez dago ospakizunetarako: «Libian miliziak kontroletik at daude, eta zigorgabetasunak gehiegikeria gehiago egiteko adorea ematen die». Ezegonkortasuna eta segurtasun falta betikotzen ari direla ere ohartarazi du.

Gaddafiren aldekoak atxilotu eta torturatu egiten dituztela salatu du AIk. Irailetik, milizien eskuetan zeuden hamabi lagun torturen ondorioz hil direla ere jakinarazi du, eta immigranteak eta errefuxiatuak ere erasoen jomuga izan direla. Gurutze Gorriak ere kritikatu du milaka lagun inolako salaketarik gabe atxilotuta daudela. «Gehiegikeriekin amaitzeko modu bakarra dago: legearen gainetik inor ez dagoela bermatzea, eta abusuak ikertzea».

Tentsioa bere horretan

Urteurrenaren bezperatan tentsio handia dago herrialdean, etanoizean behin etsaitutako milizien arteko liskarrak pizten dira. Igandetik asteazkenera, hegoaldeko Jufra hirian 30 lagunetik gora hil ziren milizien eta Tubus eta Zuwaya tribuen arteko liskarretan. Azken bi egunetan gatazka baretu egin dela jakinarazi dute lekukoek.

Herritar askok zalantzan jarri dute NTCren aginterako gaitasuna matxinadaren urteurrenean, eta armada Gaddafiren aldekoen eskuetan dagoela kritikatu dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.