Libian, gerra amaitu da, baina ez auzi armatua. Muammar Gaddafiren erregimenaren oposizioko miliziek elkarren aurkako eraso gogorrekin jarraitzen dute, eta asteburuko gertaerek are gehiago kezkatu ditu nazioarteko behatzaileak. Beldur dira gobernu berrian eragina eskuratzeko asmoz ez ote diren liskarrak areagotuko. NTC Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak aditzera eman duenez, Tripoli kanpoaldeko tiroketetan gutxienez zazpi pertsona hil dira, Zauija eta Uershifanna hirietako milizianoek borrokak izan baitituzte hiriburutik 30 kilometrora dagoen errepideko kontrol postu bat eskuratzeko. Hain zuzen, lehen taldeak Gaddafiren alde egin izana egotzi dio Uershifannakoari, eta oraingo erasoak mendeku nahiagatik hasi dituztela leporatu die.
Armada bateratu baten falta salatu du nazioarteak, indarkeria gelditu eta hildakoen kopuruak gora egin ez dezan. Abdurrahim el Keib Libiako behin-behineko lehen ministroak, ordea, ez du hori egiteko data zehatzik iragarri oraindik; miliziak desarmatuko dituela ere hitzeman du. NTCko Kontseilu Militarreko presidente Abdelhakim Belhadjen arabera, baina, milizien arteko borrokak gertaera «isolatuak» dira. «Bi tribuen arteko bake batzorde bat sortzeko lan egingo dugu, iraganeko gatazkak piztu baino ez baitira egin; egoera triste hau amaituko dugu».
Europatik, babesa
Europako Batasuneko Ministroen Kontseiluak, berriz, kezka azaldu du milizianoen «mendeku erasoen» inguruan. Oinarrizko eskubideak eta nazioarteko lege humanitarioa urratu direla azaldu du, eta delituen egileak epai ditzaten eskatu. Dena den, Elkeibi emaniko babesa berretsi eta NTC ren esfortzua goraipatu dute Europako atzerri ministroek: «Trantsizio bateratzaile bat egiten ari dira estatu demokratikoa bermatzeko». EBk, gainera, ordezkaritza berria jarri du Tripolin, Libia gertutik jarraitzeko.
Libia. Gaddafiren ondorena
Milizien arteko borrokak nazioarteko behatzaileen kezka sortu du
Erasoak areagotu egin dira asteburuan, eta Tripoli inguruko borroketan zazpi lagun hil dituzte gutxienez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu