Minsken aurkako neurriak hartu edo ez aztertzen ari da Brusela

Presidentetzarako bozak ez direla ez askeak, ez justuak izan salatu du ESKEk; Lukashenkok ukatu egin du hori

arantxa elizegi egilegor
2006ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Presidentetzarako bozak «askeak» ez baziren neurriak hartuko zituela iragarri zuen Europako Batasunak asteburuan. Hauteskundeak orain arteko presidente Alexander Lukashenkok irabazi zituela jakin zen atzo. Botoen %82,6 lortu zituen berak. Haren aurkari nagusiak, Alexander Milinkevitxek, aldiz, %6 soilik.

ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundearen iritziz, hauteskunde eguna «lasaia» izan zen arren, bozak ez ziren inondik inora «askeak eta justuak» izan. Ondorioz, EBko Atzerri gaietarako komisario Benita Ferrero-Waldnerren esanetan, Bielorrusiaren kontrako neurriak hartzea aztertzen ari da Brusela. Zigorrak agintarien kontrakoak izango zirela azaldu zuen, ziurrenik, bisatuak ukatzea eta Lukashenkoren ordezkariekiko harremanak murriztea. «Gure asmoa ez da Bielorrusiako herritarrei min egitea», adierazi zuen. EBko txandakako presidentetzan dago Austria, eta hango Atzerri ministro Ursula Plassnikek salatu zuen oposizioaren kontrako kanpaina bultzatu zuela Bielorrusiako Gobernuak hauteskundeetan. Bruselak atzo zuen aztertzekoa ESKEren txostena. «Kanpaina egiteko moduagatik eta oposizioa sistematikoki beldurtzeagatik kritikatu genuen lehenago Minsk. Orain, begiraleen iritziaren zain gaude», esan zuen Plassnikek. Hala ere, Minski diru laguntzak ematen jarraituko zuela nabarmendu zuen Europako Batzordeak.

«Zerbait hobea merezi dute»

«Bielorrusia ez zen jokatzeko eremu garbia», salatu zuen ESKEko Asanblea Parlamentarioko arduradun Alcee L. Hastingsek. Haren esanetan, Bielorrusiako herritarrek zerbait hobea merezi dute: «Hautesleei benetako alternatiba aurkezteko oposizioko hautagaien ahalegin ausartak oztopatu egin zituzten agintariek». Boterea «nahierara» erabiltzea, oposizioko kideak atxilotzea eta biltzeko, elkartzeko eta adierazteko askatasunak ez errespetatzea leporatu zion Lukashenkori. Hastingsen esanetan, aurreko bozekin alderatuta urratsak egin ziren arren, begiraleek zailtasunak izan zituzten beren lana egiteko.

Oposizioak ere bozak iruzurra izan zirela salatu zuen eta boterea usurpatu izana leporatu zion Lukashenkori. «Emaitza ofizialak iragartzen dituzten une beretik, boterea legez kanpoko presidente baten esku dagoela salatuko dugu», ohartarazi zuen Lukashenkoren aurkari nagusi Alexander Milinkevitxek. Oposizioko hautagaiek presidentearen kontrako protestak deitu zituzten atzo. Herenegun ere 10.000 pertsona inguru bildu ziren Legebiltzarraren aurreko plazan. Bielorrusiako oposizioko alderdiekin bat egin zuten AEBek ere, eta, haiek bezala, bozak berriz egiteko eskatu zuten. Etxe Zuriko bozeramaile Scott McClellanek salatu zuen herenegun beldurra zela nagusi herrialdean.

«Iraultzak porrot egin du»

Bielorrusiako presidentearen arabera, herritarrek beren nahia agertu zuten, eta hori errespetatu egin behar da: «Hainbeste aldiz aipatutako iraultzak porrot egin du». Era berean, nazioartearen presioa salatu zuen. Zenbait iturriren arabera, herritarren %30ak igandea baino lehen bozkatu zuten, eta horrek iruzur egiteko arriskua handitu egiten du. Lukashenkoren esanetan, baina, herrialde gehienetan egiten da hori, «Baita Estatu Batuak eta Alemania bezalako herrialde izugarri demokratikoetan». Horiek errespetatu arren, Washingtonen edo Bruselaren estandarrak onartzeko prest ez zegoela ohartarazi zuen presidenteak. Aldi berean, adierazi zuen, Bruselak berari bisa ukatu arren, Bielorrusiako ateak irekita zeudela nazioarteko agintarientzat. Estatu Independenteen Komunitateak ere, Lukashenkok bezala, bozak irekiak eta gardenak izan zirela adierazi zuen. Hark ere nazioartearen presioa salatu zuen. Errusia da erakundeko burua. Harreman estua dago Moskuren eta Minsken artean.

Bestalde, presidenteak ohartarazi zuen boterea indarrez hartzen saiatzen ziren oposizioko kideei «ahateei bezala», lepoa bihurrituko ziela. Bielorrusiako inteligentzia zerbitzuen arabera, oposizioak, nazioartearen laguntzarekin, estatu kolpe bat egiteko asmoa zuen. Hori zela eta, igandean istiluak eragitea ekintza terroristatzat hartuko zutela, eta bizi osorako kartzelarekin zigortuko zutela iragarri zuten. Kanpainak iraun duen denbora oposizioko 400 kide inguru atxilotu dituzte. Giza Eskubideetarako Helsinkiko Nazioarteko Federazioak nazioarteko estandarren urraketa ugari salatu zituen atzo. «Hainbeste dira ez dakidala nondik hasi», salatu zuen erakundeko buru Aaron Rhodesek. Gauzak horrela, urraketak ikertu, eta egiazkoak direla frogatuz gero, bozak berriz egiteko eskatu zioten Bielorrusiako fiskal nagusiari.

Soslaia





alexander lukashenko

(Bielorrusiako presidente hautatua)

 

Mendebaldearen etsaia, Errusiaren anaia





Europako «azken diktadorea» dela diote AEBek. Herritar asko, aldiz, gustura daude berarekin, herrialdea egonkor mantentzeko gai izan delako. Hamabi urte daramatza agintean Alexander Lukashenkok (Kopis, 1954), eta okerrik ezean, 2011ra arte jarraituko du karguan. «Herrialde independentea gara, horregatik nahi dute nire porrota Washingtonek eta Bruselak», dio berak.

1980ko hamarkadaren amaieran sartu zen Lukashenko politikan. 1991n, Bielorrusiako Legebiltzarreko kide zela, Mikhail Gorvatxoven kontrako estatu kolpea eman nahi zutenen alde agertu zen. Presidentetza hartu eta berehala 1994anargi geratu zen haren agintzeko era autoritarioa izango zela. «Beti onartu izan dut autoritarioa naizela. Herrialdea kontrolatu egin behar da», esan zuen Lukashenkok berak 2003an. Maiz kritikatu izan du Mendebaldearen jarrera. Haren esanetan, hark ezin dio giza eskubideei buruzko leziorik irakatsi. «Ekialde Hurbilean, Afganistanen, Iraken eta Jugoslavian odola isuri dute beraiek». Behin baino gehiagotan salatu izan du Mendebaldearen «inperialismoa». Halako adierazpenek AEBen eta Europaren kritikak eragin dituzte. Horrek, baina, ez dirudi Lukashenkoren jarreran eraginik duenik. «Salaketa horiek hamar urtez entzun ditut. Ohituta nago». Errusia da gaur egun Minsken aliatu bakarra. Bi herrialdeak batzea aztertzen ari dira Mosku eta Minsk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.