AEB Ameriketako Estatu Batuetan, aurrera doa Alderdi Errepublikanoaren buru izateko borroka, eta bi hautagai nagusiek indarrak neurtu dituzte Floridan. Inkesten arabera, Mitt Romney Massachusettseko gobernatzaile ohiak hamabi puntuko abantaila atera diezaioke Newt Gingrich Ordezkarien Ganberako presidente ohiari, eta hauteskunde kanpainako lehen postua sendotu dezake. Errepublikanoen lehian geratzen diren gainontzeko hautagaiek, Ron Paulek eta Rick Santorumek, ez dute parte hartu Floridako bozetan; Paulek datorren asteburuko Nevadako hauteskundeetarako prestatzea erabaki du, eta Santorumek bertan behera utzi du Floridako kanpaina, alaba gaixo duelako, eta zalantzan dago kanpainarekin jarraituko duen.
Florida demokratek bereganatu zuten 2008an, Barack Obama AEBetako presidenteak hauteskundeak irabazi zituenean. Hispanoamerikarren babesari esker lortu zuen Obamak nagusitasuna, baina, azken inkesten arabera, babes horrek atzera egin du azken urteetan. Hala ere, hispanoamerikar gehienek ez dute botoa errepublikanoen esku utzi nahi, ez daudelako ados alderdiko hautagai nagusiek immigrazioaren inguruan duten jarrerarekin. Florida berenganatzea garrantzitsua da errepublikanoentzat; izan ere, irabazleak 50 ordezkari lortuko ditu. Orain arte, Romneyk 31 ordezkari bereganatu ditu New Hampshiren irabazi ondoren, eta Gingrichek 26 Hego Carolinako arrakastarekin. AEBetako presidentetzarako bozetan errepublikanoen hautagai izateko, gutxienez, 1.144 ordezkari lortu behar dituzte hautagaiek, eta, beraz, bide luzea dute egiteko oraindik.
Hispanoamerikarren botoak lortzen saiatu dira bi hautagaiak, Floridako biztanleen %13 osatzen dutelako. Romneyk hispanoamerikarren botoen %35 lor dezake, Gingrichek baino hamalau puntu gehiago, hain zuzen ere. Hala ere, hispanoamerikarrak ez daude pozik Romneyrekin, horrek auto-deserriratzea proposatu duelako paperik gabeko herritarren aurkako neurri moduan. Etorkinak beren kabuz jatorrizko herrialdeetara bueltatzea, alegia. Gingrichek Romneyren proposamena kritikatu du hauteskunde kanpainan. Dena den, ez du jarraitzaile askorik lortu; izan ere, Dream Act lege proposamenaren aurka agertu baita, eta hispanoamerikarren artean oso preziatua da lege hori. Paperik gabekoen egoera legeztatuko luke, eta, Floridako hispanoamerikarren %67ren iritziz, gobernuak paperik gabeko herritar guztiak legeztatu beharko lituzke.
Obama, denen gainetik
Inkesten arabera Romneyk abantaila nabarmena lor dezakeen arren, errepublikanoen hautagaiek ez dute Obamari aurre egiteko indar nahikoa. Floridako hauteskundeek argi utziko dute errepublikanoen eta demokraten arteko aldea zein den, baina orain arte egindako galdeketek diote Obamak hamar puntuko abantaila duela Romneyrekiko eta hamalaukoa Gingrichekiko. Floridan gertatuko dena garrantzitsua da Obamarentzat; izan ere, estatu horretan lortu zuen presidente izateko babesik handienetakoa, eta errepublikanoek lortutako emaitzek babes hori neurtuko dute.
Floridako hauteskundeen ondoren, errepublikanoek indarrak neurtuko dituzte Nevadan, Coloradon, Minnesotan eta Mainen, eta, bi asteko atsedenaren ondoren, Michiganen eta Arizonan. Oraindik ez da ezer erabaki, eta inkestek Romney garailetzat jotzen duten arren, errepublikanoen sektore kontserbadoreena Gingrichen alde dago, Tea Party barne. Herman Cain hautagai ohiaren babesa ere lortu du Tea Partyk.
Mitt Romney da faborito Floridan, AEBetako errepublikanoen lehian
Errepublikanoek hispanoamerikarren babesa gal dezakete, paperik gabekoen aurkako jarreragatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu