Hispano askok bezala, David Muñozek (Mexiko Hiria, 1959) urte gehiago daramatza AEBetan bizitzen jaioterrian baino. 35 urte, hain zuzen. Arizonako Chandler-Gilbert Community unibertsitateko Erlijio Departamentuko zuzendaria da, eta Filosofiako Fakultateko kidea. Interes handiz ari da jarraitzen azaroaren 6ko bozetarako kanpaina.
Sarri esaten da hispanoen botoa erabakigarria dela AEBetan. Bainazer da hispanoen botoa? Komunitate homogeneoa al da?
Erabakigarria da, AEBetako gutxiengo handiena garen neurrian. Ikaragarri egin du gora hispanoen komunitateak. Dena dela, onerako edo txarrerako, ez gara talde homogeneoa. Politikaren inguruan iritzi kontrajarriak ditugu hispanoen artean. Uste dut faktore kultural batek eragiten duela horretan: kosta egiten zaigu batuta egotea. Afroamerikarren edo asiarren komunitateetan ez dago gurean bezalako banaketa ideologikorik.
Hain handia da banaketa?
Bai. Hispanoen artean, legez kanpoko etorkinen kontra daude batzuk, eta alde besteak. Dream Act deritzoten Immigrazio Legearen kontra daude batzuk, eta alde beste batzuk. Iritzi ezberdinak ditugu politikako, gizarteko zein kulturako gai gehienen inguruan.
Uste duzu immigrazioaren gaiak pisu handia hartuko duela hauteskundeetako kanpainan?
Esango nuke baietz. Dena den, askok jartzen dugu zalantzan Barack Obama presidenteak oraingoan promesak beteko ote dituen.
2008an aurkeztu zen Obama berada oraingoa?
Ez, ez. Obamari buruz nuen iritzia aldatu egin zait erabat. Etorkinen legea aldatuko zuela agindu zuen, eta oraindik ez du ezer egin. Badakit indar handiz ari dela oposizioa haren kontra, baina presidenteak ez du hispanoei egindako promesa betetzeko benetako jarrerarik ere erakutsi. Ez dut ikusi bere printzipioen alde borrokan, beste edozein bezalako politikari arrunt bat izan da. Hala eta guztiz ere, bera da aukera txarren artean aukerarik onena.
Obamak berretsi egin du Immigrazio Legea aldatzeko asmoa. Hauteskundeak irabaziz gero, uste duzu aldatuko duela?
Egia esanda, mende erditik gora bizi ostean, Ama Birjinaren birjintasunean ere ez dut sinesten. Politikariek berba asko egiten dute, direnak eta ez direnak agintzen dituzte, eta gero ezer ere ez. Desilusioa eragiten du horrek herritarrengan. Gainera, une honetan AEBetan jada ez dugu ezertan sinesten. Kapitalismo hutsaren ondorioa da, dirua baino ez dugu baloratzen, eta gainontzekoa bazterreko bihurtzen da.
Beraz, ez zenuke Obamaren lehen agintaldiari buruz oso balorazio positiborik egingo...
Itxaropen handia jarri geunen harengan, eta berba ez du bete. Ez du gure kausaren alde egin. Bigarren agintaldian promesak beteko ote dituen?... Nork daki! Herritarrek nahi dutena, eta ez soilik hispanoek, zera da: alderdiek elkarren kontra egin beharrean herrialdeko arazoak konpontzea.
Alderdi Errepublikanoak zergatik erakartzen du hain boto hispano gutxi?
Mitt Romneyk ez ditu gure kausak defendatzen. Immigrazio Legea ez du aldatu nahi, ez du justizia sozial handiagoa nahi, ez du diskriminazioa gutxitzerik nahi. Nik hamabost urte daramatzat irakasle unibertsitatean, eta oraindik ere batzuetan diskriminatu egiten naute ikasleek. «Legez kanpoko etorkinak dira arazo guztien iturburua», esaten du jende askok. Aberats anglosaxoia irudikatzen du Romneyk, hurkoari ez laguntzearren, kasu honetan hispanoei, bere printzipio erlijiosoak baztertzen dituena. Bitxiena zera da, gainera, kristaua izatea dela herrialde honen harrotasunik handiena. Barkatu, baina barregura ematen dit.
David Muñoz. Unibertsitateko irakaslea Arizonan
«Mitt Romneyk ez ditu gure kausak defendatzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu