Guztia prest dago Floridako(AEB) Tampa hirian Alderdi Errepublikanoaren Batzar Nazionalerako. Bihar hasi eta osteguna bitartean, alderdiko pertsonarik garrantzitsuenak ariko dira hamahiru pantaila mugikorrekin osatu duten agertoki erraldoian. Festa giroan, herritarrak konbentzitzen ahaleginduko dira azaroaren 6an egitekoak diren presidentetzarako bozetarako, errepublikanoen alde bozkatu dezaten. Batzarraren azken egunean, hain justu, Mitt Romney ofizialki izendatuko dute presidentetzarako hautagai gisa. Aurreko egunetan, berriz, karismarik gabeko hautagaiaren alderdirik gertukoena eta lagunkoiena erakutsiko dute, sinetsarazteko hautagai hobea dela duela lau urte aldaketa hitza ahoan AEBetako herritarren gehiengoa maitemindu zuen Barack Obama baino.
Besteak beste, Ann Romney hautagaiaren emaztea, Condoleezza Rice Estatu idazkari ohia eta John McCain 2008an presidentetzarako hautagaia izan zena igoko dira oholtzara, jarraitzaileen gogoa berotzeko. Romneyk, berriz, batzarraren azken egunean hitz egingo du.
Etorkizun hobea leloarekin aurkeztuko dira errepublikanoak herritarren aurrean, eta inkestak iraultzen ahaleginduko dira ondorengo lau egunetan —Obamaren alde daude inkestak—. Azken hilabetean, hain zuzen, presidenteak ateratzen dion tartea txikitzea lortu dute, baina Paul Ryan ultrakontserbadorea presidenteorde izateko aukeratu izanak ez dio esperotako bultzada eman Romneyri. Inkestek botoen %44eta %46 artean ematen dizkiote Massachusettseko gobernadore ohiari, eta %47 eta %48 artean, berriz, Obamari.
Muturreko programa
Hauteskunde primarioen ostean, zatitu egin zen alderdia, eta Romneyren inguruan batzeko ere baliatuko dute batzarra errepublikanoek, nahiz eta hautagaiarekin lehian aritu ziren askok nahiago izan duten kanpainatik aldendu. Ron Paulek, Newt Gingrichek eta John Huntsmanek, besteak beste, iragarri dute ez direla Tampan izango Romney babesteko.
Bestalde, hauteskundeetarako programa aurkeztu eta bozkatuko dute errepublikanoen biltzarrean. Iragarri dutenez, alderdiko kontserbadoreenen ideiak gailendu dira programa eztabaidatzeko aste honetan egin dituzte bileretan. Legez kanpoko immigrazioaren aurka borrokatzeko politika zorrotzak babestu dituzte. Mexikoren eta AEBen arteko mugan harresia osatzea proposatu du Kris Kobach Kansaseko Estatu idazkariak, baita enpresariak langileen estatusa ziurtatzera behartzen dituen neurri bat ere. «Bihar lanpostuak sortu nahi badituzu, legez kanpoko immigrante bat ezaba dezakezu gaur», azaldu du Kobachek.
Abortuaren aurkako jarrera ere islatu dute programaren zirriborroan, baina ez dute zehaztu bortxaketen kasuan duten iritzia. Romneyk, baina, hitzeman du Etxe Zurira ailegatuz gero ez duela bortxaketa kasuetan abortua galaraziko, alderdikide Todd Akinek «bortxaketa zilegizkoen» inguruan eginiko adierazpenek herritarren artean sortu duten haserrea baretzeko asmoz.
Obama, kanpaina betean
Presidenteak alderdien batzarrena bezain zaharra den tradizio bat haustea erabaki du: iragarri du kanpaina egiten jarraituko duela Alderdi Errepublikanoaren bilkuraren egunetan. Hain justu, bozak irabazteko giltzarri izango dira Iowa, Colorado eta Virginia, eta hara joango da aste honetan.
Romneyk, berriz, ez du argitu irailaren 6tik aurrera Alderdi Demokratak Ipar Karolinako Charlotten batzarra egiten duen bitartean agendari eutsiko ote dion.
AEB. Alderdi Errepublikanoaren Batzar Nazionala
Mitt Romneyrik gertukoena
Presidentetzarako hautagai gisa ofizialki aurkeztuko dute AEBetako Alderdi Errepublikanoaren Batzar NazionaleanObamak hauteskunde kanpainari eutsiko dio egun horietan, tradizioa hautsita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu