Mladicek berriz ere epaiketa atzeratzea lortu du, aretotik bidaltzea eragin ondoren

Bosniako jeneral ohi serbiarrak Srebrenicako biktimen senideak iraindu eta epaileari kontra egin dio Hagan

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ratko Mladic Bosniako jeneral ohi serbiarrak denbora eskatu zuen duela hilabete Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian, Hagan. Leporatu zizkioten genozidio eta gizateriaren kontrako krimen «higuingarriak» aztertzeko eskatu zuen denbora, eta nazioarteko legediak aurreikusten duen hilabeteko epea eman zion epaileak, bide batez, errudun edo errugabe azaltzeko saioaren epea ere atzeratuz. Orain, hilabetera, berriz ere prozesua atzeratu du, baina, oraingoan, epaileari eta biktimen senideei aurre eginez lortu du asmoa, epaitegitik bota baitute, erakutsi duen jarreragatik. Hitza eman gabe ez hitz egiteko agindu dio Alphons Orie epaileen buruak, eta jaramonik ez egiteagatik bidali dute aretotik, baita Srebrenicako biktimen senideak iraintzeagatik ere.

Mladicek epaitegian egin duen denboran—hogei minutu eskas—, ez du ustez egindakoengatik damu den norbaiten jarrera erakutsi, epaileari aurre egiteaz gainera, senideak ahalik eta gehien mintzen saiatu delako, etengabe keinu iraingarriak eginez. Giro aztoratuan, «kriminal» deitu diote eserlekuetatik, eta Orie epaileak salatik botako duela mehatxu egin dionean ere harrotasunez erantzun dio akusatuak: «Ez itxaron gehiago ni hemendik botatzeko, ez baitut ezer esango konfiantzazko abokatuak jarri arte, eta zeuk ere gauza bera egin behar zenuke: alde egin». Aleksander Aleksic abokatua jarri diote, baina «hura mindu nahi ez» duen arren, gazteegia iruditzen zaio abokatua Mladici. Alexandr Meziaevek eta Milos Saljicek zuzentzen duten abokatuen taldea nahi du bere ondoan.

Aretorik bota aurretik, ordea, Oriek errugabetasun presuntzioa aitortu dio, fiskalak kontrakorik frogatzen duen arte legediak agintzen duen bezala, eta, batez ere, prozesuarekin aurrera egin ahal izateko. Ez dute zehaztu noiz jarraituko duten epaiketarekin.

Biktimen senideak, haserre

Edozein kasutan, aukeraguztiak erabiliko ditu Mladicek prozesua ahal adina luzatzearren, Slovodan Milosevic Jugoslaviako presidente ohiak egin zuen bezala. Epaia jakin aurretik hil zen hura, 2006an. Mladic ere gaixo dago. Minbizi linfatikoa duela esan zuen duela hilabete Saljic abokatuak, eta 2009an kimioterapia jaso zuela, baina gaixotasunaren larritasuna zalantzan jarri du Fiskaltzak, eta Nazio Batuen Erakundeko medikuen azterketen erantzunaren zain dago.

Belgradeko Beltzezko Emakumeak taldeko ordezkariak adi etakezkaz jarraitzen ari dira prozesua, batez ere hartzen ari den itxura ikusita. Stasa Zajovic bozeramaileak salatu du Mladic defentsarik gabe egongo balitz bezala aurkeztu izana, biktima bezala agertzea «borreroaren ordez». Zajovicek eta Srebrenicako biktimen gainerako senideek gogoan dute Milosevic bere kontrako erabakia entzun aurretik hil zela, eta ez dute Mladicekin gauza bera gertatzerik nahi. Epaiketari boikota egiteko trikimailuak erabiltzea joko arriskutsu bilakatzen ari dela uste dute, batez ere «nazionalista serbiarren belaunaldi berrientzat».

Mladicek akusazio larriei aurre egin behar die, 11 karguri zehazki, genozidioagatik —Bosniako Srebrenican hil zituzten 8.000 musulman iheslariren erantzukizuna — eta gizateriaren kontrako krimenengatik —Bosniako garbiketa etnikoagatik, eta baita Sarajevoko setioagatik ere; 12.000 lagun hil ziren, eta 50.000 zauritu—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.