EGIPTO

Mobilizazio erraldoi batera deitu dute gaurko Mursiren eta Anaia Musulmanen aldekoek

Milioi bat lagun elkartu nahi dituzte gaurko protestan, "iraultza eta duintasuna berrezartzeko".

2013ko uztailaren 12a
11:51
Entzun

Hauteskunde Legitimotasuna Babesteko Aliantza Nazionalak (NASEL) deitu du manifestaziora, eta Anaia Musulmanek zabaldu dute mezua; dei egin diete Egiptoko herritarrei "iraultza eta duintasuna berrezartzera" eta, horretarako, gaur Kairora joatera.

"Egiptoko kolpe militarraren erresistentzian" dihardu NASELek, eta Elkar, kolpe militar odoltsuaren kontra izango da manifestazioaren leloa. Hala, protesta batean armadak hildako 51 pertsonak oroitu nahi dituzte.

Adli Mansur presidenteak hala aginduta, Egiptoko trantsizio gobernua osatzeko bilerei ekin die aste honetan Hazem al-Beblaui lehen ministroak, eta estatu kolpe baten ondorioz sortutako gobernuaren "zilegitasuna" nabarmendu nahi izan dute bi agintariek orain arteko adierazpen guztietan.

Herrialdeko egoera "zaila" denez, denbora beharko duela adierazi du lehen ministroak, sail bakoitzeko arduradun nor izendatuko duen aztertu nahi baitu lehenengo. "Ongi egin nahi ditugu gauzak", azaldu du Al-Beblauik.

Egiptoko Konstituzioa baliogabetu eta Mursi bota zuten militarrek hilaren 3an, eta Auzitegi Konstituzional Goreneko buru izendatu zuten behin-behineko presidentea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.