EGIPTO

Mohamed Badhie atxilotu du Egiptoko armadak

Azken ordukoa: Egiptoko armadak Mohamed Badhie Askatasuna eta Justizia alderdiko buruzagia atxilotu du. Adli Mansur Auzitegi Konstituzionaleko buru eta orain Egiptoko presidenteak emana zuen Mohamed Badhie eta Jairat el-Xater Anaia Musulmanen liderrak atxilotzeko agindua. Mursiri herrialdetik ateratzea debekatu diote.

Berria.info
2013ko uztailaren 4a
19:43
Entzun

Anaia Musulmanen buruzagi nagusiak atxilotzeko agindu du Egiptoko Fiskaltzak gaur, eta ebazpen horri jarraiki, Mohamed Badhie Askatasuna eta Justizia alderdiko liderra atxilotu dute segurtasun indarrek. Haren kontrako agindua emana zuen armadak estatu kolpearen ostean, baina, Libya Herald egunkariaren esanetan, Libiara ihes egiten saiatu zen buruzagi islamdarra atzo. Hori dela eta, Emsaadeko muga itxi zuten, eta hantxe atxilotu du gaur Egiptoko armadak. Libiako kazetaren arabera, Awlad Ali tribu beduinoaren laguntza jaso du Badhiek, eta tiroketa izan da gaur tribuko kideen eta militarren artean. Lau beduino hil dira. Mohamed Mursi presidente ohiaren kontrako manifestariak hiltzeko deialdiak egitea leporatzen diete Badhieri eta Jairat el-Xater alderdi musulmaneko buruzagiordeari ere.

Adli Mansur Egiptoko presidente berria da behin-behinean, atzo armadak, 48 orduko ultimatum baten ostean, Mohamed Mursi kargutik kenduta. Ofizialki zabaldu ez badute ere, AFP berri agentziaren arabera, Defentsa Ministerioan dago Mursi, militarren esku, eta haren gobernukideak, berriz, armadak hirian dituen beste eraikin batzuetan. Gihad Hadad Anaia Musulmanen bozeramaileak eman du horren berri Facebookeko bere kontuan.

Anaia Musulmanen alderdi politiko Askatasuna eta Justiziako presidente Saad Katatni atxilotu du armadak. Ez da bakarra: Mohamed Rachad Bayumi Anaia Musulmanen gidari espirituala ere eraman dute, Katatnirekin batera, Kairoko periferian dagoen Torako kartzelara. Horrez gain, Anaia Musulmanen beste buruzagi batzuen bila ari da Polizia, Mena agentzia ofizialaren arabera.

Askatasuna eta Justizia alderdiko presidenteorde Esam al-Arianek Twitter bidez zabaldu duenez, armadarekin gertatua espero zitekeen ondorioa da: "Indar armatuen basakeria areagotu egingo da, eta Barne Ministerioak ukabilaren bidea inposatuko du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.